AEBetako Glitterfox taldeak euskaraz eta disco ukituarekin grabatu du ‘Xalbadorren heriotzean’
Glitterfox indie-rock taldeko abeslaria, Solange Igoa, euskal jatorriko amerikarra da eta txikitatik ezagutzen du ‘Xalbadorren heriotzean’ kantua. Euskaraz eta disco ukituz egin duten moldaketa sareratu berri dute.
Antzinako euskal artzain askok egin zuten bezala, gure kantutegiko Urepeleko artzain ezagunak ere Amerikako bidea hartu du, baina ez Mendebalde Urruneko lur bakartietan lanean aritzeko, Ozeano Barearen ertzeko hiri modernoetako musikazaleak dantzan jartzeko baizik. Izan ere, Portland hiriko Glitterfox indie-rock taldeak ‘Xalbadorren heriotzean’ kantuaren bertsio berritua aurkeztu du eta laster argitaratuko duen diskoan ere sartuko du. Melodia ezaguna eta euskarazko hitzak oinarri hartuta, disco estiloko tankera eta tempo biziagoa eman dizkiote, pieza dantzagarria lortzeko.
Solange Igoa abeslariaren eskutik sartu da euskal kanta tradizional bat Glitterfoxen errepertorioan. Kaliforniako euskal-amerikarren familia batean hazi zenez, txikitatik ezagutu izan ditu Euskal Herriko musika eta dantzak, kantuak eta ohiturak. Bakersfieldeko euskal jaiak barru-barrutik bizi izan ditu, eta, gaur egun lantzen duen estiloa erabat desberdina bada ere, ‘Xalbadorren heriotzean’-i esker lotu ahal izan ditu arbasoen oihartzunak eta grina artistiko garaikidea.
Glitterfoxen beste zutabea Andrea Walker da, Igoaren bikotekidea. Hamarkada bat baino gehiago daramate elkarrekin sortzen eta abesten, musika baita haien barneko kezkei erantzuteko bidea. Eric Stalker baxu jolea eta Blaine Heinonen bateria jolea dira Glitterfoxeko gainerako kideak.
Portlanden errotutako laukotearen arabera, indie-rock etiketaren azpian, ereserki nostalgikoen eta AEBetako hegoaldeko doinuen arteko orekan aritzen dira, disco, grunge eta americana ukituekin. Iaztik hona, dozena erdi singletik gora plazaratu dituzte, denak ingelesez, ‘Xalbadorren heriotzean’ izan ezik. Ez alferrik, Glitterfox Ipar Amerikako eszena independentearen erakusgarri peto-petoa da.
AEBetako musika garaikidearen eta euskal kantutegiaren arteko uztarketa ‘Xalbadorren heriotzean’-en bertsioarekin plazaratu duten bideoan ere nabari da, Ipar Euskal Herrian 1990eko hamarkadan grabatutako eszenak tartekatu baitituzte.
Komunitate euskal-amerikarra harro egoteko moduan da Glitterfoxen ekimenari esker, batez ere, Pierre Igoa, Solangeren aita eta Kaliforniako euskal-amerikar engaiatua. Hark jo ditu tronpeta eta fliskornoa Xalbadorren heriotzean-en grabazioan. The Decemberist taldeko Jenny Conlee arduratu da akordeoiaz.