INFO

Haira Aizpuruak hirugarrenez jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela

36. Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa jokatu zen larunbatean Arantzan. Haira Aizpuruak jantzi zuen txapela, eta bigarren Nahia Etcheverryk egin zuen, Jose Luis Sukiak jantzi zion txapela irabazleari eta txapeldunordeari Ainhoa Urienek eman zion oroigarria Bertsozale Elkartearen izenean.

Haira Aizpurua txapelduna eta June Aiestaran amaierako agurra kantatzen. (Bertsozale Elkartea)

Iragan den larunbatean jokatu zen 36.Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketa eta Haira Aizpurua saratarrak jantzi zuen txapela eta txapeldunordea Nahia Etcheverry izan zen. 250 bertsozale elkartu ziren Arantzako frontoian, eta Jose Luis Sukiaren eskutik jantzi zuen txapela Aizpuruak.

Hamaika bertsolari aritu ziren kantuan, herrialde bakoitzaren ordezkariak bilduz. Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia; Baxe-Nafarroatik: Nahia Etcheverry; Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga; Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga; Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Ainhoa Larretxea aritu zen aurkezle eta gai-jartzaile; epaile lanak, berriz, Ainhoa Arregi, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltzak egin zituzten.

Ohi bezala, hasierako agurrak kantatu ondoren, finalaren lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak binaka; horietatik sei sailkatu ziren bigarren zatira: Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, June Aiestaran, Joanes Azpillaga. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kanatu behar izan diote sei horiek.

Azkenerako, Haira Aizpuruak eskuratu zuen txapela eta amaierako agurrean kolektiboaren beharra azpimarratu zuen, azken puntuan June Aiesteranekin batera kantatuz: «Muxu bat hurbilekoei/ gibelekoei beste bi/ oholtza hau erosoago / bihurtu duzueneri/ oilanda izan nahi dugu/ ez dugu izan nahi azeri / zutabeak behar dira/ ez izateko zailegi / ez dugu neurtu gaitzaten/ kantatzen, eta gaitzerdi/ nahiago dugu urratsak/ egin erdi eta erdi / garai gazi gozo hontan/ nahi baldin badugu segi/ elkarri eskutik emanda/ egin dezagun igeri».

100 bertsolari gazte

Eskolarteko txapelketa ez da egun bakarrera mugatzen, ordea. Urte hasieratik ekainera bitarteko bidea izaten da, ia ehun bertsolari gazten hartu dute lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsola txapelketa, eta aurtengoan Arantzako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.

Elkarteak adierazi duenez 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea ditu helburu Eskolartekoak. «Tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez», gaineratu du Bertsozale Elkarteak.