INFO

Espainiako Armadaren presentzia Getxon «inposaketa» eta «gerraren apologia» dela salatu dute

EAJk eta EH Bilduk gogor kritikatu dute Espainiako Armadaren presentzia Getxon. Gerra ontzi horiek suposatzen duten «inposaketa» eta «gerraren aldeko apologia» salatu dute udalerriko lehen bi indar politikoek.

Espainiako Armadaren gerra ontzia, Getxon. (@DelGobPaisVasco)

Asteburu osan zehar egongo dira Getxoko portuan, Espainiako Armadako ‘Juan Carlos I’ hegazkin-ontzia, ‘Galizia’ Anfibio eraso-ontzia eta ‘Blas de Otero’ fragata, herritarrentzako bisitak eskainiz. Gerra ontzi espainiarren iritsiera salatu dute Getxon, udalerriko indar politiko nagusiek.

EAJren esanetan, «inolako mesederik egiten ez duen eta Getxoko gizartearen zati bati ezinegona sortzen dion inposaketa» da. «Espainiako Indar Armatuen presentziak talka egiten» du «gizartearen normalizazioarekin, gizarte getxotarraren zati handi batek duen nortasuna eta Euzkadiren nazio aitortza ukatzen duelarik», esan du Getxoko EAJk argitaratutako adierazpen batean.

«Alarde belizistak» gizarteak duen «ikuspegi humanistarekin» bat ez datozela nabarmentzeaz gain, erantsi du «Getxoko gizarteak (eta euskal gizarteak ere, oro har)» ez duela «inoiz Espainiako Indar Armatuek bere lurraldean egindako indarkeriak eragindako kaltearen aitorpena jaso».

«EAJ-PNVk nazio asimilazioa normalizatu nahi duten ekintza hauen aurka egiten» du, «euskal gizarte anitz bati espainiar ikur nazionalista jakin batzuk inposatu» eta «neurri batean gizartearen zati handi baten nortasun nazionala» ukatzen dutelako, azaldu du testuaren puntuetako batean.

«Bidegabekeria eta miseriaren kausa»

Koalizio subiranistak, bestalde, X sarean salatu zuen pasa den ostegunean Armada espainolaren presentzia Euskal Herrian, «gerraren aldeko apologia» egiten duten gerra-ontziak direla nabarmenduz.

«Alde hemendik» goiburu zuen mezu batean, Armadako itsasontziak «heriotza, bidegabekeria eta miseriaren kausa eta irudi» direla adierazi zuten Getxoko EH Bilduko ordezkariek, eta erantsi zuten ez dutela «Espainiako Armadaren erakustaldi militarrik onartuko».