22 hizkuntza eragilek eskuin-muturraren aurka mobilizatzeko deia babestu dute
Euskal Konfederazioak bultzaturiko adierazpena babestu duten Ipar Euskal Herriko 22 hizkuntza eragilek «eskuin-muturreko alderdien aurka karrikan zein hautestontzietan mobilizatzera» deitu dute.
«Eskuin-muturraren mehatxuaren aitzinean» Ipar Euskal Herriko hizkuntza eragileen adierazpena plazaratu du ostegun arratsalde honetan Euskal Konfederazioak. Orotara 22 hizkuntza eragilek babestu dute «eskuin muturreko alderdien aurka karrikan zein hautetsontzietan mobilizatzera» dei zehatza egiten duen adierazpenak.
Agiri horren hasieran oroitarazi dutenez, Europako azken hauteskundeetako emaitzak ikusirik Emmanuel Macron presidente frantziarrak Asanblea Nazionaleko bozak iragarri zituen ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako. Erabaki horren ondorioz, nabarmen dute, «eskuin-muturra ez da sekula Frantziako Estatuan boterea hartzetik hain hurbil izan».
«Guretzat, euskararen transmisioan, erabileran eta sustapenean lan egiten dugun Ipar Euskal
Herriko erakundeontzat, perspektiba hori onartezina da», adierazi dute egoera horren aurrean.
«Balio demokratikoei, humanistei, solidarioei eta aurrerakoiei lotutako egitura gisa» haien burua aitortu ondoren, «Euskal Herrian eta mundu zabalean hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko» eta «gurea bezalako hizkuntza komunitate gutxituen hizkuntza eskubideen alde» lan egiteko konpromiso bikoitza berretsi dute.
Ildo beretik, «euskarari etorkizun duina eskaintzeko lanean jarraitzeko» asmoa adierazi dute Euskal Konfederazioak sustaturiko adierazpenari sostengua eman diote eragileek.
«Euskararen alde eramaten dugun lana, ez dugu iragan idealizatu baten izenean egiten, baizik eta guretzat eta biharko belaunaldientzat etorkizun hobea eraikitzeko, non eta euskara inklusio, komunikazio eta kultura tresna izanen den biztanle guztientzat, edozein izanik ere beren jatorria», gaineratu dute. «Jendartean hedatzen ari diren ideia xenofobo, baztertzaile eta zatitzaileen aitzinean» haien arrangura ere azaleratu dute.
Eskuin-muturreko alderdiek proposamenak haien egituretan jorratzen dituzten baloretatik antipodetan direla argituz, adierazpenaren sinatzaileek (*) «lehentasun absolututzat» jo dute aipaturiko indar politikoak «ez daitezela sekula boterera iritsi».
«Adostasun soziopolitiko sendoak behar ditu euskarak»
Euskararen garapenak «adostasun soziopolitiko sendoak» «lurralde-hizkuntzen transmisioa, erabilera eta balorizazioa erreztuko duen Konstituzio aldaketa» eta «lege koadro berria» behar dituela adierazi dute. Bestalde, haien lana duintasunez egin ahal izateko baliabideak galdegin dituzte euskara eragileek.
Adierazpenaren bukaeran, elkarbizitza hobetzen laguntzeko engaiamendua baieztatu duten eragile horiek dei bikoitza egin dute, alde batetik, «Euskal Herriko herritarrak mobilizatzera eta eskuin muturreko alderdien aurka karrikan zein hautetsontzietan mobilizatzera» deituz, eta bestetik, Euskal herriko erakundeei «jendarte inklusiboago, solidarioago eta euskaldunago baterako lanean segitzeko» eskaera luzatuz.
(*) Izenpetzaileak: AEK, Artetxea, Bai euskarari, Basaizea, Bertsularien lagunak, Biga Bai, Euskal Hedabideak, Euskal Moneta, Euskara Geroan, Gogaide, Ikusi & Ikasi, Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea, Jakinola, Konkolotx, Mintzaian, Mintzalasai, Ote Lore, Plazara, Seaska,
Uda Leku, Urzaiz eta Zabalik.