INFO

Genero arrakala ez da desagertuko 134 urte barrura arte

Genero arrakalari buruzko txostena plazaratu berri du Munduko Ekonomia Foroak. Argigarriak dira azterlanak jasotako datuak; haietan oinarrituta ondorioztatu dute adituen erabateko parekidetasuna ez dela 134 urtera arte lortuko munduan.

Manifestazioa Bilbon, A25a dela eta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Munduko Ekonomia Foroak urteroko txostena argitaratu berri du genero arrakalari buruz. Mundu mailan %68,5koa da genero parekidetasuna, azterlanak argitara atera duenez, iazkoaren ia berbera. Eboluzioak erritmo hau mantenduko balu, 134 urte barrura arte ez litzateke mundu mailan genero parekidetasuna lortuko, ikerlariek ondorioztatu dutenez.

146 herrialdetako datuak aztertu dituzte txostena ontzeko, iaz baino hiru gehiago, baina antzekoak izan dira mundu mailako datuak, herrialdez herrialdekoak aldatu badira ere. Horrela, aztertutako estatuen %97k lortu dute arrakala %60ra hurbiltzea, 2006an %85ek soilik lortu zuelarik.

Islandia da aztertutako herrialderik parekideena, txostenaren arabera, parekidetasuna %93,5ekoa baita bertan, eta aurtengo rankinean lehen postua eskuratu du. Frantziar eta espainiar estatuen artean ez dago desberdintasun handirik, %78,1eko parekidetasun maila eta %79,7koa aitortu baitizkiete, hurrenez hurren. Deigarria da, ordea, biek ala biek rankinean izan duten gorakada. Izan ere, frantziar Estatua 22. postuan dago aurten, iaz baino 18 toki gorago; espainiar Estatua, halaber, hamargarren lekuan dago, hots, iaz baino 8 postu gorago.

Mundu mailan, alde handia dago esparru batetik bestera. Horrela, osasun eta biziraupen arrakala ia ezabatuta dagoen artean, ahalduntze politikoaren alorrean desberdinkeria guztiz agerikoa da.

%96koa da parekidetasun maila osasun eta biziraupen alorreko arrakalari erreparatuz gero, eta aztertzaileek ezin izan dute ondorioztatu zenbat denbora barru lortuko litzatekeen erabateko parekidetasuna, gorabehera gutxi izan baitute datuek azken urteetan. Aldiz, zehaztu ahal izan dute hezkuntza arrakala hogei urte barru desagertuko dela, eboluzioak egungo erritmoa mantenduz gero. Izan ere, esparru honetan %94,9koa da parekidetasun maila, azken 18 urteetan 4,2 puntu igo delarik.

Bi esparruotan datuak itxaropentsuak badira ere, bestelakoa da egoera gainontzekoetan. Parte-hartze eta aukera ekonomikoetan %60koa da parekidetasuna, azken 18 urteetan 4,8 puntu igo delarik. Horrela, 152 urte barru lortuko litzateke alor honetan arrakala ezabatzea.

Are okerragoa da ahalduntze politikoaren esparruko arrakala, parekidetasun maila %22,5ekoa baino ez baita, nahiz eta igoera azkarragoa izan duen beste alorrek baino, azken 18 urteetan 8,3 puntu igota. Adituen aburuz, ahalduntze politikoaren esparruan 169 urte barru desagertuko da genero arrakala.

Eskualdeka

Eskualdeen arteko aldea txikia bada ere, lehenetik zortzigarrenera hamar puntutik beherako tartea baitago, rankina osatu dute aztertzaileek. Europa dago lehen postuan, %75eko parekidetasun mailarekin eta gertutik jarraitzen dio Ipar Amerikak, 0,2 puntu gutxiagorekin. Hirugarren postuan, bigarrenari 0,6 puntuko aldea aterata, Hego Amerika eta Karibe daude.

Laugarren postua eman diete Hego Asiak eta Ozeano Bareak osatzen duten eskualdeari, %69,2ko parekidetasun maila aitortuta, eta bosgarrena Erdialdeko Asiari, 0,1 puntu gutxiagorekin. Seigarren tokian Saharaz Hegoaldeko Afrika dago, %68,4ko tasarekin. Zazpigarren eta zortzigarren lekuak Hego Asiari, eta Ekialde Hurbila eta Afrika Iparraldeari eman dizkiete, %63,7ko eta %61,7ko tasak baitauzkate, hurrenez hurren.