Eskuz egindako ipuin bat
Maroko. 2023. 97’ Jat. Izenb.: The Mother of All Lies / Kadib Abyad. Zuzendaria: Asmae El Moudir. Argaz.: Hatem Nechi, Merouane Tiriri. Musika: Nass-El Ghiwane. Plataforma: Filmin.
Canneseko Zinemaldiko Un certain regard saileko zuzendari onenaren saria irabazi eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia aurkeztu zuten dokumental autobiografiko bitxia eta berezia da honakoa. Harrigarriena zera da: pelikulak aitorpen nabarmenak lortu dituela nazioarteko banatzaile jakin bat izan gabe.
Mudantza bat abiapuntu hartuta, Asmae El Moudir zinemagile marokoarrak haurtzaroko argazki bakar bat zergatik gordetzen duen argitu nahi du; amonak argazkiak debekatu zituen bere etxean, bekatuzkoak zirela esaten zuelako, ez du txikitako argazkirik. Gertaera xume horretatik abiatuta, bere familia kideak arakatzen hasten da, modu iraunkor eta berezian.
Eraikinekin, auzoko kaleekin eta aitak egindako irudiekin egindako dioramen bidez, familiaren historia kontatzen hasten da, bere gurasoak, amona, lagunak eta bizilagunak irudikatzen dituzten panpinei bizia emanez. Bilaketa horretan, gainera, Casablancako 1981eko istiluekin egingo du topo zuzendariak, ‘Ogiaren istiluak’ deiturikoak; milaka hildako eta errepresaliatu utzi zituen herri matxinada bat.
Ekoizpen prozesua hamarkada bat baino gehiago luzatu zen, eta Casablancan lekukotzak grabatu eta Marrakexen set-ak eraiki ziren; zinemagileak 500 ordutik gorako materiala pilatu zuen, Zailtasunak zailtasun eta tentsioak tentsio, familia eraldaketarako tresna boteretsua osatu du Asmae El Moudir-ek. Amona, hasieran uzkur, proiektuaren parte erabakigarri bihurtu zen.
«Gezur hori, nire nerabezaroko oroitzapen sentibera bat, amarekin izan nuen lehen gatazka handia izan zen. Hainbat borrokaren ondoren, azkenean bere sekretua jakinarazi zidan. Nire amonak, familiako agintari eta buru zenak, argazkiak debekatu zituen etxean, bekatuzkoak zirela esaten zuelako. Egia esan, argazkiei uko egitearen arrazoia sakonagoa zen, pertsonalagoa eta mingarriagoa, filmaketa prozesuaren bidez jakin nuen guztia», aipatzen du zuzendariak. Iraganeko itzalak arakatu eta lurperatutako oroitzapenak berpiztu nahi izan ditu.