INFO

EH Baiko Peio Dufauk lortu du eserlekua, NFP-eko beste bi hautagaiekin batera

Historikoa. Euskal Herrian abertzale bat hautatu dute herritarrek Frantziako Nazio Biltzarrerako. Seigarren barrutian hautatu dute NFP koalizioaren barruan aurkeztu den EH Baiko ordezkaria. Euskal Herriko beste bi barrutietan ere NFP-eko hautagaiek irabazi dute bigarren itzuli honetan.

Herritarrak bozkatzen hauteskunde legegileen bigarren itzulian. (Patxi BELTZAIZ)

Lehia nagusia seigarren barrutian izan da, lehen itzulian alde txikienak hortxe izan baitziren. Azkenean, baieztatu da EH Baiko Peio Dufauk irabazi duela, Christian Deveze (Modem-Ensemble) hautagaiak boz asko bildu badu ere, RNren kaltetan. Historikoa da abertzaleek eserlekua lortzea. Lehen aldia da ezkerreko independentismoarentzat.

Beste bietan garaileak lehen itzuliko berberak izan dira: Iñaki Echaniz, laugarren barrutian, eta Colette Capdevielle, bosgarrenean. NFP (Fronte Herritar Berria) indar batuketak funtzionatu du.

Gaurko bigarren itzulian hiru hautagai izan dira seigarren eta laugarren barrutian eta bosgarrenean buruz burua izan da.

Seigarren barrutian, beraz, Peio Dufauk bozen %36,28 lortu du, 27.117 boto. Gehiengo presidentzialaren Christian Devezek, berriz, %35,33 eskuratu du, 26.403 boz. Eta RNko Victor Lastecoueresek %28,39 izan du, 21.222 boz.

Bosgarren barrutian aldeak handiagoak izan dira, oso handiak buruz burukoan. Colette Capdevielle (PS-NFP) hautagaiak %62,64 (40.607 boz) lortu du, eta Serge Rosso ultraeskuindarrak %37,36 (24.221).

Laugarrenean ere aldea handia izan da: Iñaki Echanizek (PS-NFP) 27.762 boz (47,92), Sylviane Lopezek (RN) 16.753 (28,92) eta Jean Lassallek (Resistons!) 13.419 (23,16 %).

Abertzale bat Parisen

Emaitza ezagutu ostean, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Peio Dufauk «argiki, momentu historiko bat» dela nabarmendu du. Hunkitua azaldu da, eta NFP-eko hiru hautagaiek irabazi izana ere goraipatu du. Abertzaleekin kontatuz gero garaipena lor daitekeela gaineratu du. Aldi berean, Frantzia mailan ultraeskuinak gehiengoa lortu ez izana bereziki nabarmendu du.

Parisera sozialki «aintzinamenduak» lortzera doala adierazi du, «laborarientzat, langileentzat...». Ultraeskuinaren aurrean, bere iritziz, ezkerrak haserre dagoen jendeari  batera aritzeko gai dela erakutsi behar dio.

Euskal Herria ere badarama Parisera. Gainerako alderdiekin hitz egiteko bertan abertzale bat kokatu izana garrantzitsutzat jo du, «hemen zer gertatzen den azaltzeko».

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.