300 pertsona baino gehiago bizi dira pobrezian eta muturreko bazterketa egoeran Donostian
Donostian 300 pertsona baino gehiago pobrezia eta muturreko bazterketa egoeran bizi direla jakinarazi dute Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareko boluntarioek. Udalari eta Foru Aldundiari pertsona horientzako baliabideetan gehiago inbertitu dezala eskatu diete.
Duela hiru urte baino gehiagotik, Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareko boluntarioek 200 afari bero baino gehigo banatzen dituzte egunero Donostiako hiru tokitan pobrezia eta muturreko egoeran bizi diren pertsonen artean. Herritar anonimoen «ahalegin, diru eta elkartasunez» egiten dute lan hori, eta behin baino gehiagotan Poliziak bideo kameraz grabatu dituela ohartu dira. Afari horiek askotan ez dira guztientzat iristen, hiru toki horietara joaten diren pertsonen kopuruak gora egin duelako. Aldiz, Udalaren baliabideak «urriak» direla salatu dute.
Astearte honetan Konstituzio plazan egin duten agerraldian ohartarazi dutenez, artatzen dituzten pertsonetako asko argirik eta urik gabeko etxeetan bizi dira, oinarrizko osasun fisiko, psikologiko eta emozionala lortzeko zailtasunekin.
Bi ekimen horietako kideek aipatu dutenez, oso kezkatuta daude bertaratzen diren pertsonen kopuruak gora egin duelako, eta askotan, pertsona hauen jatordu bakarra delako boluntarioek ematen dietena.
Donostiako alkateari mezua ere zuzendu diote: «Alkate jauna, Donostian pintxoak jatera joatea ez ezik, afari soil batekin bizirik irautea ere asko kostatzen da».
Udalak eskaintzen dituen baliabide «urriak»
Kaleko Afari Solidario eta Hiritarron Harrera Sareitk Udalak egoera honetan dauden pertsonei eskaintzen dizkien baliabide urriak salatu dituzte. Lehenik eta behin, aipatu dute, Udalak dituen elikadura prestazioen atalaren barruan ‘Otorduak’ dago, hau da, «pertsonek hiriko tabernetan jan ahal izateko kupoia». Hala ere, 65 plazako edukiera besterik ez dute eta 200 pertsonatik gorako itxaron zerrenda dago, beraz, «argi eta garbi zerbitzu hau esklusiboa da eta ez da nahikoa», ohartarazi dute.
Bigarrenik, aipatu dute, gutxieneko higienea izateko pertsona batzuek tiket bat lortzen dute astean behin dutxatu ahal izateko eta hilean behin garbigailu bat jarri ahal izateko. Baina aurrekoarekin dagoen arazo berbera dagoela salatu dute: «Eskaera hain da handia, aste erdirako guztiak amaitu egiten direla».
Hirugarrenik, udal aterpetxeek hiru hilean behin bost gau eskaintzen dituela gogoratu dute, baina «aterpetxea beti beteta egoten da eta askotan kanpoaldean lo egin behar izaten dute gau guztian zehar, goizean leku bat lortu ahal izateko».
Larrialdietarako udal zerbitzuarekin (SMUS) –errolda lortzeko jarraipena egin behar duena– gertatzen dena ere mahaigaineratu dute: «Erabat gainezka dago, jende asko egoten da kanpoan zain eta zaila dela hitzordu bat lortzea». Behin lortutakoan, «bakarrik 15 minutuz artatzen dituzte». Hala, salatu dutenez, SMUSen bitartez lortzen ziren baliabide apurrak «pixkanaka murriztu eta kendu egin dituzte», dokumentazioa lortzeko diru-laguntzak, esaterako.
Egoera «babesgabe» horretan dauden pertsona gehienak Afrika iparraldetik migratutako gazteak diren arren, «erabateko segurtasunik gabe bizi direnak» eta «egunero otordu bakar bat ere bermatuta ez dutenak», nabarmendu nahi izan dute «gero eta pertsona gehiagok» egiten dutela gaua kalean, horien artean emakumeak eta familiak. «SMUSek ez die inolako aukerarik eskaintzen azken hauei», ziurtatu dute.
Udalak hartu beharreko erantzukizuna
Kaleko Afari Solidario eta Hiritarron Harrera Sareko kideek ingurura begiratzeko eskatu diote Donostiako Udalari eta Gasteizko adibidea jarri dute. Arabako hiriburuko Udalak miloi bat euroko inbertsioa egin du inauguratu berri den Bidelan jantoki zerbitzuan, 60 plazarekin bi txandatan, hau da, 120 bazkari eta 120 afari eskainiz. Bestalde, berrikuntza bezala, eramateko gosariak gehitu dituzte, eta gune horretan bertan gizarteratzeko eta laneratzeko ikastaroak ere eskaniko dituztela.
Deitoratu dutenez, ordea, Donostiako Udalarentzat «ezarritako gizarte eta harrera politikak nahikoak baino gehiago dira», izan ere «irabazi ekonomikoak lortzen diren arloa ez denez, ezin da eskatu gastua handitzea». «Gizarte zerbitzuen zorrak udalek herritarrei eskaintzen dizkieten gutxieneko zerbitzu eta prestazio batzuk ezartzen ditu eta zerbitzu eta prestazio horiek hobetu egin daitezke beren eskumenen barruan. Oinarrizko, gizarte zerbitzuetako gastua handitzeak ongizate kolektiboa handitzea eta gizarte bazterkerian dauden pertsonak gizarteratzea eta integratzea dakar», nabarmendu dute.
Presio poliziala eta kide baten kasua
Boluntario hauek Donostiako Udalaren aldetik ikusten duten «neurri bakarra da kalea eta infraetxeak okupatzen dituzten pertsonei eta pertsona horien prozesuetan laguntzen duten kideei egiten zaien presio poliziala neurriz kanpo handitzea».
Horrela, duela bi hilabete Afari Solidarioak ekimenean laguntzen duen boluntarioetako bat salatu zuen udaltzain baten kasua azaldu dute. «Udaltzainak fisikoki gure kidea erasotu eta gero, lotan zegoen tokitik indarrez atera eta udaltzainaren aurkako atentatu batengatik akusatu dute». Adierazi dutenez, pertsona horrek «ahal duen guztia» egiten duela «bizitza duina eraman eta etorkizunean aukerak lortu ahal izateko», baina «Udal honen erantzuna kriminalizazioa eta egoera hobetzeko bide guztiak oztopatzea da».
Horren aurrean, Udalari salaketa lehenbailehen kentzeko eskatu diote.
Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareak dei egin diete Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari babesik ez duten pertsonentzako baliabideetan diru gehiago inbertitu dezaten.