«Ondo ikusten dut neure burua eta aukera gehiago etortzekoak dira, esperantza hori dut»
Protagonista izaten ari da Tourrean Alex Aranburu. Igandean garaipena borrokatzeko gertu aritu zen, Oier Lazkano taldekidearekin batera ihesaldian sartu baitziren, baina bigarrenak zulatua izan eta aukerak galdu zituen. Aranburuk, aldiz, gertuago izan zuen, baina ez zion amaiera ona eman.
Atseden egunean harrapatu du NAIZ Irratiak Alex Aranburu, igandean hartutako betekadaren biharamunean. Ezkio-Itsasoko txirrindulariak oso gertu izan zuen garaipena Troyesen hasi eta bertan amaitutako igandeko etapan, laugarren izan baitzen Anthony Turgis frantsesak irabazitako jardunaldian. Gipuzkoarrak «esperantza» du honelako beste egun bat iritsiko delakoan. Movistar taldearekin afaldu baino lehen egin beharreko bilera aurretik kontatu dizkigu bere sentsazioak eta hurrengo helburuak, Pariseko Olinpiar Jokoetan aritu dela jakin zen egun berean.
Lehenik eta behin, igandeko etapa hain gertu ikusi izana, garaipen hori lehiatzeak badu gozotik edo pentsatzen dut gazitik ere bai. Orduak aurrera joan ahala, joan al zara sentsazioak goxatzen?
Hasiera batean, haserre edo amorrazio handiarekin sartu nintzen helmugan, gertu ikustea edo aukera polita nuelako. Baina karrerak honelakoak dira; erabaki ez zuzen bat hartzen baduzu... Denak %100ean daude, denak daude prestatuta, denek ezagutzen dugu ibilbidea... edozein fallo txiki egiten duzula eskuetatik alde egin dezake etapak.
Zure haserrea ikusita, nire galdera nolabait erantzun duzu. Igandean kontakizunean zalantza genuen Alex Aranburuk estrategia horretan azken metroetan ea huts egin ote zuen edo indarrak dagoeneko honelako etapa batean justu zituen. Agian lehenengo arrazoiarengatik?
Ez dakit. Azkenean indarrez denok antzeko iristen gara. [Jasper] Stuyven bera oso indartsu zihoan, baina azkeneko kilometroan harrapatzea lortu genuen. Gero, nire duda, Lutsenkoren ipurdia, nik itxi nuena, odol beroarekin jokatu nuen... Odol hotzagoarekin jokatu izan banu, beste bati utziz gero, indar gehiagorekin esprintatzeko aukera edukiko nuen. Baina ikusi eta gero erraza da esatea; hor zaudenean dena ematen erabaki horiek hartzea ez da erraza izaten.
Hala ere, nolabait azken bederatzi egun hauetan, Tourraren lehen astea baino gehiago jokatu den honetan, hor ibili zara hainbat etapetan lehenengoen artean eta beste hainbatetan taldekideen alde esprintean lanean. Sentsazioa, behintzat, ona da, badagoela indarra hanketan, eta hori ere baliatu beharko da datorrenari begira.
Bai. Egia esan, hirugarren Tourra da hau eta hiruretatik ondoen sentitzen naizena hauxe da. Lehenengo aste honetan, nekea beti dago eta oso azkar ibiltzen gara. Ez dakit konfiantza puntu hori dudan baina ondo ikusten dut neure burua. Esan bezala, lehenengo etapatik, aurrean ibili gara, beste batzuetan taldekideei laguntzen, eta aukera gehiago etortzeko dira, esperantza hori dut, behintzat.
Indartsu ibili zara esprintetan, Fernando Gaviriaren mesedetan lanean. Riminin amaitu zen lehen etapa horretan, azkenean Bardet eta Van den Broeck txirrindulariek lortu zuten DSMrentzako erakustaldia. Baina Van Aert, Pogacar eta Van Gilsekin batera hantxe zinen zu. Horrelako etapa gehiago ere badatoz bigarren erdi honetan, nolabait goi mailako mendateak bai, baina bigarren mailako mendate horien etapa ederrak ere badakartza. Baten bat begiz jota al duzu?
Espero dut baietz. Egunez egun joan behar dugu. Bihar [asterate honetan] esprinta edukiko dugu, ziur aski Gaviriarekin; eta gero 11. etapa, bada, adibidez, polita. Aurrerago ere karrera nola doan ikusiko dugu. Sailkapen nagusiko disputak beraien artean saiatzen hasten direnean, horiek zailagoak izango dira lehiatzen. Baina aukera bilatzen jarraitu behar dugu eta, gainera, talde moduan ondo gaudela uste dut, animikoki ere gogotsu gabiltza, ea Enric Mas sartzen den sailkapen nagusian lehian. Horrela jarraitu behar dugu.
Igandean erremate horrek pena. Oierren [Lazkano] zulatu horrek ere ez zuen aho zapore gozoegia utzi, berari irakurri genion bezala. Momenturik okerrenean gertatzen dira honelako kontuak, eta ezin da jakin ea beste aukera bat emango zukeen amaiera horretan etapa lehiaketarako.
Hasiera batean oso ondo joan zitzaigun dena. Hirurak sartu ginen, bai Javier Romo, bai Oier [Lazkano] eta ni. Dena oso ondo zihoan; gero niri katea atera zitzaidan malda batean, pixka bat aldrebestuta ibili nintzen; gero Oierren zulatua eta karrera erabat galduta genuela ikusi genuen; gero berriz ere Romo eta ni saiatu ginen eta ahal genuenarekin etapa lehiatzea joan ginen.