INFO

Euskal selekzioaren aldarria berrindartu da, Eurokopako finalari erantzunez

Euskal selekzioaren aldeko mezuak eta ekimenak biderkatu ditu igande honetan jokatuko den Eurokopako finalak. «Espainolizazio kanpainaz» ohartarazi dute: zenbait hiritan Espainia-Ingalaterra ikusteko pantaila erraldoiak jarriko dituzte, diru publikoa erabiliz.

Euskal selekzioaren aldeko pankartak agertu ziren jada asteartean, Espainia eta Frantziaren artekoaren harira. (NAIZ)

2008 eta 2012 urteen artean gertatu zen bezala, gizonezkoen futbol selekzioaren garaipenen eskutik Espainiaren aldeko kanpaina politikoa ari da hedatzen Euskal Herrian. Horren adibide dira igande honetan lau herrialdetako zenbait hiritan jarriko diren pantaila erraldoiak, Berlinen jokatuko den finala ikusteko, ‘La Roja’ sailkatu delako hartu baitira erabakiak. Baina honen guztiaren aurrean ere bada beste berpizte bat; euskal selekzioaren aldekoa. Sareetan mezuak, kaleetan pankartak, Ernaik luzatutako boikotera deia, euskal klubek zabaldutako hainbat mezuk izan duten erantzuna... eta iganderako prestatzen ari diren mobilizazioak ere batu behar zaizkio.

Iruñean (21.00), Gasteizen (19.00), Bilbon (20.30) eta Algortan (18.30), besteak beste, kalera ateratzeko asmoa dute igande honetan, euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde eta espainolizazio dinamikak salatuz.

Gehien zabaltzen ari den ekimena momentuz sare sozialetan gertatzen da, mezu xume batekin: ‘Gurea, euskal selekzioa’. Izan ere, Europako lehiaketan estaturik gabeko nazio batek hartu du parte arazorik gabe (Eskozia) eta azken hamarkadotan sortutako estatuak ere lehiakide izan dira (Kroazia, Georgia), baina euskal selekzioari eskubidea ukatzen zaio oraindik ere. «Ez duelako estatu independente bat ordezkatzen» hartu zuen erabakia UEFAk 2021. urtean.

 

EH Bilduko koordinatzaile nagusi den Arnaldo Otegik mezu hori hedatu du.

 

EAJko zenbait ordezkari eta taldeek ere gauza bera egin dute.

 

Astearteko finalerdian jada, Frantzia eta Espainia aurrez aurre zirelarik, euskal selekzioaren aldeko mezu ugari agertu zen kaleetan, bi hamaikako horiek ez dutela Euskal Herria ordezkatzen salatuz.

Mezu ofizialetan, ordea, euskal selekzioaren auzia alboratzen ari da eta euskal jokalariek Luis de la Fuente buru duen taldean duten protagonismoa nabarmentzen ari da. Ukaezina da azken hau, finalerdian minutu askotan bost euskal jokalari izan baitziren zelaian elastiko gorria jantzita, ia talde erdia.

Munduko klub gehienek egin ohi duten bezala, Eurokopan parte hartzen duten beren futbolariei animoak eman dizkiete euskal klubek sareen bitartez. Realak eta Athleticek helarazitakoek zaleen zenbait kritika eragin dituzte, Espainiaren aldekotasuna erakustea soberan dela uste dutelako.

 

Anekdota gisa nahi bada, kontrako norabidean egoera bitxia sortu zen Eurokopa honen hasieran, Espainiak eta Kroaziak indarrak neurtu zituztenean. Osasunak bere jokalari Ante Budimir kroaziarraren alde egin zuen sareetan eta iritzi kontrajarriak ekarri zituen honek.

Pantaila erraldoiak eta Ernairen deia

Sareetan igande honetan euskal selekzioaren elastikoa jantzita edota ikurriñarekin kalera ateratzeko deia egin dute zenbait txiolarik.

Iruñean bereziki indarra hartzen ari da aldarria, Sanferminetan gertatzen baita. Ostiralean Zezen Plazan ‘Que puta es España’ kantua abestu zuten ehunka peñakidek, eta txistuka erantzun zieten beste zenbaitek itzalpeko eserlekuetatik. Egoera bitxia sortu daiteke igande honetan, bertan Sanferminei egiten zaien agur-ekitaldi jendetsua 21.00ak aldera hasten baita, eta ordu berean jokatuko da norgehiagoka Berlinen. Zein ospakizun nahiagoko dute zale espainiarzaleek eta zein euskal selekzioaren aldekoek? Zalantza handirik ez...

 

Nafarroako hiriburuan pantaila erraldoia jarriko dute, ez Alde Zaharrean, Yamaguchi plazan baizik, udal batzarraren gehiengoak hala erabakita. Gauza bera egingo dute Donostian (bi tokitan), Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, Portugaleten edota Ermuan.

Bilbon PPk berak ordainduko du pantaila, kanpaina hau politikoa dela garbi utziz. Iruñean ere pantaila erraldoia Gaztelu Plazan izan zedin saiatu da alderdi hau, baina ez du lortu.

Honen guztiaren aurrean boikoterako deia egin du Ernaik mezu honen bitartez. Mobilizazioak iragarri ditu eta guztiaren gainetik euskal selekzioa aldarrikatzeko aukera nabarmendu du.