INFO

Beheko zulotik ihes egin, ondoren arraunean gozatzeko

Getariak, Ondarroak eta Isuntzak urteak daramatzate azpiko lehiatik ihesean. Oso bideratuta dute eginbehar hori; batez ere “Esperantza”-k eta “Antiguako Ama”-k. Larrañaga Getariako prestatzaileak, Errasti Ondarroakoak, eta "Sagua" Isuntzako patroiak esan dute «bakoitza merezi duen tokian dagoela».

Aurtengo Donostiako estropadan, bigarren txandan lehia betean Getaria, Ondarroa eta Lekittarra. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Talde gogorrak bezain burugogorrak» dira Getaria, Ondarroa eta Lekittarra. Urteak aurrera joan ahala, Eusko Label Ligako bigarren txandan sendotzen ari dira: lehenik behera begiratuz, azpiko lehia horretatik ihes egin, ondoren arraunean gozatzeko. Orain arte ondo joan zaie horrela, eta bide beretik jarraitu nahi dute Ion Larrañaga (Getaria, 1979) Getariako entrenatzaileak, Iñaki Errasti (Usurbil, 1979) Ondarroakoak eta Iñaki Goikoetxea “Sagua” (Lekeitio, 1979) Lekittarrako patroiak. Hiruren arteko solasaldia entzun nahi izanez gero, Marea Bizian saioko bosgarren atalean duzue osorik.

Aspaldian lehia bizian ibili dira hiru traineru horiek, Larrañagaren hitzetan: «Urteak daramatzagu azpiko lehiatik ihes egin nahian. Badakigu salto handia dugula erdiko edo beheko maila horretatik goiko lauzpabost horietara. Gure artean nahi baino alde txikiagoak ditugu, eta borroka handia egoten da bai txandan aurrean ibiltzeko, bai azkenak ibiltzeko ere».

Aldi berean, Getariako prestatzaileak adierazi du “Esperantza”-k «badaezpada» beti behera begiratu behar duela: «Herri txiki batetik, arraunlari gehienak bertakoak dira, eta boladak izaten dira. Batzuk gehiago aguantatzen dute, eta beste batzuek, gutxiago. Getariaren xedea beti da behetik ateratzea. Behean arraun egitea oso gogorra da, presio handia, egin nahia, eta azkenean zure arraunketatik ateratzen zara».

Errasti (Ondarroa): «Gauzak beti ez dira izaten zure mailaren arabera, baita aurkarien mailaren arabera ere. Horretan aurkarien mailak zeresana izan du»

 

Errastik azpimarratu du azken urteotan “Esperantza” traineruak saltoa eman duela, bai eta Isuntzak ere. Haren hitzetan, Getaria azken bi urteetan Ondarroa baino «koska bat gorago» ibili da, eta Isuntzak ere, aurreneko urteetan kanporaketak jokatzeko hautagaietako bat izan arren, jada urte batzuk daramatza «gehiago bigarren txandako ontzia izaten, lehenengokoa baino»: «Aurten ikusi da zein denboraldi hasiera egin duten. Kapazak izan dira Donostiarrari irabazteko Euskadiko Txapelketan, bai eta ligako estropada batean Donostiarrari bigarren txandan gailentzeko ere. Hiru klubek filosofia berdina dugu, eta burugogorrak gara».

Galiziako asteburuan, denetarik

Ondarroako entrenatzaileak esandakoaz gain, Isuntzako patroiak gehitu du Cabo ere beren profil antzekoa duen taldea dela, baina beharbada aurten «koskatxo bat beherago» daudela, eta horregatik sartu dela Lekittarra borroka horretan. Horrez gain, “Sagua”-k adierazi du Kaiku ez dela «zorterik izaten ari». Lemazainak nabarmendu du beraiek «pozik» daudela borroka horretan: «Helburua da kanporaketak eta beheko postu horiek ahalik arinen gainetik kentzea. Horrela, estropada bakoitzean gehiago disfrutatuko dugu, azken eta azken-aurreko postua saihesteko borroka oso gogorra izaten baita».

(Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Joan den asteburuko Galiziako estropadetatik puntu baliotsuak bildu zituzten Ondarroak eta Isuntzak. Errastiren taldeak Aguiñon bosgarren egin zuen, eta Boiron bigarren txanda irabazita, seigarren. Ligako zazpigarren postua sendotu dute, Getariarekiko tartea murriztuta, eta atzean dauden Lekittarra eta Caborekiko handituta. Osertz Aldayren taldea ere oso pozik itzuli zen Galiziatik, Aguiñon seigarren eginda, eta Boiron bederatzigarren. Bederatzigarren postuan dira sailkapenean. Caborekin puntuetan berdinduta jarraitzen dute, eta atzetik, Kaikurekiko zuloa handitu dute.

“Sagua”-k adierazi du TKE liga sortu zenean, lehen hiru urteetan, «kokoteko batzuekin» etortzen zirela Galiziatik, ez zihoazkien batere ondo hango estropadak. Azken urteetan, ordea, nahiko ondo etorri izan dira bertatik. «Coruñakoa hemengo itsasoaren antzeko estropada eremua da. Aguiñokoan ere itsasoa apur bat sumatzen zen. Gustura gaude Galiziako bi asteburuak kenduta».

Isuntzak ez ezik, Ondarroak ere gustura egin zuen Galiziatik bueltako bidaia. Ondarroako prestatzailearen hitzetan, «oso emaitza onak» izan dira, sentsazio aldetik ere «oso gustura» geratu dira, eta ezin dute gehiago eskatu: «Bigarren txandan sendotu nahi genuen, eta aste bukaera oso biribila izan da. Gainera, mutil guztiek arraun egiteko aukera izan dute, eta emaitzak ikusita, oso pozik etorri naiz».

'Sagua' (Isuntza): «Etxean aritzeak motibazio gehigarria eman ahal dizu edo alderantziz, presio edo gogo horrek gainezka egin»

“Esperantza” ontziak, baina, ezin du gauza bera esan. Getariarrek sailkapenean  seigarren jarraitzen badute ere, aurrekoek tartea handitu dute, eta atzekoek, berriz, txikitu. «Ez dira estropada onenak izan», adierazi du Larrañagak. Asteburu «kaskar bat» izan da, batez ere igandeko estropadarengatik. «Larunbateko estropadan gutxitik hobetzen joan ginen, eta azken luze on batekin zazpigarren amaitu genuen. Sentsazioak ez ziren oso txarrak izan. Igandean, alderantziz; lehen bi luzeak nahiko osoak egin genituen, baina hortik aurrera taldeak asko igarri zuen, eta sentsazio eskasak izan genituen». Hamargarren egin zuten, eta sentsazio «gazi-gozoekin» itzuli ziren etxera.

Maila «baxuagoa» azken ontziek

Joan den igandean, Boiroko estropadan, Ondarroak, Getariak eta Lekittarrak bigarren txandan arraun egin zuten, Caborekin batera, hein handi batean larunbatean Hondarribia ohorezko txandatik lehenera erori zelako. “Antiguako Ama”-k irabazi zuen txanda. Ondarroako prestatzaileak azaldu du hasieratik egoera «ezin hobean» aurkitu zirela, «estropadan aurrea hartuta»: «Horrek indar handia ematen dizu, baita arraun egitean lasaiago egoteko aukera ere. Estropada ona egin genuen jakinda kaleen artean aldea zegoela. Badakigu gure artean ez dagoela alde hori. Hala ere, ondo aprobetxatu genuen egoera».

Aldi berean, “Sagua”-k adierazi du joan den igandean «gustura» arraun egin zutela bigarren txandan. Haren ustez, banderarako lehian dauden lauzpabost traineruek baldintzatzen dute beste laurak txanda berean ez egotea. Lemazainari galdetuta ea taldeak arnasa hartu duen Kaikuk ziabogan egin zuen akatsaren ondoren, erantzun du baietz, eta zintzoki adierazi du “Bizkaitarra”-k asteburuan eman duen mailarako postu «txarrak» lortu dituela: «Larunbatean kontuan hartu behar da brankako arraun txikia lehen ziabogan apurtu zutela eta horrek euren estropada baldintzatu zuela. Igandean, berriz, ziaboga istriborretik hartuta huts egin zutenean, hortxe zegoen San Pedrorekin nahiko estu, baita Bueurekin ere. Uste dut borrokan sartuko zela, eta gurekin batera ibiliko zela denboretan, segundo bat atzetik edo gainetik».

