INFO

120.000 herritar daude Osakidetzan espezialistaren zain; 68 egun itxaron behar dira batez beste

Lakuako Osasun sailburuak emandako datuen arabera, 120.000 pertsona daude Osakidetzan espezialista batek ikusteko zain. Batez beste 68,5 egun luzatzen da itxaronaldia. Beste 23.328 lagun ebakuntza egiteko esperoan daude. Horietako 400ek sei hilabetetik gora daramate itxoiten.

Elkarretaratzea Gernikako Ospitalean, erizain faltagatik, joan den ekainean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

EH Bilduren eta PPren eskaerei erantzunez, Osakidetzako itxaronaldien berri eman du Alberto Martinez Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean. Datu horien arabera, 119.643 pertsona daude kanpo kontsulta baten zain. Itxaronaldi luzeenak dituzten arloak berdinak dira oro har osasun zentro guztietan: traumatologia, oftalmologia, otorrinolarongologia eta ginekologia.

ESI nagusien artean arreta ematen dute traumatologoaren zain dauden Gurutzetako ospitaleko 2.452 pazienteek (batez beste 51,63 egun itxaron behar dute), dermatologoak hartzeko itxoiten ari diren 2.102 herritarrek (21,93 egun) eta otorrinoak ikusteko zain dauden 1.676 lagunek (64,73 egun).

Galdakaon, 3.015 paziente daude traumatologiako txandaren esperoan (103,28 egunera luzatzen da itxaronaldia), 1.986 lagun daude dermatologian hartzeko zain (46,62 egun) eta 1.605 otorrinolarongologiako itxaron zerrendan (61,73 egun).

Donostialdean, 4.000 pertsona daude traumatologoak ikusteko zain (118,38 egunera luzatzen da itxaronaldia), 2.062 ginekologia eta obstetriziako itxaron zerrendan (5,85 egun) eta 1.875 urologiakoan (99,94 egun).

Arabako ESIn, traumatologiako itxaron zerrendan 3.089 pertsonaren izenak daude (81,58 egun), ginekologian 2.985ena (112,11 egun) eta erreabilitazioan 2.421ena (174,6 egun).

Ebakuntzetarako itxaronaldiak

Kirurgia arloari dagokionez, 23.328 pertsona daude itxaroten, horietatik 397 sei hilabete baino gehiagoz. Donostialdeko ESIak du itxaron zerrenda luzeena, 4.416 pazienterekin. Arabako ESIak 3.935 ditu, Gurutzetako ospitaleak 3.816 eta Galdakaoko ospitaleak 1.683.

Diagnostiko probak egiteko 33,78 egun itxaron behar dira batez beste Osakidetzan. 51.328 pertsona daude zain, bereziki ekografiak, mamografiak eta TACak egiteko.

ESI eta proba mota guztietan ez da berdin

Itxaronaldiak ESIaren eta proba motaren arabera aldatzen dira. Bidasoako ESIan, adibidez, sei hilabete baino gehiago itxaron behar dira (186,78 egun) ekografia bat egiteko, eta Gurutzetako ospitalean, ia urte erdi (157,93 egun) ekokardiograma bat egiteko.

Aldiz, ekografia ginekologiko bat 1,5 egunean egin daiteke Donostialdeko ESIan, eta bost egun baino gutxiagoan Gurutzetako ospitalean. Araban, proba bera egiteko 38 egun itxaron behar dira.

Lehen Arretan 48 ordu baino gutxiago itxaron behar dira hitzordu administratiboak, erizaintzakoak, familiako medikuntzakoak eta pediatriakoak zenbatuta. Gainera, sailburuak azpimarratu duenez, pazienteak ezin duela itxaron esaten badu egunean bertan hartzen dute.

Pediatra batek hartzeko denbora gehiago itxaron behar da, eta oraindik gehiago familia mediku batek hartzeko. Badira osasun zentroak non zortzi egun itxaron behar den kabezerako medikuak hartzeko, adibidez Errenterian. Barakaldoko Zaballa anbulategian sei egun itxaron behar dira eta Bilboko Gaztelekun, bost.

Osasun Sailak Legebiltzarrera bidalitako dokumentuan agertzen denez, 2024ko urtarriletik apirilera bitartean espezialistarekin hartutako 44.500 hitzordu utzi zituzten bertan behera herritarrek, eta 44.000 diagnostiko proba ezeztatu ziren.

Udan, 1.307 ohe gutxiago

Sailburuak udan, osasun zentroetako mugimendua jaisten den garaian, egiten diren murrizketen datuak ere eman ditu. Uztailean 530 ohe itxi dira, gehienak Gurutzetako ospitalean, non 108 plaza gutxiago dauden orain. Gasteizko bi ospitaleetan, Txagorritxun eta Santiagon, 116 ohe gutxiago daude eta Donostialdean, 70 gutxiago.

Abuztuan 777 ohe kentzea aurreikusi dute: Donostialdean 176, Gasteizen 116 eta Gurutzetako ospitalean 111. Irailean ere 392 ohe gutxiago izango dira gainontzeko hilabeteetan baino.