INFO

El Pobal, 1965era arte lanean ibili zen burdinola, museo bizia da

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Muskizetik oso gertu, Sopuertarako errepidea jarraituz, ‘El Pobal’ dioen seinaleak aparkaleku handi batera darama. Handik ez da burdinola zaharra ikusten, aldats behera doan bidea hartu behar da. Berde dirdiratsuz jantzitako basoaren ondoan doa bidexka, erreka garden batek dakarren doinuaz inguratuta. Freskura itzela sumatzen da. Euriek beste garai batzuetako irudi bera erakutsiko dute seguruenik. Metro batzuetara, harrera egiten duen lehen eraikina agertu zaigu: baserri txiki zahar bat da, eta ondoan, burdinola, bere ubide eta ur-jauzi harroarekin. El Pobaleko burdinola da, Bizkaian lanean jarraitu zuen azkena. 1965. urtera arte burdinazko lanabesak irten ziren hortik. Horrek kontserbazio egoera ona izatea ekarri du. Egun museoa da, 20 urte bete berri dituena. Erakusteko prestatua, burdina ekoizten jarraitzeko prest du makineria. Harrizko eta zurezko horma lodi horien artean mugitzea lanbidea eta bizimodua zuzenean arnastea da, denboran izoztuta geratu balira bezala. Burdinaren artisau-industriaren historian barrena egindako bidaia da, makineria itzela mugiarazteko indarra eman zuen beste protagonistaren ondoan: Barbadun ibaia.

XVII. mende hasieran eraiki zuen burdinola Salazar sendiak, eta orduko magia gorde badu ere, gaur egungo eraikuntza eta makineria “berriagoak” dira, XIX. mende amaierakoak, hain zuzen ere. Azpiegitura ere kontserbatu du: presak, ubideak... Ez zen bakarra Bizkaian: 200 burdinola baino gehiago egon ziren herrialdean.

Burdingintzarako dena zuen Bizkaiak

Silvia Rubio museoko teknikariarekin egin du bisita GAUR8k. Azalpenen artean dio burdingintzaren tradizioa oso errotuta egon dela herrialdean, eta horretarako arrazoi sendoak daude, baldintza bereziak zituen eta: ibaiak, makineria martxan jartzeko uraren indarra izateko; basoak, erregaia, egur-ikatza, eskura izateko; burdin mineral ezin hobea, kalitatea handikoa, eta itsasoa, oso gertu, burdina merkaturatzeko. Barbadun ibai ondoko El Pobalek burdin harria lantzeko behar zen guztia zeukan, eta produkziorako prestatu zen burdinola eta errota-lanak uztartzen zituen. Olagizonen etxebizitza, irin-errota, ogi-labeak, baratzak, mendiak... eta oso lanbide gogor bat. Horiei buruz hitz egin du Rubiok eta zeregin zehatzak eta espezializatuak zeuzkatela zehaztu du. Sei langile aritzen ziren burdinolan txandaka gau eta egun. Ofizioaren gogortasuna islatzen duen esamoldea egin zen ezagun: “Olatik berri onik ez”. «Oso lan-baldintza gogorrak zituzten, istripu asko zegoen -kolpeen edo erreduren ondorioz-, beroa, kea eta erredukziorako beharrezkoak ziren gasak arnasten zituzten... Pentsatu barruan ikatz tonak zituztela, eta sua etengabe piztuta zegoela; batekin amaitu bezain pronto, berriz ere labea bete eta jarraitzen zuten lanean», dio teknikariak.

Gizonak burdinolan, emakumeak baserrian

Bizimodu hartan sakontzeko, Rubiok aipatu du urteko hilabete lehorrenetan baino ez zutela lana eteten burdinolan, ibaiak ur gutxien zeraman hilabeteetan, hain zuzen ere. Garai hura mantentze-lanak egiteko baliatzen zuten, edo beharrezkoa zen materia ekartzeko, ikaztegiak betetzeko. Baldintza klimatikoaren arabera berrabiaratzen zen lana, San Migel inguruko egunetan edo San Martinen, lehortearen arabera, eta San Juan inguruko egunetara arte irauten zuen.

