INFO

‘Ibaitik itsasora Palestina askatu’ aldarrikatu dute Sanferminetako kalejira batean

Ehunka lagun elkartu dira larunbat arratsalde honetan Palestinaren aldeko kalejira batean, Iruñeko Sanferminen baitan, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatuta. Ez da lehenengoa izan; jai hauetan nonahi azaleratu dira herri palestinarra babesteko aldarriak eta ekintzak.

Palestinar bandera handi baten atzean egin dute bidea. (Idoia Zabaleta | Foku)

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, ehunka lagun atera dira kalejiran Iruñeko Sanferminen azken aurreko egun honetan, ‘Ibaitik itsasora Palestina askatu’ oihukatuz. San Frantzisko plazatik abiatu dira, 18.30ean, eta jai hauen gune nagusiak direnak zeharkatu dituzte: Gaztelu Plaza, Udal Plaza...

Palestinar bandera handi baten atzean ibili dira. Manifestari askok ikur bera eraman dute eskuetan. Sionismoaren aurkako oihuak nagusitu dira.

Sanfemin hauetan nonahi zabaldu dira Palestinaren aldeko aldarriak. Herri Sanferminak horrekin abiatu zituzten uztailaren 6an, eta kolore gorria beltz, txuri eta berdearekin elkartu da leiho askotan, peñen pankartetan, zezenketetan, bazter guztietan.

Beste kalejira bat ere bai, peñek antolatua

Peñek ere kalejira egin zuten herri palestinarraren alde, ostegunean. Inprobisatua izan zen, momentuko gauza, norbaitek proposatu zuen eta peña guztiek onartu zuten. ‘Free Palestine’ lelodun pankartarekin zeharkatu zituzten festaz betetako karrikak, San Frantzisko plazatik Zezen plazara arte, Palestina aske bat defendatuz eta Israeli egiten ari den genozidioa gelditu dezan exijituz.

Nafarroako bandera eta palestinarra elkartu zituzten gazatarrak oroitu eta omentzeko.