Elkartasun argazkiak, euskal eskoletatik Palestinara: «Gure haurrak ere badira»
«Palestinako haurrak gure eskoletan ere gogoan». Ideia horrekin, Gure Haurrak Ere Badira dinamikak Euskal Herriko eskoletan elkartasun argazkiak antolatu ditu.
Gure Haurrak Ere Badira dinamikak ostegun honetan ekimen bateratu bat antolatu du herrialdeko ikastetxe guztietan, hezkuntza-komunitateek haurrei, nerabeei eta, oro har, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko aukera izan dezaten. «Israelgo estatu sionistak genozidioa etengo ez duela» jakitun, datorren ikasturtean mobilizazioak errepikatuko dituztela aurreratu dute dagoeneko.
Palestinan erailtzen ari diren haurrak #Gurehaurrakerebadira-la diogu eta horrek konpromisoz betetzen gaitu. Gaur, hamarnaka ikastetxetan ekimen bat egin dugu. Hezkuntza komunitatea bildu eta argazkien bidez #Palestina-ko haur zein herriari gure elkartasuna helarazi diegu.
— Gure haurrak ere badira (@GureHaurrak) June 20, 2024
👇📸 pic.twitter.com/n4vEMyXia4
«Palestinan azken hilabete dramatiko hauetan gertatzen ari denak hunkituta gaitu. Haur eta nerabeen sarraski bortitzaren aurrean bihotza uzkurtuta daukagu eta adostasun adierazpen baten inguruan elkartu gara. Gure begietatik sortzen diren amorruzko malkoak genozidio hau gelditzeko indar bihurtzea nahi dugu», dio dinamikak. Eta zentzu horretan, indarra eta elkartasuna pilatzeari ekin diote.
Durangoko Kurutziaga ikastolak, adibidez, asteazkenera aurreratu zuen elkartasun argazkia. «Palestinako haurrak gureak ere badirela adierazi nahi izan dugu elkartasun ekintza honen bidez Kurutziaga ikastola ekimenaren deialdiari jarraituz. Sarraski hau gelditu behar da lehenbailehen palestinar umeek etxean eta kalean jolastu dezaten, eskolan ikas dezaten, beldurrik gabe hazi daitezen… Bizi daitezen!», adierazi dute ikastolaren webgunean egindako idatzian.
‘Gure Haurrak Ere Badira’ manifestuak Euskal Herri osoko 160 guraso elkarte eta ikastolen komunitateren babesa jaso du, baita ikastolena, EHIGErena eta ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CNT eta ESK sindikatuena ere.
Mitxel Elortza irakasleak Gasteizko San Martin eskolako hezkuntza komunitatearen argazkia partekatu du.
San Martineko hezkuntza komunitatea Palestinarekin ❤️🇵🇸
— Mitxel Elortza Exea (@Gasteiztar1) June 20, 2024
Gure haurrak ere badira!! pic.twitter.com/ZN3pF6x4Ry