Igandean «Euskal Herria nor den eta nolakoa den munduari erakusteko» deia egin du EH Bilduk
«Nazio ezberdina garela erakutsiko dugu berriz igandean, bakearen, askatasunaren eta itxaropenaren bandera altxatuz», aipatu du Arnaldo Otegik kanpaina bukaerako ekitaldian. Eta PP zein Voxi mezu zuzena helarazi die: «Berriro irabaziko dugu».
Gasteizko Artiumen jarri dio bukaera bere hauteskunde kanpainari EH Bilduk. Orain Errepublikak hautagaitzaren barruan Europar Legebiltzarrean duen ordezkaritzari eusteko helburuaz gain, ultraeskuinari aurre egiteko konpromisoa berretsi du bi aste hauetan, eta horrekin batera Euskal Herria herri antifaxista eta aurrerakoi bezala Europan agertzeko asmoa ere plazaratu du. Honela laburbildu du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak: «Berriro ere munduari erakutsiko diogu Euskal Herria nor den eta nolakoa den».
«Euskal herritarrok bakearen, askatasunaren eta itxaropenaren bandera altxatuko dugu berriro –ziurtatu du Otegik igandeko egunari begira–. Euskal Herriak PP-Vox garaituko du berriro hautesontzietan», aurreikusi du.
EH Bilduri dagokionez, bestalde, hauteskunde ziklo luze honen amaieran euskal «lehen indar politiko» bezala egonkortzeko aukera ikusten du. Eta zergatien bila jarrita, herria lehenesten duela, eta ez alderdia, txalotu du: «Faxismoa ate joka denean, guk argi dugu: aliantza zabalak eta oinarrizko akordioak, ez besterik».
Hauteskunde bezperetan gustoko dituen erronka bat ere bota du Arnaldo Otegik hitzaldian: Barrena hautatua izango dela ziurtatua dagoen arren (zerrendaren bigarrena izanik), hori «Euskal Herriko botoekin bakarrik lortzea».
«Gorrotatzen duten guztia gara»
Otegik erabilitako kontzeptu baikorrak nabarmendu ditu ere Pernando Barrena hautagaiak bere hitzaldian: «Itxaropena balio gisa dugu eta irribarrea bitarteko gisa». Baina igandea «borrokarako eguna» ere badela erantsi du, «aurrerapenaren eta bakearen aldeko konpromisoen potentzia izaten jarraitzen duen nazio zahar baten lanerako eguna». E9 honetan «etxean gelditzen bazara, Netflix ikusten sofan etzanda, beste batek hartuko du zure tokia», helarazi die balizko botuemaileei.
«Gorrotatzen duten guztia gara», aipatu du Barrenak, gazteek Eibarren bezperan zabaldutako hitzak bere eginez: «Euskal gazteok ez dugu onartuko faxistek, arrazistek, matxistek eta homofoboek gure oraina eta etorkizuna baldintzatzerik». Ekitaldia abiatu duen kantuak mezu hauek guztiak indartzen zituen: «Gu gara ardi beltza/ gu gara kontrakorrontea/ ez dugu pausorik emango atzera».
Bere programaren zenbait gako errepasatu ditu gero hautagai naparrak, gerrak, inbasioak eta armategiak betetzeko ahaleginak bereziki salatuz. Honezaz gain, Estaturik gabeko nazioekin elkarlanean segitzeko borondatea argi utzi du, Euskal Herritik bertatik, «gu ‘zero kilometroko’ ezkerra garelako».
Ruiz eta Herbereetako erromesa
«Herri hau den bezalakoa agertu behar dugu Europan», adierazi du Barrenak, Otegiren ildo beretik. «Gora Euskal Herria Bildu eta gora Euskal Herria askatuta!» oihukatuz lekukoa pasa dio gero Bakartxo Ruizi.
Hau ere Orain Errepublikak-eko zerrendaren kidea da eta anekdota bitxia ekarri du besapean, kanpaina honetan Garraldan gertatutakoa. Jakue Bidea egiten ari zen Herbereetako erromes bat hurbildu zitzaion bere mitina entzun ostean, txundituta, ez baitzuen ulertzen ezkerreko alderdi independentista batek horrelako herri txiki batean eta kanpaina hotz honetan hainbeste jende bildu izana. Ezkerrak Europa mailan eskuina eta ultraeskuinaren aurrean gutxietsia dirudien aro honetan, gizonari harrigarria iruditu zitzaion Garraldan ikusitakoa. Eta Ruizek onartu du «harrotasun» puntu bat sentitu zuela hausnarketa horren aurrean.
Mezu antifaxista, Artxandatik berretsia
Eguerdian, Artxanda mendian gudarien alde eraikitako oroitarriaren aurrean egin du agerraldia Barrenak, EH Bilduren kanpaina ezaugarritu duen mezu antifaxista nabarmentzeko. «Gaur, oroimen leku honetatik, dei bat egiten diegu euskal herritar guztiei: goazen botoa ematera igandean. Gure ahotsa ozen eta argi entzun dadin Bruselan. Bozka dezagun, bada, totalitarismorik gabeko Europa baten alde, gure nazioaren alde eta guztiontzako etorkizun hobe baten alde», esan du.
Ultraeskuinari aurre egitearekin batera, «herrien Europa bat eraikitzeko» helburua azpimarratu du hautagaiak. «Ezin dugu onartu iraganeko itzalak berriro gure gainean jartzea. Gure erantzukizuna da jokoan dena», oroitarazi du.