INFO

Mendiko letrek hartu dute CVCE-Errimaia ipuin lehiaketaren bosgarren ekitaldia

Euskarazko ipuin irabazlea Ramon Olasagastiren ‘Apustua’ izan da. Andoni Arabaolaza, NAIZeko kolaboratzailea, finalista izan da ‘Erredentzioa’ ipuinarekin. Jose Angel Estaperen ‘Tesoro esclavo’ gailendu da gaztelerazko ipuinen artean.

CVCE-Errimaia ipuin lehiaketak berezko lekua du elkartearen ekimenetan. (CVCE)

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak bikain uztartzen ditu mendiko adar guztiak. Nahiz eta “gutxietsita” dagoen, mendiko kultura elkartearen zutabe nagusi bat da. ‘Errimaia’ aldizkaria, elkarteko eta nazioarteko izaera duen CVCEPHOTO argazki lehiaketak, erakusketak, proiekzioak… Eta horien guztien artean ezin dugu aipatu gabe utzi duela bost urte berezko lekua hartu zuen CVCE-Errimaia ipuin lehiaketa.

Joan den astean, elkartearen egoitzan bertan, sari banaketa ekitaldia egin zen. Berezia izan zen, besteak beste, sarituez gain, ‘Errimaia’ aldizkariaren aurtengo lehen aleak, ipuin lehiaketaren liburuak eta Suso Ayestararen liburu berriak protagonismoa izan zutelako. Irakurtzen den bezala, mendiko letrek bosgarren ekitaldia hartu zuten.

Aurtengo edizioari dagokionez, antolatzaileek NAIZi adierazi diote gustura daudela jasotako erantzunarekin: «Onartu behar dugu aurreko lau edizioetan bezala, azken honetan ere harrera beroa izan dugula. Euskal Herritik zein nazioarteko txoko ezberdinetatik iritsitako gaztelaniazko ia ehun ipuin jaso ditugu. Kopuru ederra da. Ez, ordea, euskarazkoan; lau lan aurkeztu dira. Ahulgune handia da, eta pena handiz hartzen dugu. Guk ahal dugun guztia egiten dugu, baina badirudi mendizale euskaradunak ez direla ausartzen idaztera. Gabezia handia da! Halere, bi hizkuntzetan izan den maila eta gai anitzak azpimarratu behar ditugu. Horretan, bederen, ez dago gabeziarik».

Hori aurreratu eta gero, esan behar dugu euskarazko ipuin saritua Ramon Olasagastiren ‘Apustua’ izan dela. Finalista, berriz, NAIZeko kolaboratzaile Andoni Arabaolaza izan da ‘Erredentzioa’ kontakizunarekin. Gogoratu behar dugu Arabaolazak iazko edizioa irabazi zuela.

Gaztelerazko sari nagusia, hots, ipuin onenarena, Kubara joan da. Jose Angel Estapek idatzitako ‘Tesoro esclavo‘ lanak aitortza jaso du. Madrilgo Francisco Javier Fernandez finalista izan da ‘Cristales de bohemia’ ipuinarekin.

Liburua

Horiek dira CVCE-Errimaia ipuin lehiaketan aitortza jaso duten idazleak eta lanak. Ohi den bezala, ipuin horiek Donostiako mendi elkarteak argitaratzen duen “Errimaia” aldizkarian irakur daitezke. Hain zuzen ere, aurtengo lehen alea (urtean bi plazaratzen dira) aipatutako ekitaldian aurkeztu zen.

Elkarteko aldizkarian irakurtzeko aukera izateaz gain, antolatzaileek ipuin lehiaketaren bosgarren edizioa biribildu nahi izan dute liburu bat argitaratzen. ‘Mendi irudikatuak’ du izena, eta bertan edizio guztietako idazlan sarituak (irabazleak zein finalistak) jasotzen dira. Liburu hori, gainera, oso biribila geratu da. Bai, ipuinek bidaia lagun bereziak dituzte. Hots, elkarteko kide zein presidente izandako Rafa Elorzak eginiko marrazkiak dira kontakizun horiei indarra ematen diotenak.

Amaitzeko, aurreratu behar dugu Donostian eginiko ekitaldian mendiko letren festak azken txoko bat izan zuela. Suso Ayestaranek aurkeztutako azken liburuari buruz ari gara. Euskal alpinista eta eskalatzaile historikoa izateaz gain, Donostiako mendi elkarteko bazkide ere bada. ‘Viejas historias, hurgando entre mis papeles’ da bere azken idazlana. Hots, hirugarrena. Aurrekoetan bezala, Ayestaranek, tonu poetiko batekin lagunduta, oroitzapenei zein hausnarketei lekua uzten die. Baita Julio Villarren gutun batzuei ere. Hain zuzen ere, gutun horiek Villarrek berak itsasontziz egin zuen munduko itzulian idatziak dira. Eta munduko hainbat txokotatik bere kide Ayestarani bidali zizkion. Idazle donostiarrak horiek guztiak argitaratu ditu bere azken liburuan.