INFO

Elisa Longoren pedal kolpe indartsuak nabarmendu dira Giroko erlojupekoan

Emakumezkoen Giroa hasi da igande honetan, Brescian, erlojupekoaren kontrako probarekin. 15 kilometroak osatzen azkarrena Lidl-Trek taldeko Elisa Longo izan da eta beraz, sailkapen nagusian lider dago. Usoa Ostolaza izan da euskaldunik onena, 75. postuan bukatu du, minutu bat eta 44 segundora.

Elisa Longo Borghini, podiumean, Giroko lehen etapako garaile moduan. (GIRO D'ITALIA)

Annemiek Van Vleuten herbeherearraren faltan –azken urteetako dominatzaile nagusia emakumezkoen txirrindularitzan–, garaipen aukerak asko zabaldu dira, nahiz eta SD Worx taldea, Demi Vollering-en bitartez, saiatu den erabateko nagusitasuna ezartzen. Aurten, orain arte, Suitzako Tourra, Burgoseko itzulia, Euskal Herriko Itzulia, Espainiako Vuelta irabazi ditu Vollering-ek. Aurtengo Giroan, baina, Lotte Kopecky-rekin lehiatuko du herbehereetako taldeak eta beraz, a priori, lasterketa irekiagoa izan daitekeenaren zantzuak daude.

Lehendabiziko etapa jokatuta, aurreikuspen horiek bete dira, Elisa Longo Lidl-Trek taldeko txirrindulariak irabazi baitu 15 kilometroko erlojupekoa, Brescian jokaturikoa. Ozta-ozta ez du hobetu italiarraren denbora Grace Brown (FDJ) australiarrak, segundo batera geratu baita. Bere herrikide Brodie Chapmanek (Lidl-Trek) osatu du lehen etapako podiuma.

Aulkian, garaipenarekin egingo ote zen edo ez jakin esperoan, kasik bi ordu egon da Longo. Hautagai nagusien antzera, goiz irten nahi izan zuen Piemonte eskualdeko txirrindulariak. Hautaketa argia izan da, gerora euria hasi baitu, lasterketa apur bat gehiago zailduz. Modu berean egin du arerio nagusi zen Lotte Kopecky-k ere, Longo baino lehenago atera baita.

Italiarrak, baina, egungo munduko txapeldunak baino hanka hobeak erakutsi ditu ibilbidean zehar eta hala, 25 segundoko tartea atera dio belgikarrari. Ez da tarte erabakigarria baina bai pozik egoteko modukoa, sentsazio onek beti ematen baitute hauspoa. Garaipenarekin eta biharko etapa maillot arrosarekin hasteagatik pozik agertu da Piemontekoa baina onartu du «garrantzitsuena bukaeran janztea» izango dela. Giroa irabazi zuen azken italiarra Fabiana Luperini izan zen, 2008an. 

Asteleheneko etapak, 110 kilometrokoa, Sirmione eta Volta Mantovana lotuko ditu, 11.55etatik aurrera. Profil laua dauka etapak eta beraz, sprinterrentzat izan daiteke egokia.

Laboral Kutxa

Laboral Kutxak bere estreinekoa izan zuen Giroan eta txukun aritu ziren txirrindulariak. Usoa Ostolaza izan zen euskaldunik onena, 75. postua lortuta, irabazlearengandik minutu bat eta 44 segundora. Ane Santestebenak, taldeko liderrak, 115. bukatu zuen, 2 minutu eta 19 segundora.

1. etapa

1.    Elisa Longo (Lidl-Trek)    20.37        
2.    Grace Brown (FDJ)      +0.01
3.    Brodie Chapan (Lidl-Trek)      +0.13
4.    Lieke Nooijen (Visma)      +0.23
5.    Lotte Kopecky (SD Worx)      +0.25
6.    Elena Hartmann (Roland)      +0.28
7.    Juliette Labous (DSM)      +0.29
8.    Ruth Edwards (WTW)      +0.30
75.    Usoa Ostolaza (Laboral K.)      +1.44
115. Ane Santesteban (Laboral)      +2.19
    
Sailkapen nagusia

1.    Elisa Longo (Lidl-Trek)    20.37        
2.    Grace Brown (FDJ)      +0.01
3.    Brodie Chapan (Lidl-Trek)      +0.13
4.    Lieke Nooijen (Visma)      +0.23
5.    Lotte Kopecky (SD Worx)      +0.25
6.    Elena Hartmann (Roland)      +0.28
7.    Juliette Labous (DSM)      +0.29
8.    Ruth Edwards (WTW)      +0.30
75.    Usoa Ostolaza (Laboral K.)      +1.44
115. Ane Santesteban (Laboral)      +2.19