INFO

Gazteek eredu kooperatiboa identifikatu dute lan egiteko aukerarik onena bezala

Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek gazteak elkartu dituzte enpresa kooperatiboaren inguruan dituzten proposamen eta motibazioak ezagutzeko. Larunbat honetan, Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatuko da, ‘Kooperatibek etorkizun hobea eraikitzen dute pertsona guztientzat’ leloarekin.

30 bat gaztek eta kooperatibistak parte hartu zuten Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek antolatutako lan saioan. (KOOPERATIBEN KONTSEILUA ETA KONFEKOOP)

Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek gogoeta jardunaldi bat antolatu dute ‘Gazteria euskal kooperatibismoaren aurrean’ izenburupean, gazteek beren lanarekin lotuta dituzten beharrak ulertu nahian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 gazte inguruk, ikasleak eta kooperatibistak, lan munduarekiko dituzten beharrak eta itxaropenak jakinarazi dituzte lan saio batean. Enpresa kooperatiboen lekukoa hartuko dutenei egokitzeko eredu kooperatiboak heldu beharreko erronkak dentifikatzea izan da asmoa.

Pertsona horiek gazteria anitza ordezkatzen dute, profil eta ibilbide desberdinak baitituzte, baina beren lantokiak izan beharreko ezaugarriak aukeratzerakoan, ordea, bat etorri dira lehentasunetan.

Honakoak dira lanari dagokionez gehien axola zaizkien lau ezaugarriak: gestioan eta erabakiak hartzean parte hartzea bultzatzea, errespetua eta elkartasuna sustatzea, emaitzen aurretik pertsona lehenestea eta enpresa proiektuak gizartean eragin positiboa izatea. Antolatzaileek esan dutenez,, hain zuzen ere, enpresa kooperatiboetan oso presente dauden ezaugarriak dira, eta autogestioa, berdintasuna, parte hartzea, elkartasuna eta demokrazia balioekin erabat lerrokatuta daude.

Entzuna izateko eta erabakitzeko aukera

Kooperatibismoari buruz ezagutza maila desberdinak izan arren, gazteak bat etorri dira esatean kooperatiba dela enpresan parte hartzea hobekien errazten duen forma juridikoa, bai erabakiak hartzean, bai kudeaketan. Pertsonak aukera izatea enpresan entzuna izateko eta enpresaren antolaketan eta erabaki garrantzitsuenetan parte hartzeko eta enpresak elkartasuna eta gardentasuna sustatzea oso alderdi baloratuak izan dira topaketan parte hartu duten kooperatibisten artean, eta alderdi horiek nahiko lituzkete oraindik lan bizitza hasi ez duten gazteek ere.

Enpresa ehunak gizartean duen eragin positiboari dagokionez, partaideek adierazi dute enpresa askok duten ezaugarria dela, baina kooperatiben kasuan haien DNAn dagoela, «berdintasun erreala eta eraldaketa soziala lortzen laguntzen baitute».

Soldata, balioarekin bat, ez adinarekin

Eragin baikor horrek soldata duin batean ere izan behar du isla, ulertuta soldata duina dela konpromisoaz gain ekarpenak eta ahaleginak aitortzen dituena, gazteen aldarrikatzen duten bezala. Gaineratu dutenez, soldata horrek pertsonaren balioarekin eta proiektu kooperatiboari zein bere erantzukizunei egiten dien ekarpenarekin bat etorri behar du, eta ez hainbeste adinarekin.

«Pertsona gazteenak erakartzeko modurik onena haiei entzutea da, eta enpresa kooperatiboa da lanerako gomendatzen den alternatibarik hoberena, kooperatibak kalitatezko enpleguarekin lotzen baitira, eta haietan kontziliazioa eta parte-hartzea funtsezko elementuak baitira», adierazi du Patxi Olabarria Kooperatiben Kontseiluko presidenteak.

Lan saio honen ondoren, ikusi dute gazteek erakundeetan ahotsa izan nahi dutela eta erabakietan parte hartu ere nahi dutela, horrek dakarren erantzukizunari uko egin gabe. Hori aintzat hartuta, mugimendu kooperatiboak begirada estrategiko horrekin jarraituko duela esan du. «Gure gazterian fokua mantentzen jarraituko dugu, haien eskaerei erantzuteko eta euskal mugimendu kooperatiboaren garapenean ekintzaile izan ahal izateko eta laguntzeko behar dituzten tresna eta ingurune egokia eskaintzeko», adierazi du Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak.

Kooperatiben Nazioarteko Eguna

‘Kooperatibek etorkizun hobea eraikitzen dute pertsona guztientzat’ leloa izango du larunbat honetan ospatuko den Kooperatiben Nazioarteko Egunak. Mugimendu kooperatiboak ekonomiari eta gizarteari egiten dizkion ekarpenak nabarmenduko dituzte. Eta indarrak hartuko dituzte «2025erako bideari ondo ekiteko», NBEk Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatu baitu urte hori.

Egun hau mundu osoan ospatzen da duela mende batetik, eta garrantzi berezia du gurean, kooperatibismoak duen inpaktuagatik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2.000 enpresa kooperatibo baino gehiago daude, eta kooperatiba horiek zuzeneko 62.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzte eta 12.000 milioi euro fakturatzen dituzte, EAEko BPGaren %10. Milioi eta erdi kooperatibista baino gehiagorekin, biztanleriaren %75ek bertako kooperatibismoarekin nolabaiteko harremana duela kalkulatzen da.