INFO

‘Belak mastara eta euskara plazara’ aldarriarekin ospatuko dute Donostiako Piratek Aste Nagusia

Donostiako Piratek beren 22. Aste Nagusirako prestatu duten egitarauaren berri eman dute. Zortzi egunez, abuztuaren 10tik 18ra, hiriko hainbat gune hartuko dituzte ‘Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!’ lelopean.

Donostiako Piraten agerraldia, Aste Nagusia aurkezteko. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urtero bezala, aurten ere, abuztuaren 10tik 18ra Donostiako Piratak hainbat ekintzaz eta ekitaldiz gozatzeko aukera emango dute. «Mugimenduaren ikur» bilakatu den Abordatzea, Donostiako Piraten hitzetan, abuztuaren 12an izango da, astelehenaean.

Ohi bezala Ezkila kapitaina egongo da Matti laguntzailearekin, eta azken honek aldarri bat eramango du besapean, Piraten baloreekin bat datorren lana egiten duten mugimendu, elkarte edo taldeak ordezkatuz. Talde horietako batzuk, Martuteneko Auzo elkartea, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Zaporeak elkartea izango dira besteen artean.

Mugimenduak nabarmendu duenez, 2024an herritik eta herriarentzako lanean lehen lerroan egon den talde baten lana goraipatzekoa da: Kaleko Afari Solidarioak elkartea, Donostiko hirian baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko elkarturiko boluntario taldea, hain zuzen.

Leloa eta kontzertuak: Bulego, Belako...

Donostiako Piratek aipatu dute, beraien leloaren bidez, argi utzi nahi dutela «gurea euskararen plaza dela» eta «festa euskalduna eta euskaltzalea» izango dela. 

Hainbat kontzertu eta emanaldi izango dira zortzi egunetan, abuztuaren 10tik 18ra, Flamenka eta Trinitate Plazako guneetan. Aipatu dutenez, tokiko musikariei nahi izan diete lehentasuna eman eta horrela, programazio «euskaldun eta feminista bat» sortu dute.

Flamenka plaza alaituko dituzten ekitaldiak, Akerbeltz erromeria taldea, Bulego, Belako eta Hofe x 40 talde gazteak, Tremenda Jauria-ren eta Sara Socas-en eszenaratzeak, La Fulana eta Los Zopilotes Txirriaos, Juantxo Skalari edota Nakar taldearen doinuak izango dira.

Bestalde, Trinitate plazak, Donostiako Piratek azaldu dutenez, «eskaintza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedea izango du». Besteak beste, Andoni Oilokiegi edota La Jodedera taldeak pasatuko dira bertatik.

Haurrek ere izango dute aukera piraten Aste Nagusian, «partxea jantzi eta pirata sentitzeko», izan ere, hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak egingo baitituzte, hala nola, ur-jolasak, jockey tailerrak edota Abordatze Txikia.

«Erasorik gabeko jaiak»

Aurten ere Piraten Lantalde Feminista martxan jarri dela eta aurreko urteetan hartutako lan ildoetan sakontzen jarraitzeko lanean ari direla aitortu dute: «Erasorik gabeko festak eta hiria nahi ditugu jai hauetan ere». Hala, kai gunean erasoak salatzeko puntu more bat jarriko dute eta, horretaz gain, Bulebarreko artatze gunera joateko laguntza emango diote hori jasan duenari.

Bulebarrean, Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du Udalak behar duenari laguntza edo lehen arreta emateko. Gune hau 21 orduz egongo da irekita, 13:00etatik hurrengo eguneko goizeko 10:00ak arte.

«Aurreikuspenak egitea zaila bada ere, zoritxarrez, erasoak egongo direla» uste dute eta horregatik abuztuaren 17an, arratsaldeko 20:00etan Flamenkan eraso horiek salatzeko egingo duten elkarretaratzean parte hartzera dei egiten diete pirata zein herritar guztiei.

Aurtengoan aipatu dute aurrerapauso batzuk eman dituztela, «abuztuaren 13an, gure egitarauaren bidez, jai gunea hartzearen apustua egingo dugu, ertzetan kokatzen garen disidenteok jaiaz goza dezagun. Horren erakusle izango dira, besteak beste, kalejira aldarrikatzaile trasfeminista eta gaueko eskaintza».