INFO

Hamar erronka identifikatuta, erreforma fiskalerako bide-orria du Gipuzkoak

Gipuzkoako Batzar Nagusietako ponentziak zerga erreformari buruz egindako txostenean zaintza zerbitzu publikoak indartzeko beharra azpimarratzen da, eta etxebizitza eskuragarria izan dadin lan egiteko jarrera berresten. Guztira, 10 erronka idenfitikatu ditu.

Gipuzkoako errenta aitorpenaren kanpainako irudia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Erreforma fiskala gauzatzeko Gipuzkoako ponentziak behin-behineko ondorioen txostena ezagutzera eman du astelehen honetan. Hamar erronka identifikatu ditu, eta hainbat eztabaida ireki. Gizarte zerbitzuen bideragarritasunari dagokionez, ez du baztertzen arlo horrek pisu gehiago izatea existitzen diren baliabideen gainetik, eta zaintza zerbitzuetara inbertsio gehiago bideratzeko beharra aipatzen du.

Urte honetan bertan egingo den EAEko erreforma fiskalaren oinarri izango da Gipuzkoako Batzar Nagusiek fiskalitate «justu eta progresibo» bat adosteko abiatu zuten ponentziaren ondorioen txostena. Asteon zuzenketak aurkezteko aukera izango dute taldeek eta uztailaren 15ean onartuko da txostena. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez, urte honen bukaerarako erreforma martxan jarriko duen foru araua onartzea espero dute.

Zerga erreformari buruzko txostenak finkatzen duen helburu orokorra da «zerbitzu publikoak indartzea, aberastasuna birbanatzea, enplegua sortzea eta Gipuzkoako ahalik eta biztanle gehienentzat ongizate estandar duinak lortzea».

Horrela, errenta guztiek PFEZn duten tributazioa aztertu behar direla gomendatzen du ponentziak, errenta txikienetan tributazio txikiagoa izateko, horrela zergaren progresibitatea sendotuz. Gainera, kenkari fiskalak aztertuko ditu, gehien behar dutenek jasoko dituztela bermatzeko.

Sozietate Zergari dagokionez, enpresek dituzten kenkarien azterketa egingo da.

Etxebizitza eskuragarri izateko neurriak

Gipuzkoarrek duten kezka nagusietako bati egiten dio erreferentzia 70 aditu baino gehiagok parte hartu duten ponentziaren txostenak: etxebizitza. Prezioak altuak direla onartu ostean, gipuzkoarrek «etxebizitza eskuragarria izango dutela bermatzeko ahaleginak» egin behar direla dio, kolektibo zaurgarriak eta gazteak bereziki azpimarratuz. Hala, epe luzera, alokairuko etxebizitza publikoen eraikuntza bultzatu behar dela esaten du, «dagoen eskaerari erantzuteko behar besteko parke zabala izatea lortu arte». Eta, epe laburrean, hutsik dauden etxebizitzak merkatuan sartzeko aukera planteatzen du.

Erronka demografikoa ere begiz jota du ponentziak, hainbat arlotan arazoak eragingo dituela jakitun. «Hausnarketa» zabaldu nahi du honen inguruan, baloratzeko konponbidea gastu politiken eskutik, zerga politiken eskutik, edo bien arteko konbinazio batetik etorriko den.

Halaber, pentsioak Enplegurako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde pribatuen (EPSV, gazteleraz) bidetik indartzeko hautua egiten du dokumentuak eta, beraz, Gipuzkoako fiskalitateak horiek portaerak babesten jarraitu behar duela dio.

Erronka gisa aipatzen ditu, halaber, talentua erakarri beharra, ikerketa eta garapenean inbertsioa handitzea eta, fiskalitate berdea aplikatzea, Europako Itun Berdea bete dadin.

Ikerketa eta Garapenean egin den inbertsioa maila BPGaren arabera eta beste herrialde batzuen aldean. (Iturria: Eustat eta Eurostat)
Ikerketa eta Garapenean egin den inbertsioa maila BPGaren arabera eta beste herrialde batzuen aldean. (Iturria: Eustat eta Eurostat)

Genero berdintasuna

Desberdintasunak, oro har, eta genero desberdintasunak murrizteko bideak irekitzea ere planteatzen du Gipuzkoako ponentziak. Onartzen du lurraldeko zerga sistemak ez duela sexuen arteko bereizketarik egiten, eta, beraz, ez duela laguntzen soldata arrakalak eragindako desberdintasuna murrizten. Are, aitortzen du fiskalitateak generoari «itsu» jokatzen badu, «genero arau sozialak eta emakumeen pobrezia» indartzen laguntzen duela.

Hori dela eta, erreforma fiskala genero desberdintasunak murrizten laguntzeko tresna gisa erabiltzea adostu da ponentzian. Besteak beste, planteatzen du zergaren indibidualizazioan oinarritutako eredu baterantz egitea eta, behar denean, emakumeen alde diskriminazio positiboko neurri fiskalak aktibatzea.

Zaintza sistema eta kontziliazioa

Biztanleriaren zahartzearen ondorioz, datozen urteetan hazi egingo da gizarte zerbitzuen eskaera eta dokumentuak berariaz aipatzen ditu zaintza zerbitzuak hamar erronken zerrendan. «Epe ertain eta luzera», sektore horretara baliabide ekonomiko gehiago bideratu behar dela adostu du ponentziak. Inbertsio sozial horri aurre egiteko, «herrialde mailako akordio handia» behar dela aipatzen da, «foru aldundiek eta udalek, beren kabuz, ezin izango dietelako beti eta edozein egoeratan erantzun gizarteak planteatzen dizkigun beharrei».

Gainera, «nahi diren Gizarte Babeseko Sistemaren eta Gizarte Zerbitzuen bideragarritasunari eta iraunkortasunari buruz» eztabaida «lasai eta serio» bat ireki behar dela ondorioztatu du ponentziak. «Ez da baztertu behar arlo horrek pisu handiagoa izatea dauden baliabide guztien gainean», dio txostenak.

Bestalde, kontziliazio handiagoa ahalbidetuko duten neurriak jasoko dituen arau esparru bat eta politika publikoen esparru bat garatzeko prestutasuna erakusten du ponentziak.

EH Bildu: «Baldintzak badaude»

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuenez, «zerga sistema justu, progresibo eta aurrerakoi baten bidean adostasunak lortzeko baldintzak badaude».

Koalizioa ponentzian parte hartzen ari da eta, besteak beste, adierazi zuen saiatuko dela kapital errentak lan errentak bezainbeste zergapetu daitezen eta progresibitatea ahal beste handitu dadin.