INFO

Galesko familia bat kaosaren aurrean

Erresuma Batua. 2024. 4 atal. Zuzendariak: Adam Curtis, Michael Sheen. Gidoia: James Graham. Aktoreak: Michael Sheen, Mark Lewis Jones, Luke Evans, Tim Downie, Aneurin Barnard. Argaz.: Bobby Shore. Plataforma: Filmin.

'The Way' telesaileko eszena bat (BBC)

Port Talbot, Gales hegoaldeko hiri industrial bat da; langile klaseko biztanleak bizi dira nagusiki eta euskarri ekonomiko garrantzitsuenak portua eta siderurgia fabrika dira. Michael Sheen aktore eta zuzendaria bertakoa da, eta bera da telesailaren sortzaileetako bat.

Hiri horretan girotzen da ‘The Way’ miniseriea; fabrika horretako ezbehar bat tarteko, istilu larriak lehertu dira hirian eta horrek fikziozko langile-iraultza handi bat ekarriko du, altxamendu zibil bat. Testuinguru horretan, etxetik ihes egin beharko duen Driscoll familia ezagutuko dugu; Ingalaterrara iritsi baino lehen ordea, mugak itxi eta galestarrak legez kanpoko etorkin bihurtu direla konturatuko dira. Aktore zerrendan Luke Evans (‘The Hobbit’), Callum Scott Howells ('‘t’s a Sin’), Steffan Rhodri eta Sophie Melville topatu daitezke besteak beste.

«Iraganeko istiluek markatutako hiria da Port Talbot», azaldu du Michael Sheenek bere jaioterriari buruz; XX. mendeko siderurgia-hiri bat da, eta, orain, hiri postindustriala bihurtu da. «Espiritu errebeldea du bere DNAn, lo dagoen erraldoi bat bezalakoa da», dio.

Sheen, 2012an ‘The Gospel of Us’ (‘La pasión de Port Talbot’) filmeko protagonista izan zen eta bere sustraietara itzuli nahi izan du. «Azken 10 urteotan ingurune honetan bizitzea izan denaren lagin bat erakutsi nahi izan dut; inoiz ez dugu argi izan sitcom batean edo beldurrezko pelikula batean geunden. Zeinen absurdoa izan daitekeen errealitatea», gehitu du.

Miniseriearen ekoizpenean eta sormen prozesuan benetakotasuna lortzea ezinbestekoa izan da, horregatik, hiriko biztanleekin lan egin dute. «Telesaileko estren artean herritar ugari azaltzen dira. Iraganean harrapatuta egotearen eta aurrera egiteko beharraren sentimendua islatu nahi izan dut telesail honetan». aipatu du Sheen-ek.