INFO

Hondarribiaren eta Zierbenaren lehiarako gogoak zapuztu ditu Urdaibai lider sendoak

Bermeotarrek denboraldiko bere lehen garaipena eskuratu dute Portugaleten, Sestaoko Banderan. Zierbena izan da bigarrena eta Hondarribia, hirugarren.

Bandera astindu du berriro ere Urdaibaik, kasu honetan Sestaokoa. (Oskar MATXIN | FOKU)

Garaipen egarriz da Bermeo Urdaibai, eta broma dirudi sasoi hasiera honetan ikusitakoak ikusita. Atzo arte bandera guztiak irabazita iritsi zen Bilbora, baina bertan Zierbenak "lapurtu" zion garaipena. Honek amorrazioa ekarri zuen Bermeoko trainerura, eta igande honetan bere estatusa azpimarratu du Portugaleten, Sestaoko Banderan gailenduta.

Azken unera arte mantendu da emozioa eta bertan ikusi da Gorka Aranberri patroia, nahi duenean, odol hotzekoa dela. Azken luzean Hondarribiak aurrea hartuta zuela, bi segundoko aldea zuen Zierbenarekiko eta Bermeo pixka bat atzerago zetorren.

Baina "Bou Bizkaia"k zierbenarren eta berdeen lehiarako gogoak zapuztu ditu azken luze horretan. Ibaiaren izkin batetik –Hondarribia beste izkinetik zihoan–, pausoz pauso metroak atzean utzi eta garaipenarekin egin da. Atzetik, Zierbenak Hondarribia aurreratu du eta "Ama Guadalupekoa"k hirugarren postuarekin konformatu behar izan du bideo-finisha ikuskatu ostean. 22 ehuneko aldea egon da Zierbena eta Hondarribiaren artean.

Lehenengo aldiz sasoi honetan, Ioseba Amunarrizen arraunlariek erakutsi dute garaipenagatik lehian egon daitezkeela. Bestalde, Orio laugarren izan da, 19 segundora, eta Donostiarra baino segundo bat azkarragoa izan da.

Bigarren txanda: Donostiarra azkarrena; Kaikuk eguna salbatu

Ohorezko txandan ezin egoteko amorruarekin, Donostiarrak bigarren txanda irabazi du. Ez du nagusitasun osoz egin, baina bai distantzia nahikoarekin "lasai" ibiltzeko.

Lehenengo paladetan lehen txandan aritu direnen denborak hobetu ditu "Torrekua II.a" ontziak, baina lehenengo ziabogan ezin izan ditu hobetu Lekittarra eta Caborenak.

Bien bitartean, Kaiku antolatzaileak postua galdu du Getariarekin eta hortxe hasi dira sestaotarrak goitik behera egiten. Bigarren maniobran, Donostiarrak azkenik lortu du lehen txandakoen markak haustea eta hurrengo luzean Ondarroa Donostiarraren uberan ipini den bitartean, Kaikuk denbora asko galdu du.

Azken maniobran, Donostiarrak baliza "jan" du, engantxatuta geratu dira arraunekin, baina hori ez da oztopo izan azken luzean lehen postuari eusteko. Atzetik, Getariak oso azken luze ona egin du. "Torrekua II.a"ren atzean ipini da, baina getariarrek ezin zian diote Ondarroa on bati bigarren postua kendu. Kaikuk, bestalde, denbora gehiegi galdu du, baina behintzat eguna salbatu ahal izan du, San Pedroren aurretik amaituz.

Lehen txanda: Cabo-Lekittarra lehia bizia

Estropadari hasiera eman dion norgehiagokan, Cabok eta Lekittarrak oso lehia bizia mantendu dute hasiera-hasieratik, nahiz eta galiziarrek azken luzean erabaki duten txandako irabazlea.

Azken ziabogan dagoeneko aurrea hartu du Cabok. Lekittarrak korrontearen eragina sufritu du eta segundo batzuk galdu ditu hortxe, baina lehenago bizkaitarrak izan dira aurrea hartuta zutenak. Bi ontziak –Cabo lehen kaletik eta Lekittarra bigarrenetik– oso gertu aritu dira elkarren artean estropadan zehar. Pentsa, bigarren ziaboga ostean, maniobra arriskutsua ikusi da epailearen zodiac-arekin. Izan ere, geldi geratu eta Lekittarra eta Caboren artean pasa da, bien artean tarte txikia zegoenean.

Zorionez ez da ezer gertatu eta lehiak jarraitu du, esandako azken luzera arte. Bertan, galiziarrek beste puntu bat sartu eta txanda irabazi dute. Atzetik, beheko postuetan jarraituko dute San Pedrok eta Bueuk.

Sestaoko XXIII. Bandera:

1. Urdaibai 19:55.79
2. Zierbena 19:58.09
3. Hondarribia 19:58.31
4. Orio 20:15.15
5. Donostiarra 20:16.64
6. Cabo 20:22.78
7. Ondarroa 20.23.02
8. Getaria 20:23.94
9. Lekittarra 20:27.68
10. Kaiku 20:41.36
11. San Pedro 20:45.58
12. Bueu 20:55.66

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 71 puntu
2. Zierbena 64 p.
3. Hondarribia 59 p.
4. Orio 55 p.
5. Donostiarra 48 p.
6. Getaria 40 p.
7. Ondarroa 31 p.
8. Cabo 28 p.
9. Lekittarra 28 p.
10. Kaiku 24 p.
11. San Pedro 14 p.
12. Bueu 6 p.