Oskar Matxin EDESA | FOKU

Gaurko eta biharko estropadak jokatuta ligako lehen erdia osatuko dute traineruek. Denboraldia nola doan galdetuta, Errastik uste du azken postuetako maila «baxuagoa» dela, eta «errazagoa» izan dela hortik ateratzea: «Bueuk estropada guztietan batean izan ezik azkena egin du; San Pedro ia gehienetan azken bigarren izan da, eta azken urteetan hori ez zen gertatzen. Iaz jaitsitako Ares, adibidez, kapaz zen lehen txanda irabazteko. Gauzak beti ez dira izaten zure mailaren arabera, baita aurkarien mailaren arabera ere. Alde horretatik, aurten aurkarien mailak horretan zeresana izan du».

Ondarroako prestatzailearen iritzi bera du patroiak. Haren hitzetan, orain dela pare bat urte Lekittarrak aurtengo maila antzekoa zuen, baina hor talde asko zeuden: Ares, Santurtzi... gerora jaitsi egin direnak, eta «oso segundo gutxira zeudenak»: «Guk mailari eusteko kanporaketak jokatu genituenean, aurten dugun taldea izan genuen, baina asteburu pare batean dena kareletik joan zen, eta kanporaketak jokatu behar izan genituen».

«Errealitatezko liga»

Beheko traineruen maila baxuagoa dela esateaz gain, hirurek bat egin dute talde bakoitza merezimendu osoz dagoela dagoen tokian. «Oso errealitatezko liga bat da», adierazi du Getariako entrenatzaileak. Haren ustez, aurten ez da egon «mugimendu arrarorik», ez kalean «zorte txarrik» izan duenik, ez eta «deskalabru handirik» egon denik ere.

Larrañaga (Getaria): «Herri txiki batetik, arraunlari gehienak bertakoak dira, eta boladak izaten dira. Getariaren xedea beti da behetik ateratzea»

 

Larrañagaren bide beretik, Errastik ere azpimarratu du erakutsi dutenarekin «bakoitza gutxi gorabehera merezi duen tokian» dagoela: «Goitik Urdaibai nagusi, ondoren Zierbena, Hondarribiak agian ez du izan urte hasierarik onena, Donostiarra hasieran agian gehiago espero genuen, baina joan den asteburu ona egin du, Orio ondo ari da, eta merezimendu osoz dago ohorezko txandan. Atzetik, berriz, Bueu azken postuan garbi, San Pedro azken bigarren, eta iruditzen zait Kaiku gure atzetik ibili dela eta merezi duen tokian dagoela. Gainerakoak hortxe gaude erdialdean lasai».

Aldi berean, Isuntzako patroiak adierazi du sailkapenak erakusten duela «bakoitza merezi duen lekuan dagoela», eta beraiek sinatuko zuketela neguan orain dauden lekuan egotea.

Gaur Getxon, bihar Lekeition

Bizkaian arituko dira gaur eta bihar: Getxon eta Lekeition. “Sagua” Lekeitiokoa jokatzeko «desiratzen» dagoen arren, etxean jarduteak dakarren presioaz ohartarazi du: «Etxean aritzeak motibazio gehigarria eman ahal dizu edo alderantziz, presio edo gogo horrek gainezka egin. Lehen hori gertatzen zitzaigun: estropada ondo hasten genuen, baina ez genuen bukatzen nahi moduan. Azken urteetan emaitza onak eta sentsazio onak izan ditugu. Gustura amaitu dugu».

Jaizki FONTANEDA | FOKU

Hiru taldeak itsasokoak izanik, nahiago dute Lekeitioko estropada. Larrañagak adierazi du nahiago dituztela itsasoko estropadak eta irrikan daudela itsasoan aritzeko: «Aspaldian ez gara batere ondo moldatzen ibaiko ur gogorretan. Gogoa dugu itsasoan arraun egiteko, mugimendu pixka bat izateko».

Ondarroako prestatzaileak ere nahiago du Lekeitiokoa. Getxokoan iaz estropada ona egin zuten arren, azken urteetan bertako estropada eremua aldatu dutela-eta, ez du hain gustuko. Errastiren antzera, Isuntzako lemazainari Getxoko estropada eremua irakurtzea «zaila» egiten zaio: «Ez dakizu zein kale den, zer egin momentu bakoitzean... Bare-bare ere ez da egoten, eta itsasoaren arabera, olatuak ere badaki sartzen. Biharkoa nahiago dut, ea kaleen artean ez dagoen ezer arrarorik eta estropada on bat lehiatzerik dugun».