INFO

Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko zapi solidarioa Gasteiz, Bilbo eta Donostiako jaietan

Gernika-Palestina ekimenarekin, Gasteizko jaietan Palestinako genozidioa salatzeko eta dirua biltzeko zapia sortu dute. Bilboko konpartsa batzuk eta Donostiako Piratak ere ekimenera batu dira. Gainera, diseinua dohaintzan eman dute, erabiltzeko.

Jaietan salgai egongo den Palestinaren aldeko zapi solidarioa aurkeztu dute Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Gure hirian jaiak alaitasunez eta normaltasunez bizi diren bitartean, Palestinako herriak bizi duen egoera kritikoa da», Gasteizko Blusen eta Nesken ustez. Horregatik, koadrilletan banatuko den eta txosna eta taberna batzuetan salgai egongo den zapi solidarioa erabiliko da aldarrikapen gisa.

Astelehen honetan Gasteizen aurkeztu bada ere, Bilboko konpartsa batzuek eta Donostiako Piratek ere Gernika-Palestina dinamikarekin abiatutako ekimenarekin bat egin dute. Izan ere, uda osoan zehar Euskal Herrian izango diren jai guztietara zabaltzea beharrezkoa dela uste dute, aurkezpenean azaldu dutenez. Horretarako, diseinua erabiltzeko dohaintzan ematea erabaki dute.

Elkartasun ekimen honetan «herritar guztiek parte har dezaten» Blusen eta Nesken zenbait koadrillari guztira 2.000 zapi saldu dizkiete. Beste batzuk salgai egongo dira, Alde Zaharreko taberna batzuetan eta txosnetan. «Gasteiztar guztiak animatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera», adierazi dute.

Bildutako dirua Gernika-Palestina ekimenari bideratuko zaio. Abuztuaren 3an hasiko dira saltzen, Blusen eta Nesken Batzordeak antolatzen duen pankarta aurkezpenarekin batera, Aihotz plazan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera.

«Genozidioak ez ditu oporrak hartzen»

Gernika-Palestina herri ekimenaren izenean gaineratu dutenez, «genozidioak ez ditu oporrak hartzen», ezta «diplomazia sionistak» ere. Izan ere, nazioarteko komunitatea garatzen ari den diplomazia eta lanketa «oso eskasa» dela uste dute, eta horregatik aurkeztu dutena bezalako ekimenak beharrezkoak dira, «elkartasunaren sugarra mantentzea».

Horrekin batera, deitoratu dute «zoritxarrez» datorren ikasturtean zehar ere Palestinaren egoeraren aurkako ekimenak egiten jarraitu beharko dituztela. Jaietako ekimenarekin lortuko den bultzada ekonomikoaz poztu dira, baina «ziurrenik ez da izango nahikoa, baina Euskal Herrian elkartasuna garatzeko keinu berri bat izango da».

Bide batez, Gernika-Palestinak Israelen armen merkatuaren aurkako hitzarmena sinatu duela jakinarazi dute Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan.

«Horrelako ekimenek poztasunez betetzen gaituzte ikusten dugulako Euskal Herriak segitzen duela solidario izaten, segitzen duela Palestinako herriaren ondoan eta beharrezkoa den guztietan genoziodioa behin behingoz amaitzeko beharra aldarrikatuko du», esan dute.