Burdinolaren lan prozesuan emakumeek ez zuten protagonismo handirik; bai, aldiz, errotan. Garaiko bizimodura itzulita, Rubiok azaldu du denboraldiko lana zenez, gizonak burdinolan zeuden bitartean emakumeak baserriko lan guztiaz arduratzen zirela. Emakumeak bakarrik geratzen ziren baserrian, hango lan guztiak egiteko, eta kontuan hartu behar da martxan zegoenean, burdinolan, lana 24 orduz baino ez zela eteten, larunbat eguerditik igande eguerdira.

El Pobalen, burdina ekoitzi eta lantzeko prozesuez gain, beste detaile asko ere aurkituko ditu bisitariak. Izan ere, hainbat ikerlanen emaitzak biltzen ditu museoak; horietako bat, aztarna historiko bitxiak erakusten dituena. Izan ere, atal bat Muskizko San Julian elizan agertutako grabatuei buruzkoa da, eta historia benetan bitxia du, burdingintzak Bizkaian zeukan tradizioa eta burdinaren merkataritzaren indarra erakusten dituena.

Museoko teknikariak kontatu duenez, Muskizen, tontortxo batean zegoen San Julian eliza txikiaren ondoan, burdina porturatzeko kaia zegoen. Elizako hegoaldeko atean, grabatu batzuk aurkitu zituzten. Itsasontziak agertzen dira grabatutako irudietan; zeinuak eta izenak ere ageri dira. Adierazpen artistikoak baino gehiago denboran irauteko mezuak izan zitezkeela diote adituek. Arreta ematen du marrazkien trazatu zuzenak, xehetasun tekniko zehatza erakusten duenak, itsasoko jendeak bakarrik ezagutu ohi dituen detaileekin eginak.

Irudien esanahiaz Marta Zabala Llanosek jaso du, museoaren webgunean, hainbat diziplinatako adituek ikertu dituztela, eta ‘grafito’ gisa sailkatu direla irudi horiek, «herri-irudikapen espontaneoak direlako; hori bai, denboran irauteko nolabaiteko bokazioarekin, ziur asko Elizako agintarien baimenik gabe eta, hasieran, xede horretarako erabiltzen ez zen leku batean -eliza bateko atean, alegia- eginak». Erantsi duenez, grafitoak «nolabaiteko transgresioa ezkutatzen du, nahiz eta kasu honetan tokiko eremuan eragin handia duten familien sinadurak ageri diren». Urkixo eta Llano abizenak agertzen dira irudi horietan, baita «zerbait ospatzeko ikurrak» ere.

Haize-orratzak eta haien esanahiak

Museoak, bestalde, haize-orratz bilduma ere du ikusgai; ikaztegia izan zenaren espazioan kokatuak, gehienak, Jose Pablo Arriagak sortutako lanak dira. Gero eta haize-orratz gutxiago dago inguruan, baina iraganeko elementu horretaz zer jakin ere badago. Santuak, oilarrak, irudi mitologikoek... eta antzeko elementuek esanahi zehatz bat zutelako; etxea babestea, esaterako.

Burdina fabrikatzeko espazioen zirrikituek beste elementu batzuk gordetzen dituzte. Idazmahai zahar bat dago makineria zaharraren ondoan. Horrek ere bere istoriotxoa du. «Bulegoa zen, hor liburuak uzten zituzten, eta astean behin, soldatak ordaintzen zituzten hemen. Astean behin, burdinolaren jabea edo administraria etortzen zen olagizonei soldatak ordaintzera. Liburu horietan, gainera, apuntatzen zuten ekoizpen prozesuan gastatutako minerala, baita egur-ikatza ere; batzuetan azken hori izaten zen-eta garestiena. Soldatak ordaintzeko, balantzan totxoak jarri eta ekoiztutako burdinaren arabera handiagoa edo txikiagoa zen olagizonen asteroko soldata», kontatu du Rubiok.

Antzinako istorio eta mekanismo ikusgarrien artean, El Pobalek beste hamaika jardueraren agertoki izaten da; iraganera bidaiatzeko aukera, paraje paregabean. •