Zinema zinemetan
Sarritan irakurtzen ditut Pau Brunet kazetari eta zinema ekoizleak sareetan zabaltzen dituen ikus-entzunezkoen inguruko datu eta analisiak. Egunotan argitara eman duen batekin bereziki poztu naiz: «2024ko lehen hilabeteotan, hiriko zinema-aretoek gorakada izan dute ikusle kopuruari dagokionez».
Azken asteotan maiz irakurri dugu aretoetan ikusle gutxiago dagoela, eta hori hala da, baina lerroburu horri ñabardura bat gehitzea falta zaio: ez da estreinaldi komertzial handirik egon. Horren aurrean, kaltetuenak merkatalguneetan egon ohi diren zinema-kate erraldoi horiek izan dira.
Ustezko egoera dramatiko horren aurrean ‘hau zinemen amaiera da’ aipatu dute askok. Zorionez, hori ez da horrela eta horren erakusgarri hirietako zinema-aretoetako datu bikainak. Estatu espainiarreko datuak eman ditu Brunet-ek eta oro har duela urtebete baino sarrera gehiago saldu direla dio. Euskal Herriko datuei dagokienez, Donostiako SADE zinemen kasua aztertu du soilik: 2023ko datuekin alderatuta murrizketa txikia egon den arren, honek badu azalpen argi bat, iazko ‘Irati’ edota ‘20.000 erle-espezie’ euskal izenburuen faltagatik izan da.
Horiei esker datuak bikainak izan ziren. 2023ko zifra berdinak edo zertxobait txikiagoak izan badituzte ere, hiriguneetatik urrunago dauden zinema-gune komertzialago batzuekin alderatzen badira, oraindik ere sendoak dira.