Espainia eta Frantziako selekzioei publikoki uko egingo die Euskal Herriko hainbat pilotarik
Euskal Herriko hainbat pilotarik agerraldi bat egingo dute datorren hilaren 29an, Hendaian, Espainia eta Frantziako selekzioei uko egingo diela publikoki helarazteko. Bertan, gainontzeko pilotarien babesa ere eskatuko dute.
Datorren ekainaren 29an, Euskal Herriko zenbait pilotarik agerraldi bat egingo dute Hendaian, Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan. «Euskal Herriko pilota selekzioa orain» lelopean, beraien erabakiaren berri emango dute; Espainiako eta Frantziako selekzioei uko egiten diela, alegia.
Ofizialtasunaren bidea ez aurrera ez atzera dago. Pasa den urtean Nazioarteko euskal pilota Federazioan (FIPV, gaztelerazko siglengatik) estatutu-aldaketa proposatu zuen euskal erakundeak baina hautsak zeharo harrotu zituen. Espainiako Federazioko presidente Julian Garcia Angulo eta nazioarteko Xavier Cazaubonen artean ika-mika hauspotu zen. Azkenean, ez zen bozketara eraman estatutu aldaketa –babes falta zegoelako– eta zuzendaritza taldea kargugabetu zuen Cazaubonek.
2026an Argentinan jokatuko da pilotako Munduko txapelketa eta 2030ean, Bizkaian lehiatuko da. 2022an, Biarritzen, Espainia eta Frantziaren selekzioekin lehiatu behar izan zuten euskal pilotariek. Paradoxa hori saihestea izan beharko luke lehentasuna Euskal Pilota Federaziokoentzat, Euskal Herrian lehiatzen denerako, behintzat, ofizialtasuna bermatua egotea. Oraingoz, baina, prozesu guztia etenda dagoenez, kalean aldarrikatzen jarraitzea ezinbestekoa izango da.
Horregatik, hain zuzen ere, funtsezkoa izango da Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mungimenduak datorren ekainaren 29ko agerraldia, berriro ere sua berpiztu eta eskumenak dituzten agintariei urratsak ematera bultzatzeko.
Estatu espainoleko Kirol Legea
Jada igaro da urte bat baino gehiago Espainiako Kongresuan Kirolaren Lege berria onartu denetik, zeinetan lurraldean historikoki errotutako kiroletan Euskal Selekzioaren ofizialtasuna egingarri izango zela ziurtatu zuen EAJk, PSOErekin batera lege berri horren zuzenketak txertatu zituenean. Garaipentzat saldu zen, pilota eta surfaren kasuan Euskal Selekzioa nazioartean lehiatzen ikusiko genuela esanda.
Zuzenketa horiek onartu zirenetik, kasik bi urte igaro diren honetan, gauzek bere horretan jarraitzen dute. Gainontzeko kiroletan Euskal Selekzioa nazioartean lehiatzen ikustea utopia bat dirudi eta pilotaren kasuan ere irekitako ateak kolpez itxi direlako, tartean Espainiako Federazioak bere beto eskubidea erabilita.