INFO

«Biharko Euskal Herria» eraikitzeko, etorkizunera begira jarri dira ikastolak Iruñean

Orotara 114 ikastoletako ordezkariek Zazpigarren Batzarra egin dute larunbat honetan Iruñeko Baluarten, otsailean eskualdeka hasi zuten «eztabaida kolektiboaren» emaitzak jasotzeko eta «biharko ikastolak» eta «biharko Euskal Herria» eraikitzeko bide estrategikoa marrazteko.

Ikastolen ordezkarien «familia argazkia» Baluarten, ekitaldi sozialaren aurretik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

‘Biharko Ikastolak, Biharko Euskal Herria eraikitzeko’ leloa aukeratu du Ikastolen Elkarteak larunbat honetan Iruñeko Baluarte jauregian egindako Ikastolen Zazpigarren Batzarrerako. Esaldi laburra bezain mamitsua, zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusi nahi dituzten eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituen batzarraren aurkezpen ekitaldirako.

Izan ere, 2009an izan zen azkeneko batzarra, eta aurtengo otsailean eskualdeka hasi zituzten bileretan ikastolei eta hezkuntza sektoreari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnosia jaso zuten, hamabost urteren ondoren ikastolen pultsua hartuz, eta gogoeta interesgarri eta mamitsuak bilduz.

Guztira, mila emendakinetatik gora jaso dituen ponentzia bozkatu dute Euskal Herriko 114 ikastolen ordezkariek goizeko 9.00etan hasi den Batzarrean. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariaren esanetan, «emozio ugari azaleratu eta barrenak astindu dituen» elkarrizketa kolektiboa izan da prozesua, non aurkeztutako dokumentuei emendakinak jarri eta ekarpen ugari egin dizkieten.

Zein izan da gaur erabaki dutena? Artolaren hitzetan, «ikastolen ereduaren aldeko autuak indartu ditugu, euskal hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko; egitasmo nazionalak indartu eta berriak osatzeko deliberatu dugu; eta Ikastolen mugimendua osatzen dugun pertsonak erdigunean jarri ditugu».

Ildo horietan bildu dituzte gizarteak egiten dituen eskaerei eta egun dauden erronka nagusiei erantzuteko proposamenak, hau da, erronka demografikoari, erronka sozioekonomikoei edota euskararen biziberritzeari erantzuteko. Euskal curriculuma eguneratzea, digitalizazioaren burujabetza eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko beharrak azpimarratu ditu Artolak, hala nola Euskal Herriko ikasle guztiak ikastoletan ikasteko aukera errealak garatzeko eta doakotasunerako bideari ekiteko konpromisoa.

Ekitaldi soziala

Erabaki guzti horiek bilera itxian egin dituzte, eta hurrengo urteetarako erabaki estrategikoen berri gonbidatutako agintari, hautetsi, sindikatuetako ordezkari, eta euskalgintzako eta kulturako erakundeei eman diete ekitaldi publikoan, proiekzioak, musika, dantza ikuskizunak eta «familia argazkia» tarteko.

Baluarteko aretoan, Joseba Asiron, bere hitzetan «alkate izan behar izan duen ikastolako irakaslearen» agurrarekin hasi da ekitaldia. Segituan, Paz de Zigandako abesbatzaren abestia, eta Ibon Oteiza eta Jone Etxeberriaren poema eta bertso bikaina.

Korsikako eta Galiziako nazioarteko ordezkaritzetarako denbora ere izan dute. Alde batetik, Santiago Quiroga Escolas de Ensino Galego Sementeko koordinatzaile nazionalak «hezkuntzaren balio demokratikoak eta aniztasuna» aldarrikatu ditu «Europan haziz doan neofaxismoaren» eta «Estatuko intolerantziaren» aurrean.

Ghjissepu Turchini Scola corsa-ko lehendakariak, berriz, Korsikako hizkuntzaren ofizialtasuna, hezkuntza eta kulturan eskumenak lortzeko Korsikako Lurraldearen borroka goraipatu du, eta bide horretan Euskal Herriko ikastolen mugimendua eredu izan dela azpimarratu.

Kukai taldeko dantzarien ikuskizunaren ondoren, Tasio Erkiza Errigorako eta Leire Elizegi eta Joseba Labaka Bizipozako ordezkariak hartu dute hitza, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean azken urteetan martxan jarri dituzten proiektuak azaltzeko.

Amaitzeko, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilu eta Zuzendaritza talde osoa igo da oholtzara eta bertan Artolak «Euskal Herria eraikitzeko norabidea birdefinitu» dutela nabarmendu du, gaurko eguna «ehundaka bileren eta gogoetan» emaitza dela nabarmenduz.

«Euskal Herriari gure aletxoa eskaini diogu, biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko etorkizunari begira jarri dira. Behetik eta elkarrekin eztabaidatu dugu, herritik eta herriarentzat. Herrigintzarik gabe ez gara ezer, herri honek aurrera egin badu, askotarikoen arteko elkarlanari izan da», gaineratu du.