INFO

Aitortza eta esker ona Euskal Herriko periferian diharduten ikastolei

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak aitortza egin nahi izan die Euskal Herriko periferian, beste lurraldeekiko mugan lanean ari diren ikastolei, tartean Oiongo San Bizente ikastolari.

Iragan den martxoan Beskoitzeko ikastolan egindako «Non eta Mugan» ekitaldia. (Guillaume FAUVEAU)

Ikastolak Herriari egitasmoan, “Non eta Mugan” ekitaldi hunkigarria egin zuten iragan den martxoan Beskoitzen (Lapurdi). Haren bidez Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak aitortza egin nahi izan die Euskal Herriko periferian, beste lurraldeekiko mugan lanean ari diren ikastolei, euskara eta euskal kultura inguru horietan bultzatzeko egiten duten ahalegin eta ekin apartagatik.

Omenaldia jaso zutenen artean dago Oiongo San Bizente ikastola, baina baita Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde Ikastola, Vianako Erentzun Ikastola, Tuterako Argia Ikastola, Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola, Sohütako Eperra Ikastola eta Beskoitzeko Ikastola bera ere.

Ekitaldi hartan, Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak azaldu zuen aipatu ikastola horiek oztopoz betetako ibilbidea egin behar izan dutela gaurdaino, bide oso aberasgarria ere izan dena. Ibilbide horrengatik esker ona adierazi eta aitortza egin nahi izan die elkarteak. Izan ere, lege babes eskasarengatik edo egoera soziolinguistiko konplexuarengatik, euskararen egoera apala da Euskal Herriko txoko ugaritan. Halatan, Euskal Herriko periferian diharduten ikastolei berriki egindako aitortza horren helburua da, euskara eta euskal kultura lantzeari dagokionez, leku horietan ari diren ikastolak ezinbesteko eragileak direla aldarrikatzea, baina baita ikastola horien berebiziko esanguraz ohartaraztea ere.

EGOERA LARRIA BESKOITZEN

Aitortza ekitaldia, esan bezala, Beskoitzen ospatu zen eta bertako ikastolako kideei zuzendutako babes erakustaldia izan zen. Lapurdiko herri horretako ikastola egoera larrian dago gaur egun, Udala traba eta oztopo franko jartzen ari delako azkenaldian. Horren adibide da, konparazione, 2023ko irailean Fabienne Ayensa auzapezak ikastola berria eraikitzeko baimena ukatu izana.

Ikastolak salatu duenez, proiektu horren lehen unetik aurrera egiteko zailtasunak eta negoziatutako irtenbide bat aurkitzeko ezintasuna izan omen dute une oro, eta ikastola horretako ikasleek eraikin prefabrikatuetan jarraitzen dute eskolak jasotzen.

Orain hilabete gutxi egindako adierazpenetan Beskoitzeko ikastolako ordezkariek nabarmendu zuten administrazioek, bereziki Herriko Etxeak, euskara eta ikastola ito nahi dituela. Horrenbestez, Beskoitzeko Ikastolako lehendakari den Cyril Fesquinek esan zuen negoziazioak etenda daudela eta borondatea falta dela alkatearen eta Udal gobernuaren aldetik, egoerari aterabide egoki bat emateko. Gainera, ikastolako kideak ohartarazi dituzte orain arteko ikastolaren eremuko lurrak utzi beharko dituztela ikasturtea bukatu bezain laster, Herriko Etxeak hala erabakita.

INPLIKAZIOA ETA EKARPENA

Kontuak horrela, Oiongo San Bizente ikastolako ordezkariak ez ziren Beskoitzen ospatutako ekitaldian falta izan, eta haien ekarpena egin eta bertako ikastolako kideei sostengua adierazi nahi izan zieten. Arabako Errioxako ikastola horretako zuzendari Arturo Lopez de la Callek azpimarratu zuen gisa horretako ekitaldiak guztiz beharrezkoak direla. Horrekin batera, adierazi zuen Euskal Herriko ikastola guztien bideragarritasunaren gaiari irtenbidea eman behar zaiola, eta horretarako beharrezkoa dela eragile horien guztien inplikazioa eta ekarpena.

Azkenik, aurten Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia antolatuko duen Azpeitiko Ikastolako kideak ere izan ziren ekitaldi horretan eta Kilometroak 2024ko logoa irudikatzen duen eskuz egindako eguzki-lorea oparitu zieten. Horren bidez, landare horren hosto guztiak desberdinak eta denak beharrezkoak direla eta ikastola horietatik euskararen haziak aterako direla adierazi nahi izan zuten.