Neskak eta Blusak hasi dira Gasteizko Jaietarako beroketa lanetan
Santiago Egunez Neskek eta Blusek haien eguna ospatzen dute Gasteizen. Berakatzak, nekazari eta abeltzain azoka, txarangak, paseilloak... Askotariko egitarauaz gozatzeko aukera izan dute gaur gasteiztarrek.
Neskena eta Blusena da gaur Gasteiz, hiria hartu dute haien egunean. Jaien atarian musika eta askotariko jarduerak antolatu dituzte, hala nola, upel lasterketa. Eguraldia alde izan dute eta giro paregabean ospatu dute Santiago Eguna, ganadu feria eta berakatzekin. Aurten, 70 postutan baino gehiagotan saldu dituzte berakatzak, San Frantzisko aldapatik hasi eta Errege Atea kalera arte.
Goizean goiz hasi dira Neska eta Blusa kuadrillak kaleak girotzen. Lehenik eta behin Santa Isabel hilerrian zendutako kideei lore eskaintza egin eta ohorezko aurreskua dantzatu diete eta ostean txarangek lagunduta musikaz jantzi dute Gasteiz.
Egunerako prestatutako egitarauan upel lasterketa izan da jarduera garrantzitsuenetako bat. Zazpigarrenez edizioa baino ez da, aurretik egiten zen asto lasterketa ordezkatzeko hasi baitziren ekimenarekin, eta ezinbesteko bilakatu da. Aurten ere, zazpigarrenez, Basatiak kuadrilla izan da irabazle.
Kuadrillak eta berakatz saltzaileak ez dira izan gaur jaieguna izanagatik ere goizean goiz ibili diren bakarrak. Izan ere, Arabako abeltzain eta nekazariek feria egin dute unibertsitate kanpusaren inguruan.
Arratsaldean izan da Nesken eta Blusen paseilloa, joanekoa eta bueltakoa, eta azken honekin bukatu da haien eguna. Hori bai, egun gutxi falta dira berriz ere kaleak hartu ditzaten, datorren abuztuaren 4ean hasiko baitira Gasteizko Jaiak.