INFO

AHT-a gelditu eta baliabideak tren sozialaren alde jartzeko eskatu du Sakanako EH Bilduk

Tren sozialaren aldeko proiektua sakonki aztertzeko eskatu du Sakanako EH Bilduk. Izan ere, azken egunetako informazioaren arabera, AHTaren ibilbidea zein izango den argi ez dagoela ondorioztatu du ezker soberanistak. Horren aurrean, baliabideak tren sozialaren alde jartzeko eskatu du.

AHTren kontra bizikletaz, Irurtzunen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azken egunotan, AHTk Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean izango lukeen konexioaren inguruan argitaratutako informazioaren aurrean, Sakanako EH Bilduk adierazi du Sakanako herritarren bizitzaz eta etorkizunaz «arinkeriaz» hitz egiten dutenek «zerbait ahaztu dutela»: «Bertako herritarrekin eta haiek instituzionalki ordezkatzen duten erakundeekin hitz egitea, iritzia jasotzea, eta erabakiak hartzeko aukeraz ematea hain zuzen».

AHTaren proiektua gelditu behar dela gaineratu dute, eta «baliabideak eta lan eskerga tren sozialaren alde» behar direla azpimarartu dute. «Alderdi eta instituzio batzuen kudeatzaileen sestra eta interesak alde batera utzi eta herritarren beharrei erantzungo dion trenaren aldeko apustu sendoa egitea» aldarrikatu du Sakanako EH Bilduk.

Sakanako EH Bilduren iritziz «inoiz baino argiago» geratu da trena nora joango den ez dakitela: «Ez dakite Kastejonetik behera zer egingo duten, edota Iruñetik gora zer pasatuko den. Berriz, guztiok dakigu ez duela merkantziarik garraiatuko, guztiok dakigun bezalaxe gure herriaren egituraketarako ez duela inongo ekarpen baikorrik ekarriko».

«Zentzuz jokatzeko» eskaera egin du ezke soberanistak, izan ere «proiektu horrekin tematzeak, dirua xahutzen jarraitzeak eta herritarren behar eta borondatearen gainetik ibiltzeak» justifikaziorik ez duela gaineratu dute. Horregatik, EH Bilduk, Sakanako herri gehienek adierazi zuten bezala, adierazi du bat egiten dutela tren soziala egiteko aurkeztu zen alternatiba sakonki aztertzearekin. «Beharko liratekeen egokipenak edo moldaketak egin, eta, gure bailarako ingurunea errespetatuz, gure herritarrentzat onura sozial eta ekonomikoa ekarriko lukeen alternatibaren alde egitearekin alegia», zehaztu du.