INFO

Topa, senideei aitortza egin eta etxeratzearen aroa irekitzeko

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak gogoan eta «etxeratzeko aroa ireki behar dela» nabarmenduz, aurtengo sanferminetako brindisa hamarkada luzez urruntze politika pairatu duten senideei eskaini diete Iruñean.

Jendetza bildu da Iruñean euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak gogoan izan eta topa egiteko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sanferminak 12.00ak jotzearekin batera hasi dira, garaiz. Ordurako bazen jendea Karmen kaleko eta Redin pasealekuko kantoian kokatzen den Arrano tabernaren atarian. Jende masifikaziotik at, askorentzat ohitura ere bihurtu da bertan ekitea Iruñeko jaiei. Ohitura bihurtu den bezala uztailaren 6ko 13.00etan, bertan, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak gogoan izan eta topa egitea.

Gaur ez da desberdina izan. Banaka-banaka jendea gerturatzen joan da eta ekitaldia hasi orduko jendetza pilatu da. Urtez urte ekitaldi honek uztailaren 6 batetik hurrengora espetxetik ateratzen ziren preso nafarrei harrera egiteko erabili ohi izan da. Larunbat honetan baina, beste kutsu bat ere eman nahi izan diote antolatzaileek hamarkadatan zehar preso politikoen urruntze politikaren ondorio zuzenak jaso dituzten eta salbuespenezko neurrien sufrimendua zuzenean pairatu duten presoen senideak lehen lerrora ekarriz.

Hauei aitortza egitea izan da gaur eguerdiko ekitaldiko helburu nagusia. Iaz ere dispertsioaren amaiera ospatu zen eta aurten, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzea aldarrikatzeaz gain, xanpain botilak senideen eskuetan izan dira, gogoan izanda pauso garrantzitsuak eman diren arren oraindik asko direla etxerako bidea osatu ez dutenak.

Honela, urruntze politikaren amaiera lortu ostean, etxeratzeen aroa eraiki behar dutela aldarrikatu dute: «Espetxeetako ateak gurutzatzeko garaia da. Iheslari zein deportatuek aireportuetako ateak gurutzatzeko garaia da. Gatazka luze eta gogor baten ondorio guztiei konponbidea emateko garaia», adierazi dute antolatzaileek.

Deialdi berezia egin diete bertaratutakoei, presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legediarekin amaitzeko bidean lan egin dezaten eta Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalak horrekin har dezan konpromisoa, nork bere eremutik, orain arte elkarbizitzaren alorrean aurreratutako guztia konponbide oso baten aldeko norabidean jartzeko helburuarekin.

Eta hemendik eta uztailaren 14ra, baita Euskal Herriko gainontzeko hiri eta herrietako festetan ere euskal preso, iheslari eta deportatuak gogoan izateko deia egin dute, «ahalik eta lasterren etxerako bidean izan daitezen».