INFO

Gure Eskuk bideo maratoi bat egingo du, «subiranotasuna eta nazio aitortza erdigunean kokatuz»

Ekimen berri bat jarri du abian Gure Eskuk: bideo maratoia. Herri aitortza aldarrikatzeko unea dela uste du eragileak, eta hori herriz herri grabatutako bideoen bidez egiteko ekimen parte hartzailea jarri du martxan. Azaroaren 16an izango da egun handia, hiriburuetan ekitaldiak egingo dira.

Gure Eskuk ‘Bagara’ ekimena aurkeztu du, bideo maratoi erraldoi bat. (Jagoba Manterola | FOKU)

«Herri gisa koxka bat gorago jartzeko unea da» Gure Eskuk asteazken goiz honetan azaldu duenez, eta hausnarketa hori egin ostean dinamika berri baten berri eman dute: ‘Bagara’ bideo maratoia. Josu Etxaburu bozeramaileak azaldu duenez, «bideo kate erraldoi» bat egitea izango da helburua herriz herri grabatutako bideoekin, eta azaroaren 16an online bidezko zuzeneko batekin erakutsiko dute.

«Ariskuz eta aukerez betetako uneak» dira egungoak Etxabururen esanetan: «Eskuin muturraren gorakada Europa osoan, burujabetzaren aurkako oldarraldi jarraituak, autoritarismoaren indartzea, krisi anizkoitzak…». Baina aldi berean, abagune baten aurrean dagoela Euskal Herria azaldu du: «Espainian gobernu aurrerakoi bat dago, indar subiranisten beharra duena euren sostengurako.  Horrek aukera eman dio bide berriak esploratzeari». Amnistiaren legea edota lurralde auziaren inguruan eztabaida zabaltzeko aukera jarri dituzte adibidetzat.

Etxaburu ilusioz eta argi mintzatu da: «Aurrerapausoak emateko unea dela deritzogu, subiranotasuna eta herri edo nazio aitortza erdigunean kokatuz, herri gisa koxka bat gorago jartzeko. Herri gisa lorpen batzuk eskuratzeko unea da. Horri erantzun nahi dio Herri Libre Bat kanpainak».  Eta hausnarketa horretatik abiatuz, Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta eragile ezberdinek biltzen ari direla kontatu dute egitasmo berriari bide emateko.

‘Bagara’ ekimena da abian jarriko dutena: «Gure herriaren nondik norakoak, zirrikituak eta berezitasunak erakustea izango du helburu. Euskal Herriko herri bakoitza jarri nahi dugu martxan, taldeena rteko elkarlana sustatuz gurekin bat egin dezaten eta hala gure herria irudikatuko dugu, bat garela eta bagarela ikusaraziko dugu».  Tokian toki, bakoitzak bere berezitasunak bilduko dituela bideo batean argitu du Etxaburuk, eta Euskal Herriarekiko loturaz edota herriari egiten dion ekarpenaz hitz egingo duen bideoak izango direla azaldu du. «Herritarren artean grabtuko da, ilusioa eta sormena oinarri izanez eta elkarlanean beti ere», kontatu du.

Herrietako eragile, talde, norbanako eta abarrei bideomaratoia@gureeskudago.eus helbidearekin harremanetan jartzko eskatu diete, «zure herria zerk egiten duen berezi» zehaztuz.

Azaroak 16

Bideo guztiak elkartu eta kate bat osatzeaz arduratuko da Gure Esku, eta kate hori azaroaren 16an argitaratuko da. «Goizaldean hasi eta gaualdean amaituko den online zuzeneko batean bilduko dugu herri guztietan egindako lana», argitu du Etxaburuk, eta bideoak online ikusteko aukeraz gain, presentzialki elkartzeko tokiak ere egongo dira; Donostia, Baiona,Gasteiz, Bilbo eta Iruñean hain zuzen ere.

«Maratoia hibridoa izango da» azaldu du, goizeko 9.00etan hasi eta hamarrak bitarte herrietan egindako bideo batzuk emitituko dira, 10.00etatik 11.00etara Baionan egingo den ekimena emitituko da, eta ondoren herrietako bideo gehiago ikusiko dira.

Aurreratu dute hiriburuetan ekimen kulturalak egingo direla, eta jada horietako biren berri eman dute: Historia Oroituz Antzeki Elkarearen ‘Orreagatik Iragan Hurbilera’ izeneko antzerkia batetik; eta bestetik, Ereintza dantza taldearen eskutik ‘Gu Agustina’ ikuskizuna.

Ekimen parte hartzailea eta sortzailea izatea nahi dutela adierazi dute: «Euskal Herriko herri guztietara irekita dagoen bat da. Jendea animatzen dugu bere irudimena astintzera eta bideo-kate honen parte izatera, Euskal Herri anitz eta zabalaren parte sentitzera, Euskal Herria, bere osoasunean irudikatzera».