INFO

Euskal ordezkaritza oparoa, estatu arrotzen estalkipean

Euskal kirolak ordezkaritza zabala izango du Parisko Olinpiar Jokoetan, azken urteetako zabalena. Gainera, Parisen ikusiko diren 32 kiroletatik erdietan arituko da euskaldunen bat. «Sports Illustrated» argitalpenak Chourrauten brontzezko domina aurreikusten du.

Maialen Chourraut palista eta Xabi Echaniz entrenatzaileari Kontxan eginiko harreran, Rion urrezko domina irabazi ostean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Parisko Olinpiar Jokoetan aspaldiko euskal ordezkaritza zabal eta pluralena izango dugu. Orotara, 41 euskal herritar lehiatuko dira hitzordu olinpikoan. 44ra zabaldu daiteke zerrenda, Bibi Schulze (Alemanian jaioa, ama euskalduna duena), Virginia Diaz eta Esther Briz (Getxoko Club Raspas Arraunketa elkarteko arraunlariak) kontuan hartzen baditugu. Tokioko azken Jokoekin alderatzen badugu, bederatzi atleta gehiago izango dira Parisen, batzuk eskarmentu handikoak –bosgarren aldia da Chourrautentzat– eta beste batzuk estreinako aldia izango dutenak.

Kontuak kontu, euskal atletek estatu zapaltzaileen estalkipean lehiatu beharko dute, beste behin ere. Basque Team-ek, Lakuako Gobernuaren Fundazioa izaki, EAEko kirolariak babesten ditu (Parisera joango diren 18 euskaldun dira fundazio honen bekadunak) eta, nolabait, beraien azken iragarkietan saiatu dira euskal taldearen izaera eskaintzen zaleei. Nolanahi ere, arestian aipatu legez, askoz zabalagoa da euskal ordezkaritza eta hamaika momentu berezi eskainiko dituzte.

Zirrara olinpikoa lehendabiziko egunetik egongo da borborka. Hain zuzen ere, talde kirolak alde batera utzita, Maialen Chourraut palista izango baita Parisen debutatzen lehena. Palmares zinez miresgarria dauka Lasarte-Oriakoak –brontzea Londresen, urrea Rion eta zilarra Tokion– eta bere bosgarren hitzordu olinpikoan euskal kirolarien olinpoan sartu nahi du –dagoeneko ez badago–. Sports Illustrated hedabideak brontzezko domina irabaziko duela aurreikusten du, Jessica Fox eta Ricarda Funk-en atzetik (azken edizioetako  bere aurkari zuzenenak). Argitalpen espezialista honetan agertzen den euskal kirolari bakarra da, baina lasartearrek pisua kendu nahi dio horri, aurretik lortutakoari balioa eman eta «txarrenerako prestatzea» nahiago duela adierazita.

Olinpiar Jokoen bereizgarria da ezusteko asko ematen dituela, eta euskaldunek edukiko dute zer esanik lehiatzen diren edozein diziplinatan. Orotara, 17 kiroletan lehiatuko dira euskal herritarrak. Alegia, Parisen lehiatuko diren 32 kiroletatik erdietan baino gehiagotan izango ditugu euskaldunak. Guztien helburua eta ametsa domina bat kolkoratzea izango da. «Horretarako prestatzen ari gara eta horretara goaz», esan zuen Oier Ibarretxe boxeolariak NAIZi emandako elkarrizketan. Zerbait lortzeko ezinbestekoa da anbizioa izatea, galdakoztarraren ustetan, eta bere estreinaldia izanagatik ere, tinko eusten dio erronkari.

Izan ere, Olinpiar Jokoetarako txartela behin lortuta –lehendabiziko ametsa egia bihurtuta–, sabaia are gorago jartzea besterik ez dago. Ariane Torok ere debuta egingo du, judoan, eta esperientzia daukaten bi entrenatzaile ezin hobe izan ditu bidean: aita eta ama. Biak lehiatu ziren Atlanta 1996n eta amak, Yolanda Solerrek brontzea irabazi zuen. Urrea nahi du bere alabak –igandean, hilaren 28an, ariko  da dominen borrokan, 52 kilo azpikoan–.

Euskaldunen nagusitasuna

Miren Lazkano, Pau Echaniz eta Begoña Lazkanoren debuta ere izango da. Maialen Chourrauten itzalpean doaz hirurak, baina meritu nahikoa egin dute hor egoteko. Euskal piraguismoaren sasoi ona nabarmendu zuen Ander Elosegik hedabide honi emandako elkarrizketan. Hain zuzen ere, ur bizietako modalitateari dagokionez, Espainiako Federazioak hautatu dituen bost palistetatik hiru dira euskal herritarrak.

