INFO

Bainua debekatua da Lapurdiko hainbat hondartzatan ur kalitatea eskasa delako

Joan zen asteburuan Lapurdiko 16 hondartzatan bainua debekatu zuten uraren kalitatea eskasa zelako. Sei bat areatzatan bandera ubela jarria dago astelehen honetan. Biarritzeko Portu Zaharrean, berriz, ostreopsis alga azaldu da.

Uraren kalitate txarra adierazten duen bandera ubela, gaur, Angeluko Zaldun hondartzan. (Guillaume FAUVEAU)

Orotara 16 bat hondartzatan bainatzeko debekua ezarri zuten joan zen asteburuan Lapurdin. Kasu gehienetan uraren kalitate eskasak agindu zuen erabaki hori hartzea.

Biarritzen, gainera, azken urteotan dezente ugaldu den ostreopsis alga azaldu zen, egoera oraindik ere zailagoa bilakatuz.

Biarritzeko Portu Zaharrean uztailaren 20an eginiko azterketek erakutsi zuten ostreopsis itsas-belar toxikoaren presentzia. Azken urteotan behin baino gehiagotan agertu da alga hori euskal kostaldean.

Lapurdiko kasuan, kopuru handiagotan azaldu da Erromardia, Lafitenia, Zenitz eta aipaturiko Biarritzeko Portu Zaharreko hondartzetan.

Areatza horietan arreta egitea gomendatzen duten afixak daude. Hala ere, alga agertzen den tokietan bainua ez da debekatzen beti, baina osasun arriskuak direla eta hainbat neurri hartzea gomendatzen da, hala nola bainua hartu edota itsas kirolak egin ondoren dutxa bat hartzea.

Uraren kalitatea eskasa izanik, uztailaren 22an oraindik ere bainua debekatua dago Lapurdiko sei bat hondartzatan.

Bandera ubela jarrita

Gauzak horrela, bandera ubela eman dute astelehen honetan Ziburuko hondartzan, Donibane Lohizuneko Hondartza Handian, Bidarteko Uhabia hondartzan, Angeluko Zaldunen eta Barra hondartzetan, Kalilo aplikazioak jaso duen informazioaren arabera.

Denbora errealean hondartza guztietan ematen den egoeraren berri ematen du aipaturiko aplikazioak. Besteak beste, mareen ordutegiak, haizearen norabidea eta indarra, hondartza zaintzaren nondik-norakoak eta, bistan da, uraren kalitateari buruzko informazioak jaso ahal dituzte uda garaian Lapurdiko hondartzetara bertaratzen diren herritarrak baita itsasoko kirolak praktikatzen dituzten lagunek ere.

Gaur itxita dausen sei hondartza horiek alde batera utzita, Lapurdiko kostaldeko beste hondartzetan dagoen egoerari dagokionez, kasu gehienetan «arrisku mugatua edo markatua» adierazten duen bandera horia emana dute gaur.