INFO

2024ko Kilometroak-eko abestia, Skapaie Elektrotxarangaren eskutik

2024ko Kilometroak-eko jaiaren leloa, ‘Izpiz izpi’, izenburu harturik, Skapaie Elektrotxarangak konposatutako abestia, ska erritmo alai eta dantzagarriekin, aurkeztuko dute ostiral honetan Azpeitiko Ikasberri Ikastolan.


Aurtengo Kilometroak-eko abestia, ‘Izpiz Izpi’, 2022an Azpeitian sortutako Skapaie Elektrotxarangaren eskutik egindakoa da. Ostiral honetan aurkeztu dute, jada urrian egingo den festa handiari begira jarrita.

Antolakuntza batzordeko kide den Olatz Pratek azaldu du, «kantua nork egin zezakeen pentsatzen hasita, zalantzarik ez genuen izan; Skapaiek. Nork bestela?». Erantsi duenez, «gazte alai eta jatorrak, euskaldunak, talentudunak, konprometituak, Ikastolan eta herrian ezagunak, baldintza denak betetzen zituzten, eta gure zorionerako, baietz esan ziguten».

Bideoklipa eta abestia

Aurtengo abestiaren hitzetan zein iruditan hiru ardatz bildu nahi izan dituzte: euskara, aniztasuna eta herrigintza. Horrela, urtarrilean eman zien Gorka Artolak, Kilometroak-eko koordinatzaileak, kanta egiteko ardura eta berehala jarri ziren lanean buru belarri.

Kideek azaldu dutenez, «Lantz izan da taldeko ardatza zeregin honetan. Doinutik hasi ginen, Lantzek hainbat proposamen ekarri zituen eta instrumentuekin hainbat froga egin ostean, apurka-apurka forma ematen joan ginen musikari, kantaren egitura gutxi gorabehera zehaztuta utzi arte».

Ondoren Kilometroak honen ardatzetatik abiatuta, letra osatzen joan ziren pixkanaka- pixkanaka, kantaren hitzek jasotzen dituzten ideia nagusiak euskara, auzolana, berdintasuna eta hezkuntza izanik.

Herrigintza izanik aurtengo Kilometroetako gakoetako bat, antolatzaileek hasieratik lehenetsi zuten bideokliparen grabaketa ere bertan egitea. Hala, Kulturaz Kooperatibako kideei proposamena eginda, martxan jarri zen lantaldea.

Maiatza eta ekaina bitartean grabatu ziren irudiak, eta ikastolako komunitateaz gain, parte hartu dute herriko eragile eta ezagun ugarik ere. «Azpeitia herri saretua da oso eta hori erakutsi nahi genuen bideoan. Ikastola sare horretan kide bat gehiago da, eta beste eragile batzuek hainbatetan egin duten bezala, kasu honetan, guri egokitu zaigu nolabait beste eragileak gurera deitu eta bilgune izatea», azaldu du Pratek.

Izarraitzeko Atea parkean grabatu ziren bideoklipeko irudi nagusiak. Skapaiekoek azaldu dutenez, «emozioz betetako eguna izan zen, baina urduritasun puntu bat ere bagenuen». Behin sabeleko azkurak baretuta, «guztia ederki joan zela esan daiteke. Jende pila bat gerturatu zen grabaketara eta guztion artean giro itzela sortu genuen bertan» aitortu dute.

Skapaie Elektrotxaranga

Skapaie Elektrotxaranga, 2022an sortu zen Azpeitiko Sanjuandegi auzoko jaietan. Izan ere, azken urteetan festetan jo izan zuten txaranga falta zen. Horrela, Carrizo anaiei, Juleni eta Alexi, bururatu zitzaien euren elektrotxaranga bat muntatzea. Lantz Unanuei ere, amua bota eta hark proposamenari kosk egin zion. Bi anaiak, Udal Musika Bandako kideak dira eta baita Lantz Unanue ere. Horrela eman zioten hasiera Skapaie Elektrotxarangari.

Gaur egun, 10 kidek osatzen dute taldea: Julen Carrizo (saxofoia), Alex Carrizo (tronpeta), Lantz Unanue (ahotsak eta tronboia), Lur Iurrebaso (ahotsa), Janitz Larrañaga (gitarra), Julen Briz (baxua), Enaitz Zubizarreta (perkusioa), Joritz Galarraga (perkusioa), Jon Martinez (tronpeta) eta Markel Aranburu (tronpeta).

Kide gehienak Ikasberri Ikastolako ikasle ohiak dira, kideetako bat irakasle ere bada gaur egun Ikastolan. Taldeko kideen hitzetan, «erronka polita izan da guretzat kantu hau egitea, izan ere, kide garen beste talde batzuetan kantuak egiten ditugun arren, ‘Izpiz Izpi’ da Skapaiek talde bezala sortu dugun lehena».

Aipatzekoa da, ikastolako kideek azaldu dutenez, abestiaren egileak elektrotxaranga bat izateak abantailak izan dituela, izan ere, taldeak bere baitan jende asko biltzen bait ditu. «Taldea izan da, nolabait, gure eguzkilorearen erdigunea, eta haien bueltan bildu diren pertsonek irudikatzen dituzte hostoak, globo gorri, urdin eta berdeak astinduz, gure logoaren hiru kolore-ardatza harturik, euskara, aniztasuna eta herrigintzarenak». Nabarmendu dute, gainera, udan hara eta hona dabiltzan heinean, ‘Izpiz izpi’ ere hala ibiliko dela, Euskal Herriko herri eta auzoetan barna.

Kilometroak urtearen azken txanpa

Honekin batera, Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak Azpeitiko Ikasberri Ikastolak lekukoa jaso zuenetik hona egindako bidea txalotu du, «aukeratutako mugarriek bete-betean asmatu dute Kilometroen eta ikastolen jomugekin, Euskaraz, herritik eta herrira auzolanean egindako jarduna zalantza gabe».

Berak azpimarratu duenez, «gaur, beste mugarri berezi batek bilduko gaitu hemen: Kilometrotako kanta eta bideokliparen aurkezpenak. Zer da ba Kilometroak kanta gabe? Gaur aurkeztutako kanta eta bideoklipa bidelagun paregabeak izango dira gelditzen den azken txanpa honetarako indarrak emateko, eta urriaren 6an doinu alai eta dantzagarriekin ikastola eta herria izpiz-izpi argituko dira!».