INFO

Sare sozialetan idatzitako mezuengatik zigortutako bizilagunari babesa agertu diote Iturmendin

‘Adierazpen askatasuna defendatu!’ idatzita zuen pankartaren atzean, hainbat iturmendiar manifestazioa egin dute, Auzitegi Nazionalak 2.700 euroko isuna ordaintzera zigortu duen herrikideari babesa agertzera. Sare sozialetan idatzitako mezu batzuekin ETAren biktimak «umiliatu» zituela ebatzi du ANk.

Iturmendiko bizilagunek Faniri babesa adierazteko manifestazioa egin dute (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iturmendiko Fani bizilagunari 2.700 euroko isunarekin zigortu zuen Auzitegi Nazional espainiarrak sare sozialetan argitaratutako mezu batzuetan ETAren biktimak «umiliatu» zituela egotzita. Nafarroako udalerri honetako herritarrek, epaiarekin desados, manifestazioa egin dute larunbat honetan Faniri haien babesa adierazteko, ‘Errepresiorik ez! Adierazpen askatasuna defendatu!’ pankartaren atzean.

UPN alderdi politikoak jarritako salaketa baten ondorioz hasi zen Iturmendiko bizilagun honen aurkako prozesu judiziala. «Terrorismoa goratzea» egotzita, eta Fiskaltzak 2,5 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen eskaera onartu. Hala ere, Fiskaltzak sei hilabetera murriztu zuen espetxe eskaera eta, ondorioz, bi urteko espetxe zigorra –beraz, ez dute kartzeleratuko– eta 2.700 euroko zigorra ezarri dio auzitegiak. Asteartean izan zen epaiketa.

Horrez gain, kargu publikoa izateko 10 urteko inhabilitazioa ere ezarri diote. X sare sozialean egindako iruzkinetan, akusatuak adierazi zuen ETAk ez zuela bereizi gabeko atentaturik egiten, kontrara, Estatuko egituren bila zihoala.