INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Pausoka baina normalizaziotik urruti, Alarde paraleloak ikusi dira gaur ere Irunen

Lehen aldiz Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Eider Mendozak kasu honetan, Alarde parekidea agurtu du udaletxeko balkoitik. Cristina Laborda alkateak ere harrera egin die, baina Udalak oraindik uko egiten dio honen antolaketa bere gain hartzeko eskariari, «bizikidetza zailduko duela» argudiatuz.

Alarde parekidea eta publikoa, gaur Irunen. (Iñigo Uriz | FOKU)

Pausoka egiten omen da bidea, baina pausoak motel antzera doaz Irunen; izan ere, igande honetan ere, bi alarde ospatzen ari dira: alarde parekidea eta baztertzailea. Duela 28 urratutako bideari jarraipena pozez eta indartsu eman diote ordea, goizean goizetik irungo bizilagunek. Desfilean 2.200 lagun inguru atera dira.

Konpainia bakoitza goizean goiz abiatu da, baina 10.00ak aldera elkartu dira guztiak Urdanibia plazan, giro ona eta aldarri bat zen nagusi: ‘Alarde publiko eta feminista bakarraren alde!’. 10.20ean abiatu da, txalo artean, Udaletxeko plazara, bertan, urteroko beraien aldarria plazaratzeko.

Pasa den urtean albiste izan zen lehen aldiz Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE) harrera egin ziela alarde parekideko kideei udaletxera iritsitakoan. Aurtengoan, Cristina Laborda alkateak keinu bera izan du eta ez da hori albiste izan; bai ordea lehenengo aldiz Irungo Udaletxeak urtero Alarde parekideko kideek egindako eskariari erantzun izana. Alarde parekide eta publikoaren jaiaren antolaketa bere gain hartzeko eskatzen diote urtero Udalari, aurten lehen aldiz jaso dute erantzuna: ezezkoa. «Bizikidetza zaildu» egingo duela argudiatu zuen Laborda alkateak. Gainera, Alardeko kideek eskaera publikoki egin bazuten ere, erantzuna modu pribatuan jaso izana salatu zuten.

 

Kargu publikoei dagokionez, duela hilabeta batzuk jakinarazi zuen Eider Mendoza (EAJ) Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak alarde parekideari udaletxeko balkoitik oles egingo diola, eta hitza bete du igande honetan. Lehen aldia da EAJko diputatu nagusi batek alarde parekideari harrera egiten diona; lehenagotik, Martin Garitano (Bildu) bera karguan zegoen lau urteetan hurbildu izan zen Irunera alarde parekideari harrera egiteko.

Udalbatza osoak egin die harrera balkoitik. Laborda alkateak jaiak «bizikidetzan, errespetuz eta ilusioz» ospatzeko deia egin du; eta gehitu du alardea bizitzeko «bi modu» daudela: «Bata gehiengoaren babesa duena, eta bestea gutxiengoarena, eta biak dira guztiz legalak».

11.00etarako alarde mistoko kide guztiak Udaletxeko plazan zeuden, eta Maite Bergara generala sartu da zaldi gainean eta txalo artean. ‘Emakumeak alardean’ oihuen artean hartu dute bertaratutakoek, eta berak ere aldarri bera egin du ozenki: «Gora alarde parekidea!». Elkarrekin Irun alderdiko Thania Pazosen eskutik jaso du bandera Bidasoa konpainiako kideak eta «Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Alarde Parekidea» aldarri egin ostean, festa giroan jarraitu dute.

 

 

Urrats berrien eske

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere alarde parekideari harrera egiten izan da. Gizartea «sensibilizatuagoa» dagoela adierazi du, eta berdintasunaren alde esparru guztietan lan egin behar dela gaineratu du: «Gogoratu behar dugu emakumeok eskubide osoa dugula jai girotan aktiboki parte hartzeko. Egia da tradizioak gizartea kohesionatzeko oso garrantsitsuak direla, baina eboluzionatu egiten dute, eta garai berrietara egokitu behar dira».

Bestalde, Elgarrestak aipatu du iaz emandako aurrera pausoak «oso garrantzitsuak» izan zirela, baina pauso horiek «sendotzea» dela egin beharrekoa, «oinarri horretatik jarraitzeko gizarte berdinzaleagoa eraikitzen».

Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkariak eskubideak ezin direla «eztabaidan jarri» adierazi du, eta alarde parekidean parte hartu duten herritarrak zoriondu eta txalotzearekin batera urrats berriak galdegin ditu: «Badago arrisku bat bi alarde egotearen naturalizazio batera joateko, izan ere gaur ere bi alarde ikusiko ditugu, bat baztertzailea dena eta beste bat emakumeak berarekin nahi dituena, uste dut hori akats bat dela. Udalak ez du urrats bakar bat eman gauzak aldatzen hasteko eta Gipuzkaoko Ahaldundiak hitzak bai, baina esplizituki urratsak eman behar ditu, eta bitartekaritza lanak egin Hondarrabian egiten hasiak diren bezala, egoera hau gainditu ahal izateko».

Podemos Euskaldiko koordinatzaile Pilar Garridok ere instituzio publikoetatik eman beharrko pausoak izan ditu mintzagai: «Udalak egutegi baten aldeko konpromisoa har dezala aldarrikatzen jarraitzen dugu, guztiontzako berdintasunezko alarde publiko bat antola dadin. Are gehiago, eskuin muturra emakumeei eskubideak kentzen tematuta dagoen une honetan».

Eztabaidak darrai

Gipuzkoako Ahaldundiari dagokionean, bada azken egunetan hautsak harrotu dituen beste gertakari bat, diputazioak ‘Gure jaiak, berdintasunean’ kanpaina abiarazi du Gipuzkoako herrietako jaien antolatzaileei bost gomendio emanez. Alardeari interpelazio zuzenik ez egitea salatu dute zenbaitzuek, eta Alarde baztertzaileak gomendio horiek ez dituela betetzen salatu dute.