INFO

Emakume bat atxilotu dute Bilbon bikotekidea hiltzen saiatzeagatik

Ertzaintzak burutu du atxiloketa. (Ertzaintza)

Ertzaintzako agenteek 38 urteko emakumezko bat atxilotu dute Bilbon, hiriko etxebizitza batean bikotekidea hiltzen saiatzea leporatuta, asteazken honetan zabaldu denaren arabera.

Gizona ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian eta erietxeratuta geratu zen jasandako lesioen ondorioz, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak astelehen arratsaldeko lehen orduan izan ziren, Bilboko etxebizitza batean. Ertzaintzako patruilak bertaratu ziren, liskar baten berri izan ondoren, eta odol arrastoak zituen emakume batek ireki zien etxeko atea. Polikideek laguntza eman zioten, ustez odola zerion lesiorik ez zuen arren.

Emakumeak jakinarazi zuen eztabaida izan zuela bere bikotekidearekin eta hura barruan zegoela. Geletako batean, agenteek gizon bat aurkitu zuten lurrean botata, konorterik gabe eta arnasa hartzeko zailtasunak zituela.

Gainera, odola zerion zauriak zituen, bi besoetan ebakiak batez ere. Egoera horren aurrean, osasun baliabideak bertaratu ziren eta, biktima bertan artatu ondoren, hiriko ospitale batera eraman zuten anbulantzian eta han erietxeratu zuten.

Hortik aurrera, Bilboko Ertzain-etxeak ikerketa abiatu zuen, gertatutakoa argitzeko. Bada, honen ondorioz, emakumea atxilotu egin dute azkenean, hilketa saiakera egotzita, eta horrekin batera gizona ikertzeko eginbideak hasi dituzte genero indarkeriako ustezko delitu batengatik. Polizia izapideak bukatu ondoren, atxilotua epaitegira eramango dute.