INFO

Urumea protagonista izango da Donostiako Aste Nagusian

«Donostiaren ubidea, Donostiaren ardatza, ez da Kontxa bakarrik, Urumea ibaia ere bada» eta hortaz protagonismo berezia izango du aurtengo Aste Nagusian.

Donostiako Aste Nagusiaren aurkezpena egiteko prentsaurrekoa. (Andoni Canellada | FOKU)

Txomin Enean dagoen Urumeako pantalanean aurkeztu dute Aste Nagusiko egitaraua, adin zein gustu guztietarako ekintzak barne hartzen dituena, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Kultura zinegotzi Jon Insaustik. Alkateak aipatu duenez, «Urumea ibaiak protagonismo berezia izango du edizio honetan. Aurtengo programazioak, hainbat ekimen eta ekitaldi izango ditu ibaiaren baitan. Donostiaren ubidea, Donostiaren ardatza, ez da Kontxa bakarrik, Urumea ibaia ere bada».

Pertsona guztien nahiak asetzeko moduko ekintzak izango direla nabarmendu du, hala nola, suak, musika, sukaldaritza, herri kirolak, zaldi lasterketak, erraldoiak eta abar. Zentzu horretan, festak prestatzen aritu diren ia 4.000 langile eta boluntarioei esker ona adierazi die, «beraiek gabe ez litzatekeelako posible izango Aste Nagusia ospatzea».

Festa kirolzaleen hasiera

Pariseko 2024ko Joko Olinpikoak amaitu bezperan hasiko dira Donostiako festak. Hori dela eta, hirian kirol ekitaldi zaharrenetariko batek, Donostiako Klasikoak, data aldatu behar izan du, eta kanoikada bota baino ordu batzuk lehenago egingo da. «Orain Parisen Joko Olinpikoak burutzen ari diren honetan, guk ere kirol ikutua eman nahi izan diegu aurtengo Aste Nagusiaren hasierari», esan du Goiak.

Abuztuaren 10ean izango den kanoikadan Bera Bera eskubaloi taldea izango da protagonista nagusia, Udal korporazioarekin batera ‘Artillero’ abestuz festei hasiera emanez.

Urumea eta beste nobedade batzuk

Goiak eta Insaustik azpimarratu dute aurtengo festa hauetan Urumea ibaia protagonista izango dela. Horrez gain, Donostiako Klub Nautikoak berreskuratu egingo due historikoki antolatzen zuen regata eta, «geure mugitzeko moduei begiratuz», bizikleta festak beste urtebetez hartuko du Bulebarra.

Kursaal eremuak, eta zehatzago beheko terrazak, hartuko du Aste Nagusi honetako nobedade garrantzitsuenetako bat. Izan ere, parte hartze handia izaten duen gune bati beste kutsu bat eman nahi izan diote. Egunean zehar eskaintza gastronomikoa egoten jarraituko du, baina gauean musika egitaraua ez da bakarrik DJ-az osatuta egongo, baizik eta, bi DJ gau izango dira, bat hiri-musikakoa, beste bat reggaeari eskainia, beste bat pop-rockari, beste bat rap-reggaeari eta bi berbenari.

Eta gau guzti horietako protagonistak bertako artistak izango dira. Dant-tz point-a lekuz aldatuko da eta ordutegia zabalduko da. Iaz Urgullen ospatu ondoren, aurten Miramar Jauregiko lorategietan ospatuko da. Eta bertan, musika elektronikoaren eta abangoardiakoaren zaleek disfrutatzeko aukera izango dute. Jarduera hau abuztuaren 14an, eguerdiko 12.00etatik aurrera egingo da.

Gastronomikoa

Bestalde, festetako ikur nagusietako bat ‘Gastronomia lehiaketa’ izaten da, eta aurten sartuko duten berrikuntza ‘Begihandia bere tintan’ izango da, betiko paella, legatza eta marmitakoarekin batera, Katalunia Plazan.

Gainera, azken urteetako berrikuntzak aipatuz Jon Insaustik esan du, festak guztiontzat direla eta duela urte batzuk jarri zutela martxan autismoa duten pertsonentzako barraketan musika kentzea bi orduz eta «aurten ere ildo beretik jarraituko dugu, abuztuak 9, 14, 16 eta 18an ez da musikarik egongo 2 orduz barraketan autismoa duten pertsonek ere festez gozatu dezaten».

Festei amaiera zinematografikoa

Abuztuaren 17an ohikoak bihurtu diren Agur Erraldoia eta Agur Astea ekimenek agur esango diote Aste Nagusiari eta, jarraian, Portugalgo Oleirense su-etxearen eskutik ikuskizun piromusikalaz gozatzeko aukera egongo da.

Gainera, aurtengo su artifizialek berezitasun bat izango dute esan dute. Izan ere, oso ezagunak diren filmeetako soinu bandek lagunduta jaurtiko dira suak. Besteak beste, ‘Mision Imposible’, ‘Gladiator’ edo ‘La La Land’ filmeetako soinu bandak entzunez emango zaie amaiera festei.

Era berean, hiru euskal konpositoreren hiru soinu banda ere entzungo dira: Alberto Iglesiasen ‘Los Vestidos Desgarrados’; Javi Pezen ‘Aupa Etxebeste!’; eta Korrontziren ‘Maltzeta’. Ikuskizuna Donostiarentzat bereziki diseinatu da, eta abuztuaren 17an, larunbatean, 22.45ean hasiko da.