INFO

Nori gustatzen zaio Europako eredua?


EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaok dioenez, Errusiari ez zaio gustatzen Europako eredua, «non ongizatea eta baloreak diren nagusi». Asteon entzun diot NAIZ Irratian. Ez dakit Errusiari gustatzen zaion Europako eredua; niri, ez. Errusiakoa ere ez (bide batez, Errusia ere Europa da). Ez baita egia ez Europar Batasunean ez Errusian ongizatea eta balioak nagusi direla.

EBren balioek askatasuna eta eskubideak dituzte ardatz. Haren printzipioen arabera, herritarren ongizatea bermatu eta gerrak saihestea du helburu. Baina AEBen eta NATOren esanetara gerrak sustatu eta herritarren ongizatearen aurkako politikak ezartzen ditu. Beraz, esan beharko genuke Europar Batasunari ez zaiola gustatzen Europar Batasunaren eredua.

Esakune (groucho) marxistari jarraituta, EBk badiosku (Ursula von der Leyenen ahotsarekin): «Hauek dira nire printzipioak; baina gustuko ez ditudanez, badauzkat beste batzuk».

«Guk beti defendatu izan dugu Europa indartsu bat izateko Europako armada bat egon behar dela, baina ez gerra egiteko, baizik eta, inguruan gertatutakoa ikusita, defendatzeko», dio Bilbaok. Si vis pacem para bellum (atzera Von der Leyenen ahotsa). Eta NATO? «Hori esanda, bakearen diplomazia ere indartu egin behar dugu. Europa bake proiektu bezala sortu zen». Horregatik prestatu behar du gerrarako.

Bi urte pasa dirau Ukrainako gerrak; bai, Ukrainaren inbasioak. Hura hasi eta hilabetetsu igarota, akordio bat iritsi zuten Turkian maila handiko ordezkariek. Haietako bat Errusiako Kanpo ministro Sergei Laurov zen; bestea, haren homologo ukrainar Dmytro Kuleba. Egun batetik bestera, baina, akordioaren arrastoa desagertu eta Butxa hiriko sarraskiak ordeztu zuen hedabideetan. Ez dago batere argi nork eragin zuen sakaila hura, errusiarrek, ukrainarrek edo biek.

2022ko otsailaren 28an, gerra hasi eta lau egunera, Ukraina eta Errusia elkarrizketan hasi ziren Bielorrusian. Martxo amaierarako inork ez zuen zalantzarik egiten bake akordioa iristear zegoela. Inork ez zuen kontrakorik esaten, alegia. Zerk eragotzi zuen?

Gerora argitaratutako txosten batzuen arabera, aldeak akordio bat lortzetik gertu egon ziren, baina ez zuten lortu mendebaldeko herrialdeak aurka zeudelako eta arestian aipatutako gerra krimenak aurkitu zituztelako. 2022ko maiatzean, “Ukrainska Pravda” egunkari ukrainarrak jakinarazi zuen Putin apirilean Zelenskirekin biltzeko prest zegoela, baina Boris Johnsonek, Erresuma Batuko lehen ministroak, presidente ukrainarra bisitatu eta ez zela bilerarik izan. Putin presionatu egin behar zela esan zuen Johnsonek, berarekin negoziatu beharrean. Hedabide hori Zelenskyren aldeko ez izatearen susmagarri bada ere, Naftali Bennettek, garai hartako lehen ministro israeldar eta Zelenskyk eskatuta -AEBen, Frantziaren eta Alemaniaren baimenarekin- Ukrainaren eta Errusiaren arteko bitartekaritza lanetan ibiliak, 2023an esan zuen bi aldeek nahi zutela armistizioa, baina mendebaldeko herrialdeek blokeatu egin zutela. Hara EBren «bakearen diplomazia», betiere AEBen mendekoa.

Honetara ezkero, zer ongizate eta zer balio daude EBn arriskuan? •