INFO

2025eko maiatzaren 25ean ospatuko da Ibilaldia Galdakaon

2025eko maiatzaren 25ean ospatuko da Ibilaldia Galdakaon ‘Magaletik herrire euskera erdire’ lelopean. 1966an sortutako Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du Bizkaiko ikastolen jaia.

San Nikolas eta Eguzkibegi ikastoletako ordezkariak Bilbon izan dira ostegun honetan, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian. (IKASTOLEN ELKARTEA)

«2025eko maiatzaren 25ean ospatuko dugu Ibilaldia eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dugu. Ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaldu nahi dugu».

Hala iragarri dute ostegun honetan Josu Telleria Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, Unai Arzubiaga Getxoko San Nikolas Ikastolako lehendakariak, Gaizka Arrizabalaga San Nikolas Ikastolako zuzendariak, Oihane Arana Eguzkibegi Ikastolako lehendakariak eta Jon Feliz Eguzkibegi Ikastolako artezkaritzako kideak Bilbon egindako agerraldian.

Bertan azaldu dutenez, datorren urteko Ibilaldia Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du ‘Magaletik herrire euskera erdire’ lelopean. «Ikastolak eskaintzen duen familia giroa islatzen du magalak, eta era berean ikastola kokatuta dagoen mendi magalari ere egiten dio erreferentzia. Herrira horrekin ikastolak herriarekin duen lotura islatzen du, ikastola herrira doala, ikastola herria dela».

Helburuen artean agertzen dira euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintza indartzea; hezkuntza «eraldatzaile eta berritzailea» bultzatzea eta «inklusibitatea kontutan hartuta jaia diseinatzea». Behar ezberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatu nahi dute, «hau da, guztiontzako Ibilaldia garatu».

Galdakaoko ikastolak 58 urte

Galdakaon 1966an sortu zen Eguzkibegi Ikastola, eta ordutik lanean izan dira «erreferente argia» izaten jarraitzeko herriko hainbat eta hainbat familiatako seme-alaben heziketan.

Zabaleako txaletean gauzatu zen ikastola 1967an, 35 haur eta andereño birekin. «Ordutik honainoko bidea erraza izan ez den arren, une oro izan du herria eta herritarren babesa. Urte hauetako guztietako elkarlana kooperatiba batean gauzatu genuen 1973an, bide egokia hautatu genuelako adierazgarri», diote, kooperatibaren izaera nabarmenduz

«Kooperatiba gara, denon artean eta denontzat bultzatzen dugun proiektua da gurea; atzean, hezkuntza komunitatearen eta gurasoen konpromisoa irmoarekin. Gainera, gure ildo pedagogikoa lantzen dugu, guretik eta guretzat sortutako material didaktikoarekin eta hezkuntza eredu berritzaileak landuz, etorkizunerako prest egongo diren pertsonako hezteko», gaineratu dute.