INFO

Espedizioaren bigarren zatiari ekin dio EuskarAbenturak Gipuzkoan barrena

Jada 231 kilometro eginda, tartean etaparik luzeenak, eta Zeraineko herritarrek antolatutako afari herrikoiarekin indarrak hartuta, espedizioaren bigarren zatia hasi dute EuskarAbenturako parte hartzaileek, Gipuzkoan barrena.

EuskarAbenturako kide guztiak, San Adriango tunelean. (Joanes Basurto)

Gasteiz, Araia, Zerain eta Tolosa izan dira azken egunetan EuskarAbentuan izan dituzten helmugak. Horien artean, gainera, Izarra aurtengo geltoki berria izan dute; Otogoienetik Ganaltoko Gurutzeko gailurra gainditu eta bertatik Izarrara joan ziren. «Etapa polita» bezala definitu dute.

Edukiz gainezkako egunak izan direla esan dute: «Errekaleorreko bisita gidatua, AfroDance ikastaroa gorputz guztia ondo mugitzeko, Lur Errekondo eta Oihana Fernandez de Barrena harri jasotzaile eta aizkolarien gogoetal eta indarra, Aroa Arrizubieta eta Samu Rodriguezen bertso saioa, Viñasprerekin inprobisazio ariketa, Duplako kideen bisita sorpresa, edoeta familien bisita» nabarmendu dituzte.

Uztailaren 15a egun berezia izan zela «zalantzarik gabe» azaldu dute. Izan ere, espedizioaren erdia gainditu zuten astelehen honetan.

Horrez gain aipatu dute, JSan Adrianera igotzen ziren bitartean, Zeraingo herritarrak goizean goizetik aterpean bildu eta beraientzako afaria prestatu zutela: pasta entsalada, patata tortila, oilasko- hegalak, gazta… «Espedizioaren erdia ospatu eta aurrera jarraitzeko hauspoa izan zen, eta bihotzez eskertzen diogu Zeraingo herriari».

Asteartean Tolosara heldu zirela erantsi dute, eta Udalak bertan harrera egin zietela: Andu Martinez de Rituerto alkateak berak gazteak agurtu eta herria erakutsi zien.

Asteazken honetan, ordea, etaparik gabeko eguna dutenez, Tolosan gelditu dira, «Geruzak proiektua ezagutzen, Iñaki Artola pelotariarekin kirolaren etorkizunaz hausnartzen eta ‘Osasun sexuala eta erreprodukzioa’ tailerrarekin ikasten».

Ostegun honetan Oiartzunera autobusez joango dira eta bertatik gero Lesakara, Nafarroa Garaiko iparraldea ezagutzera.