INFO

Urteko lehen seihilekoan 30 MW instalatu dira eguzki-paneletan EAEn

Energiaren Euskal Erakundeak Bilbon egiten ari den jardunaldietan jakinarazi duenez, 2024ko lehenengo sei hilabeteetan 30,1 MWko potentzia instalatu da eguzki-plaken bidez. Iaz, 42, MW jarri ziren urte osoan.

Araban instalatutako eguzki-plaka batzuen artxiboko irudia. (EP)

Urte honetako lehenengo seihilekoan autokontsumorako instalatu diren eguzki-plakak 30,1 MWko potentzia totalera iritsi dira, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) jakitera eman duenez.

Instalatu den potentzia osoak nabarmen egin du gora iazko datuekin alderatuz gero. 2023an, urte osoan 46,2 MWko eguzki-plaka jarri ziren. Indar hori lortzeko, baina, instalazio gutxiago behar izan dira aurten: iaz 2.161 instalazio berri jarri ziren, aurten, berriz, 830 sei hilabetetan.

EEE, eguzki-plakak instalatzen dituzten hainbat enpresa eta Iberdrola eguzki-energiari buruzko jardunaldiak egiten ari dira asteazken honetan Bilbon. Bertan, 200 profesional inguru elkartu dira, eta EAEko Autokontsumo Mahaian lortutako akordioak azaldu dira. Iberdrola (i-DE), Unef, Appa, Instagi, SEA eta Aeieb instalatzaileen elkarteek, EEEak eta Lakuako Gobernuak osatzen dute lan mahaia.

Instalazioak azkartzea helburu

EEEren arabera, autokontsumoa etengabe hazi da EAEn azken urteotan. Covid-19aren pandemiaren amaierak eta jarduera ekonomikoaren igoerak energia elektrikoaren prezioaren igoera eragin zuen, eta horrek, instalazio horietarako diru-laguntza programa berriak abiatzearekin batera, autokontsumo instalazio berrien eskaerek 2022an eta 2023an gorakada nabarmena izatea eragin zuen.

Ondorioz, merkatua zabaldu zen eta proiektuak tramitatzeko eta legeztatzeko epeak denboran luzatzea ekarri zuen. Hori dela eta, EEEk Autokontsumoaren Mahaiaren eragile guztiak deitu zituen epeak murrizteko helburuz.