Are nagusitasun handiagoa dago surfean, Espainiarekin lehiatuko diren guztiak euskaldunak baitira: Andy Criere, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Nadia Erostarbe. Hirukote honi beste bat gehitu behar zaio, Joan Duru baionarra. Tokiora joateko zorian egon zen, baina sailkatze irizpide bereziek kanpoan utzi zuten. Aurten lortu du txartel olinpikoa eta Euskal Herriak ordezkaritza zabala izango du. Hain zuzen ere, Espainiako Kongresuak onartu zuen kirol-lege berriaren arabera, surf eta pilotako euskal selekzioen ofizialtasunerako bidea «erraztu» egin zen. Errealitatea da, Espainiakoen beto eskubideak indar handiagoa daukala eta ofizialtasunaren ortzi-mugak urrun jarraitzen duela.

Zirrara eragiten dutenak

Olinpiar Jokoen zirrarak goia jo ohi du igeriketan, gimnasian eta atletismoan, garaipenez gain markak hausteko plaza ederra izaten baita. Kirolzalea ez dena ere begiak iltzatuta uzten dute proba hauek. Abuztuaren 4ra arte zain egon beharko dugu lehen euskal herritarrak ekinean ikusteko, biak gainera aurrez aurre, Asier Martinez eta John Cabang, 110 metroko  hesidunetan. Bigarren hitzordu olinpikoa du Zizur Nagusikoak eta estreinakoa da Irurakoarentzat, jatorri filipinarra duen atletarentzat.

Gizartearen kultur aniztasunaren sinbolo dira, hain zuzen ere Parisen arituko diren euskal atletak. Cabang-ez gain, Tessy Ebosele luzerako jauziko kirolariaren eta Majida Maayoufen jatorria Afrikan baitago. Gasteizen bizi den gaztea Marokon jaio zen eta gurasoak nigeriarrak dira; maratoilariaren kasuan, Brarhan (Maroko) jaio eta hezia, hamarkada pasa daroa Agurainen bizitzen. Espainiako errekor berria ezarri zuen Valentziako maratoian eta Parisen lehen lerroan egotea espero da; azken egunean lehiatuko da, 10.00etan.

Majida Maayouf distantzia luzeko atletak Donostiako Ulia lasterketa irabazi zuen iaz. (Maialen ANDRES/FOKU)

Arabako alabekin jarraituta, Salma Solaunek osatutako laukotea domina bat lortzeko borrokatuko da gimnasia artistikoan –hiru domina irabazi zituzten Europako txapelketan– eta errepideko txirrindularitzan ere itxaropen handia egongo da, Oier Lazkano eta Alex Aranbururekin, Espainiako txapelketako azken bi txapeldunekin.

Klasikoak zein berriak

Parisko eszenatoki distiratsuan kirol klasiko zein berriek topo egingo dute, kirolari beterano eta gazteen ilusioak batuko dira. Ilusio horien jabeetako bat da Sebastien Guerrero baionarra. Uztail hasieran jakin zuen Olinpiar Jokoetarako sailkatuta zegoela. Duela 15 urtetik lehiatzen da gorengo mailan (Irungo San Martzialen entrenatzen da). Arrain-saltzailea da bera eta joan den urtean Europako txapelketan brontzea kolkoratu zuen. Parisen dominaren bat arrantzatzea espero du.

Ilusioa maila gorenean egongo da skate-an ere, Tokion estreinaldi olinpikoa izan zuen kirolean, hain zuzen ere. Lehen aldiz bi euskaldun lehiatuko dira: Naia Laso eta Alain Kortabitarte. Japoniako Jokoetan estreinatu zen 3x3 saskibaloia  ere, saskibaloi modalitate txikitua baina gune urbanoetan aski ezaguna egin dena. Gracia Alonso eta Hortenze Limousin izango ditugu bertan.

Gainontzean,  arraunean arituko dira Virgnia Diaz (Astilleron jaioa) eta Esther Briz (Aragoin jaioa), Getxoko bizilagunak eta Club Raspas Arraunketa taldeko arraunlariak. Golfean, bestalde, Jon Rahm eta Carlota Ciganda lehiatuko dira.

Talde-kirolei dagokienez, futbolean, emakume zein gizonezkoetan ordezkaritza zabala dago: Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia, Elene Lete (ordezkoa), Beñat Turrientes, Jon Pacheco eta Aimar Oroz. Eskubaloian lehiatuko dira Maitane Etxeberria, Lyndie Tchaptchet, Kauldi Odriozola, Imanol Garciandia eta Sergey Hernandez (ordezkoa); saskibaloian, Xabier Lopez Arostegi eta Dario Brizuela; ur poloan, Alberto Munarriz, Parisekoa bere hirugarren hitzordu olinpikoa duela; eta belar-hockeyan Rafa Vilallonga eta Jose “Chefo” Basterra.

Bihar, sugarra Parisera iristean, berpiztuko da euskal kirolari hauen kemena.