MUGIk «historiako daturik onenak» lortu ditu 2023an: 69 milioi bidaia ordaindu dira
MUGI txartelarekin iaz baino 12 milioi bidaia gehiago ordaindu ziren 2023an Gipuzkoako Azahara Dominguez diputatuak emandako informazioaren arabera. Guztira 69 milioi bidaia ordaindu zirela azaldu du, eta erabiltzaileen profil nagusia emakumezkoa eta Donostialdean bizi dena dela adierazi du.
MUGIk 2023an «historiako daturik onena erregistratu zuen», adierazi du astelehen honetan Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek egindako balorazioan. Emandako datuen arabera, 69 milioi bidaia ordaindu ziren txartel horrekin, aurreko urtean baino 12 milioi gehiago.
MUGI sisteman txertatutako garraio publikoetan egin ziren 83 milioi bidaietatik, 69 milioi baino gehiago ordaindu ziren txartelarekin, Dominguezek jakinarazi duenez, eta guztira, 130.473 txartel saldu zirela azpimarratu du, horietatik 92.709 arruntak, eta 37.764 anonimoak.
2024ko lehen hilabeteetan ere, «goranzko joera» mantetzen ari dela adierazi du: «Eskura ditugun datuekin jadanik esan dezakegu urtarriletik maiatzera 60.253 txartel jaulki direla (aurreko urteko aldi berean baino % 17 gehiago), eta 34,3 milioi bidaia egin direla (2023ko lehen bost hilabeteetan baino ia milioi bat gehiago)».
Erabiltzaileen profilaren inguruan ere hitz egin dute agerraldian. MUGIren erabiltzaileen gehiengoa «emakumea da, Gipuzkoan bizi dena eta hiri-autobusak erabiltzen ditu», azaldu du diputatuak. Datuak xeheki aztertuta ere hori ondorioztatu daiteke, hamarretik sei dira emakumeak; erabiltzaileen %92 Gipuzkoan bizi da, eta %53a Donostian edo Donostialdea bizi da.
Gainera, MUGIrekin ordaindutako bidaien lehen postuan DBUS dago, bidaia guztien %36 baitira DBUSean egindakoak: %32 Lurraldebusean egindakoak, %19 Euskotrenean eta %9 Renfen.
Pasaiako txalupa eta Loiura autobusa
Dominguezek gogorarazi du azken hilabeteetan bi eskakizun «historikori» erantzun zaiela: Pasaiako txalupa eta Loiuko aireportuko autobusa MUGIn sartzea, «horrek erabiltzaileentzat suposatu duen aurrezpenarekin». Datozen hilebateei begira, lanean ari direla aurreratu du MUGI birtuala martxan jartzeko, eta «MUGIren elkarreragingarritasuna handitzeko Bizkaiko hiriarteko autobusetan, horrela, MUGIrentzat erabateko elkarreragingarritasuna lortuz garraio-sare publikoan».
«Datu horiek erakutsen digute MUGI Gipuzkoan oso finkatuta dagoela. Garraio-sistema bateratuak deskontu eta hobari handiak eskaintzen dizkie erabiltzaileei, garraio publikorako sarbidea demokraizatzeko eta Gipuzkoa bidezkoago eta kohesionatuago baten eraikuntzan aurrera egiteko», ondorioztatu du diputatuak.