INFO

‘Gorriren autobiografia’, Joxe Mari Berasategik euskarara ekarritako Anne Carsonen nobela

Greziar mitologia XX. mendeko Ameriketara eraman zuen Anne Carsonek eta orain euskarara ekarri du Joxe Mari Berasategik ‘Gorriren autobiografia’ liburuan. 

Ezkerretik eskuinera, Kultura sailburuordetzako Joxean Muñoz, Eizieko Isabel Etxeberria, Joxe Mari Berasategi itzultzailea eta Inazio Mujika, Erein eta Igela argitaletxearen ordezkaria. (Jon Urbe | FOKU)

Joxe Mari Berasategi itzultzaileak euskarara ekarri du Anne Carson idazle eta poeta kanadarraren ‘Autobiography of Red: A Novel in Verse’ lana (1998). Ostegun honetan aurkeztu dute, Donostian, Igelak argitaratu duen liburua.

Lakuako Gobernuaren eta Eizie Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartearen arteko itunaren emaieza izan da proiektu hau, Erein-Igelako Inazio Mujikak azaldu duenez.

Liburuaren edukian murgilduz, Heraclesen mitoan oinarritutako nobela bat da, baina XX. mendeko Ameriketara ekarria egoteak egiten du berezi, mitoaren esentzia mantenduz.

Berasategik zehaztu du bertsio moderno hau, Estesicoro poeta grekoak egiten zuen bezala, ez dagoela Heraclesen edo jainkoen ikuspegitik kontatua, biktimarenetik baizik.

«Autobiografiaren azpitituluan nobela erromantiko bat dela biribiltzen du, eta beraz, nobela erromantiko bat denez bihotz apurtu bat egongo da tartean. Horrela, okerreko maitasunaren giza ohitura azpimarratuz», esan du Berasategik. Liburuak hizkera samurra eta urragarria erabiltzen duela gaineratu du, haren lirikotasuna ere azpimarratuz.

Itzulpena egitea «erronka gogorra» iruditu zaio Berasategiri, baina emaitza «gozamen handiko irakurgaia» izan dela uste du. 

Inazio Mujikak aipatu du Alain Urrutia ilustratzaileak izan dela azalaren egilea, baina Anne Carson bera ere haiekin aritu dela aukeraketa lanetan.

Lakuako Kultura sailburuordetzaren izenean, Joxean Muñozek, hiru ezaugarri azpimarratu ditu nobelaz: kultura sakonekoa, ausarta eta aztoragarria dela. Lehen aspektuaz adierazi du «kultura sakonekoa behar du, Estesicoro poeta ezagutzeko, orain dela 2.500 urte idazten zuen poeta greko klasikoa. Hau da, poeta ondo ezagutu, mamitu, ausnartu eta hori erabiltzeko adina ezagutza eta jakintza behar du idazleak».

Bestetik, nobela honez esan du ausarta dela, «antzinako testuak egungo errealitatera ekartzeko kunplituz obra klasikoaren definizioa. Ausarta behar du, nobela bat poesia lerrotan kontatzeko».

«Aztoratzailea behar du –gaineratu du–, antzinako klasikoko figurak egungo generoko arazoak astintzeko eta astinketa horretan erabiltzeko».