Xuti Gazte: «Eskuin muturra gelditu behar dugu, askatasun espazio gehiago ez galtzeko»
Xuti Gaztek eskuin muturrari eguneroko borroken zein botoaren bidez gelditzeko deia zabaldu du, Fronte Herritar Berriari bere babesa emanez. «Eskuin muturra gelditu behar dugu, eskubideak eta askatasun espazio gehiago ez galtzeko» ohartarazi du Azkainen eginiko agerraldian.
«Eskuin muturra gelditzeko eta Euskal Herriaren aldarrikapenak Parisen entzun daitezen» Fronte Herritar Berriaren aldeko botoa dela gazteentzat aukerarik onena adierazi du Xuti Gaztek ekainaren 24an Azkainen antolaturiko agerraldiaren bidez.
«Ezin da ekainaren 30ean eta uztailaren 7an gazte boz abertzale, antifaxista, ezkertiar, femisita eta ekologistarik etxean gelditu», oharra egin eta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko gazteriari «antolatu eta borrokatzeko» deia luzatu die.
Eskuin muturrak ekainaren 9an egin ziren europar bozetan frantziar Estatuan bezala baita Ipar Euskal Herrian ere lorturiko emaitzengatik bere arrangura adierazi du Xuti Gaztek.
«Ipar Euskal Herrian emaitza kezkagarriak lortu dituzte Rassamblement National eta Reconquête alderdiek eta egoera larria da, emazteen, LGBTI kolektiboaren, etorkinen, euskaldunen eta oro har denen eskubideen aurkako oldarraldi baten atarian egon gintezkeelako», azaldu du.
Emmanuel Macronen Gobernuak plantan emandako politika ultraliberalek herritarren bizi baldintzak kaltetu dituela nabarmendu du gazte antolakundeak. «Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, biziaren garestitzea, lan baldintzen okertzea, prekarietatearen emendatzea edota autoritarismoa» politika horren ondorioetak batzuk izan direla oroitarazi du.
Gaur egun gazten %90ak zailtasunak ditu etxebizitza duin bat atzemateko Ipar Euskal Herrian.
«Gure herrietan bizi proiektu bat eraikitzea biziki zaila da gazteontzat eta honen eraginez urtero ehundaka gazte joaten dira Ipar Euskal Herritik», laburbildu du bere gogoeta horretan Xutik.
«Ez dugu gerlara joan nahi, ez dtugu gerlak nahi»
Bir maneran, nazioartean bizi den egoera kezkagarriari aipamen egin diote gazteek. «Agintariek gerlara joan behar girela iradokitzen duten garai huntan, argi eta garbi diogu, ez dugu gerlara joan nahi, ez ditugu gerlak nahi», oharra egin dute.
Hala eta guztiz ere, «eskuin muturra ez dela aterabidea» iradoki du Xutik, «gazteon bizi baldintzak okertu dituen politika ultraliberalak defendatzen dituelako eskuin muturrak ere».
Egoeraren larritasuna nabarmenduta, «eskuin muturra gelditu behar dugu, eskubideak eta askatasun espazio gehiago ez galtzeko», gaineratu dute gazte ezkertiar eta abertzaleek.
«Ipar Euskal Herrian posible da eta posible egin behar dugu», adierazi dute, euskal lurraldeetan martxan diren esperientzia alternatiboak goraipatuz.
«Etorkizun justuagoa eraikitzen ari diren alternatiba eta mugimendu aberatsak ditugu: etxebizitzaren alde, euskararen defentsan, langilerian, feminismoan, etorkineko elkartasunean, ekologismoan, laborantza herrikoiaren edota justizia sozialaren alde», nabarmendu du, eta faxismoaren aurrean boto alternatiben aldeko botoa ematera gonbidapena zabaldu du Xuti Gaztek.
Finean, Euskal Herriaren aldarrikapenak Parisen entzun daitezen, gazteei Fronte Herritar Berria sostengatzeko dei zehatza egin du.