INFO

Prentsaurreko batean 22 lagun biltzeagatik Aldatu Gidoia ekimena isundu du Guardia Zibilak

Apirilaren 25ean prentsaurrekoa egin zuen Altsasun Aldatu Gidoia ekimenak. Agerraldi hartan 22 lagun zeudela-eta, Mozal Legea baliatuz, Guardia Zibilak isuna jarri die. «Euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu», adierazi du ekimenak.

Ehunka pertsona elkartu zituen Gasteizen «Aldatu Gidoia Euskararen alde» kanpainaren amaierako mobilizazioak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Altsasuko Guardia Zibilak isuna jarri dio Aldatu Gidoia ekimenari, apirilaren 25ean egindako prentsaurreko baten harira. Egun hartan, Aldatu Gidoiak agerraldia egin zuen Altsasun, manifestazio baterako deia egiteko, euskaran ardaztutako politikak eskatzeko.

Bada, berriki, agerraldi hartan parte hartu zuen kide bati isuna bidali dio Guardia Zibilak, Mozal Legea baliatuz. Ekimenak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «Guardia Zibila Twitterreko txioetan arakatzen ibili dira, eta argazkian 22 lagun geundela zenbatu dutenez, isuna jarri diote». 20 lagun arteko elkarretaratzeetarako ez da baimenik eskatu behar eta muga hori gaindituta, isuna jarri diete.

«Herritarrek politikan parte hartzea eragozteko legea da Mozal Legea, eta jarritako isuna salatzen dugu», adierazi du Aldatu. «Euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu».

Zentzu horretan, gaur albiste den prentsaurreko hartan, «euskarazko telebistaren sorrerako ilusioa eta asmoa» berreskuratzeko beharra nabarmendu zuten. «Berpiztu dezagun euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebistaren beharraren kontzientzia. Eta eska diezaiogun Eusko Jaurlaritzari, kultura-politiketan, EITBn, eta EITBz harago, zinema eta plataformetan, euskara erdigunean jartzeko».

Aldarrikapen horiek erdigunean jartzeko, iragan maiatzaren 18an mobilizazioa egin zuten Gasteizen, ‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’ lelopean.