Kamala Harrisek kanpaina irauli du; zein du Etxe Zurirainoko bidea?
Munduko herrialderik boteretsueneko agintea lortzeko eztabaida erabat irauli da astebetean. Errepublikanoek konbentzioan erakutsitako indarra, batasuna eta Trumpekiko leialtasuna alde batean, eta demokraten etsipena eta nora eza, bestean. Kamala Harrisek erabateko bultzada eman dio kanpainari.
Ehun eta bat egun falta dira azaroaren 5erako, AEBetako hauteskunde-egunerako. Aski da azken zazpi egunetan gertatu dena aztertzea, datozen asteotako zurrunbiloak sumatzeko. Duela hilabete izan zen Bidenen gainbehera ekarri zuen eztabaida, Trumpekin izandakoa. Orain bi aste, oso gutxigatik irten zen bizirik presidente ohi errepublikanoa bere aurka egindako atentatutik. Duela zazpi egun, Alderdi Errepublikanoak konbentzioa amaitu berri zuen, Trump ofizialki hautagaia zen, JD Vance Ohioko senataria bidelagun hautatuta, eta alderdi guztia, berriki arte kritiko izan zitzaizkion asko ere bai tartean, bere aurrean makurtu zen. Demokraten aldetik, presidentetza izan arren, patuak Etxe Zuritik kanpo zirudien, Joe Biden presidentearen adina, egoera fisikoa eta gaitasun kognitiboa oztopo handiegiak zirelakoan aginteari eusteko.
Washingtonen gauden kazetariontzat, aspaldian gogoratzen den zirrara gutxieneko hauteskunde-kanpaina zirudien. 80 urteren bueltako bi gizon zuriren arteko lehia ez da inoren ilusioa pizteko modukoa. Kontuan izan, 2008an sekulako mugimendua izan zen lehen aldiz politikari beltz bat Etxe Zurira eramateko. Orduan piztutako ilusioa zail da laburbiltzen; poz hark etsipenak ere izan zituen ondorio, baina Washingtonen, Marylanden eta AEBetako hiri eta auzune beltzetan gau hartan zegoen poza izugarria izan zen. 2012an ere Obamak Etxe Zurian jarrai zezan bultza egin zuten. 2016an kanpaina itsusiagoa zen, primario demokratetan Bernie Sandersen taldearen aurka egondako joko zikinagatik, baina, era berean, lehen aldiz emakume bat komandante-buru izango zela zirudien. Duela lau urte, Trumpen amesgaiztoa amaitzeko indarra egin zuten herritar askok, eta 81 milioi boto eman zizkioten Joe Bideni.
Zerbaiten aldeko mugimendu horien aldean, bazirudien aurtengo kanpainan ilusio berririk ez eta eskuin muturra nola geldiarazi irudikatzera mugatuko zela. Datuak ikusita, alferrik, gainera. Baina Biden erretiratzeak fase berri batera eraman ditu Ameriketako Estatu Batuak. Historikoki oso gutxitan gertatu da presidente bat bere kabuz erretiratzea, are gehiago ekonomia oso ondo doanean. Azken asteotako eztabaiden ostean, orain errepublikanoak dira hautagai oso zahar bat dutenak. Nikki Haleyk esan zuen primario errepublikanoetan: 80 urte inguruko hautagaia kentzen duen lehen alderdia izango da irabazlea.
Bidenek hiruzpalau mitin eman ditu uztailean indarrik baduela erakusteko; ezin konparatu Kamala Harrisek astebetean kanpaina-ekitaldiei eman dien energiarekin. Aurkaririk gabe konbentziora begira, alderdiko buruzagi guztiek oniritzia eman diote; azkenak Barack eta Michelle Obama izan dira. Bernie Sanders da oraingoz falta den bakarra, demokraten kanpaina ezkerrera erakartzea negoziatu nahi duelako, oinarri progresisten mobilizazioa aktibatzeko. Edonola ere, egunotan sarritan esan du ahal duen guztia egingo duela Kamala Harris Etxe Zurira hel dadin.
