72 eguneko grebari amaiera eman diote Bilboko kiroldegietako mantentze lanetako langileek
ELAk iragarri duenez, Bilboko kiroldegietako mantentze lanetako langileen batzordea eta Giroa-Ansareo enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkartea akordio batera heldu dira asteazken honetan, eta 72 eguneko grebari amaiera eman diete.
Sindikatuaren, esanetan ekainean UGTk, LABek eta CCOOk sinatutako hitzarmen probintziala hobetuko dute hitzarmen propioarekin. Edukiei begira, KPI-tik gorako soldata igoerak izango direla nabarmendu du ELAk: 2023rako %5,7ko soldata igoera, 2024rako %3,6koa eta 2025, 2026, 2027 eta 2028rako KPI+%0,75eko eta %0,25eko igoera aldakorra. Gainera, indarrean dagoen bitartean, lanaldia murriztu egingo da, eta 1.592 ordura iritsiko dira 2027an.
Jaiegunetako plusa
Ohar batean ELAK azaldu duenez, langileen beste aldarrikapen nagusietako bat jaiegunetako plusa hobetzea zen; eta «hemendik aurrera, lan egindako jaiegun bakoitzeko 80 euro izango dira. Gainera, lan egindako igandeak lanegun arrunt gisa kobratzen zituzten langile horiek. Hemendik aurrera, 60 euro kobratuko dituzte 2024ean eta 2025ean, 70 euro 2026/27an eta 80 euro 2027an. Medikuarengana joan ahal izateko 16 ordu eta norberak hartzeko egun bat ere lortu dituzte».
ELAk «oso positibotzat» jo du greba amaitzeko lortutako akordioa. Gogoratu duenez, hitzarmen sektoriala sinatu zenetik, ELAk antolatuta, Derion, Bermeon, Elorrio, Sopelan eta Leioan lortu dira akordio propioak, baldintzak hobetzeko.
Era berean, gogoratu du Barakaldoko eta Bilboko kiroldegietako langileek gatazkan jarraitzen dutela baldintzak hobetzeko, Emtesport enpresaren erantzunaren zain.