INFO

Klimaren Aldeko Aliantzak herritarren kezka eta proposamenak bidali dizkie europarlamentariei

Klimaren Aldeko Aliantzako kideek, Greenpeace, Intermon Oxfam, Fridays For Future, Ekologistak Martxan eta Amnesty Internationalek, gutun bat bidali diete europarlamentariei, jasotako kezka eta proposamenekin. Helburua «inor atzean utziko ez duen trantsizio justu eta solidariorantz» joatea da.

Nekazari batek bere traktorea gidatzen du zentral nuklearrar baten aurrean. (Patrick Hertzog | AFP)

Nazioarteko koordinatutako jardunaldi baten baitan, erakunde sozial eta ekologistek hainbat ekintza egin zituzten Europako 10 herrialdetan baino gehiagotan. Ekimen honetan parte hartu duten eta Euskal Herrian lan egiten duten hainbat erakunde, hala nola Greenpeace, Intermon Oxfam, Fridays For Future, Ekologistak Martxan eta Amnesty International, Klimaren Aldeko Aliantza osatzen dutenak, kalera irten ziren herritarrei galdeketak egitera jakiteko ea zein ziren beraien proposamenak eta kezkak justizia klimatikoaren defentsaren inguruan.

Aipatu eragileek azaldu dutenez, «hiri bizigarriak eta kalitatezko zerbitzu publikoak lehenbailehen lortzeko, hasi berri den Europako zikloak eraldaketa sozialak, ekonomikoak eta politikoak bizkortu behar ditu».

Bilbon, esaterako, hautetsontzi bat jarri zuten herritarren esku, bertan Europako agintariei zuzendutako eskaerak, erreklamazioak edota kexak sar zitzaten. Era honetan lortu nahi izan zuten Europan aintzat har ditzaten herritarrek krisi ekosozialaren inguruan dituzten kezkak zein lehentasunak eta norbanakoek politiketan esku hartze gehiago izatea.

Ekintzaren antolatzaileen arabera, «Europar Batasuna behartuta dago erregai fosilen emisioak pixkanaka murriztera eta uztera; hori ez egiteak gure giza eskubide oinarrizkoenak urratzen ditu, baina prozesu horrek ezin ditu orain arte ezagutzen genituen eredu ekonomiko berak jarraitu, formula bidezkoagoak eta solidarioagoak bilatu behar ditugu».

Jasotako proposamenen artean, plastikoa erabilera bakarretik kentzea eta ontziak murriztea herritarren artean behin eta berriz agertzen den lehentasuna da, baita berdegune gehiago bultzatu eta ozeano garbiak bermatzeko beharra ere.

Energiarekin lotutako gaiei dagokienez, herritarrek argi dute gero eta beharrezkoagoa dela erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea, energia-kontsumoa minimizatu eta CO2 eta berotegi-efektuko gasak murriztuko dituzten politikekin.

Hori guztia, enpresak eta industriak kontrolatuz, haien jarduera ingurumenerako kaltegarria izan ez dadin. Lehen sektoreari eta elikadurari dagokienez, tokiko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alde egin behar da.

Jasotako proposamen horiekin guztiekin, europarlamentariei dei egiten diete klima-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketei berehala ekin diezaieten eta bilera bat egin dezaten aipatutako helburua lortzeko proposamenak helarazteko, «inor atzean utziko ez duen trantsizio justu eta solidarioa» lortze aldera.