Lehen inkestak onak izan dira, baina zenbait egun beharko dira oraindik zehatzago jakiteko. Batetik, egunotako zurrunbiloaren aparra pixka bat jaitsi behar delako, eta bestetik, datu orokorrek ez dutelako askorik balio, estaturik estatu aztertu ezean. Azken batean, presidentea hautatzeko ez da bozketa bat egiten, 50 baizik, bana estatu bakoitzeko (51, Washington hiriburuarekin).
Gehienek egintzat dute nola banatuko diren 43 estatu: 24k errepublikano bozkatuko dute eta 219 hautesle-boto izango ditu Trumpek, eta demokrata 19k eta Washington hiriburuak, 226 hautesle-boto emanez Harrisi. Etxe Zurira iristeko 270 hautesle-boto behar dira. Hortaz, lehia azken zazpi estatuetan dago: Bidenen kanpainak «Herdoilaren Gerriko»-ko hiru estatuetan jarria zuen fokua: Wisconsin, Michigan eta Pennsylvanian gailenduta, presidentetzari eutsiko diote, Trumpek beste laurak irabazita ere.
Historikoki demokrata bozkatu duten estatu industrial horietan, Pennsylvanian batez ere, Bidenek sintonia berezia izan ohi du. Ikusteko dago unibertsitate-ikasketarik gabeko gizon langile zurien segmentuan konexio hori lortzerik duen Harrisek; sindikatuekin oso harreman ona izan du Bidenek, eta greba-pikete batean ere parte hartu zuen Detroiten. Autogintzako behargin batzuek errezeloz hartu dituzte trantsizio ekologikorako egindako urratsak. Eta errepublikanoak hasi dira aipatzen Harrisek fracking-aren aurka historikoki izan duen jarrera, Pennsylvaniako Pittsburgh inguruko gas-konpainietako beharginak erakartzeko.
Trumpek eta Vancek sindikalista zuri batzuekin Detroiteko auzune beltzetan muturra sartzea lortu dute azken asteotan, horiek boto erabakigarriak direla baitakite. Haatik, Harrisek berehalako lotura lortzen du emakumeekin; haien botoa berebizikoa izan zen 2022ko agintaldi erdiko hauteskundeetarako, abortu-eskubide konstituzionala ezabatu eta urte erdira. Garaipen demokratarako bideetako bat mobilizazio feminista horri eustetik etorriko da. Ezin esan Bidenek ez duenik bere egin abortu-eskubidea, baina bere izaera katolikoak «abortu» hitza aipatzea ere zaildu egiten dio; Harrisek zuzen eta argi aipatzen du.
Hiru estatu industrialez gain, Harrisekin fokua gainerako lauretan ere jar dezaketelakoan daude demokratak: Ipar Carolina eta Georgia AEBetako Hegoaldeko estatu kontserbadoreak izatetik gero eta aurrerakoiago bihurtu dira, hiriguneei eta, batez ere, beltzen botoari esker.
Biden maite dute horietako askok –ezin ahaztu Obamaren presidenteorde izan zela–, baina Harrisen alde berriz ere mobilizazio erraldoia egiteko ilusioa berreskuratu dute 2020an antolatu ziren emakume beltzen taldeetako askok. Azken bi swing-stateak, Nevada eta Arizona, mendebaldean daude, Harrisen sorterriko Kaliforniatik hurbil, biztanle latino ugari dituzte, eta hori bere alde jartzen saiatuko da hautagai demokrata.
Errepublikanoek, berriz, immigrazioaren gaian Harrisek daukan ardura errepikatuko dute datozen lau hilabeteotan. Presidenteorde legez, Erdialdeko Amerikara bidaiatu izan du, eta horregatik, Bidenen gobernuari leporatzen dioten erantzukizuna Harrisengan jarri ohi dute (Texasko gobernadoreak migratzaileekin Washingtonera bidalitako zenbait autobusek Harrisen egoitzaren atarira eraman zituzten).
Hurrengo urratsa, oinarrizko mugimendu zabala antolatzea izango da Harrisentzat –azken egunotako diru-bilketa, ekarpen txikien bidez, oso seinale ona da Harrisentzat–. Horrekin batera, aurki bere tiket-eko «VPa» hautatu beharko du. Kinieletan estatu eta eskualde lehiatuenetako gobernadoreak dira nagusi (gizon zuriak gehienak, Michiganeko Gretchen Whitmer izan ezik). Laster jakingo dugu hori ere.